Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko jangelako langileek greba eguna dute gaur

Urola Kostako Hitza 2010ko urt. 26a, 11:01

Sindikatu guztiek deituta, azpikontratatuta lanean ari diren langileek greba egingo dute gaur (asteartea) eta etzi

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain garraio eskubidea duten ikasleek soilik izango dute jangela zerbitzua

ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek antolatuta, gaur (urtarrilak 26, asteartea) eta etzi greba egingo dute ikastetxe publikoetako jantokietan azpikontratatuta lanean ari diren beharginak. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin eta patronalarekin akordiorik lortu ez dutenez, iazko apiriletik egiten duten laugarren protesta izango da aste honetakoa.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain garraio eskubidea duten ikasleei soilik emango diete zerbitzua; hau da, auzoetatik etortzen diren haurrei. Azkoitia-Azpeitia Urola Ikastola BHI-ko Azpeitiko ikastetxean ere greba egingo dutela iragarri dute.

Langileen aldarrikapenak

Langileek egiten dituzten eskariak honakoak dira: soldatak %5 igotzea; lanaldia 1,5 ordutik 2 ordutara luzatzea; egin beharreko lanak lanaldiaren barruan egin ahal izatea; etengabeko formakuntza ikastaroak, haurrak behar bezala zaintzeko eta tratatzeko; eta langile bakoitzak haur gutxiago izatea ardurapean, "kalitatezko zerbitzua emateko".