Hiribilduaren historiari buruzko erakusketa abian da

Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 22a, 12:02
Abesbatzak parrokian kantatu zuen. Beste argazkian, Julian Eizmendi eta Markel Olano inaugurazio ekitaldian.

Azpeitia 1310-2010 dokumentuen erakusketa martxoaren 6a arte egongo da ikusgai, udaletxeko beheko solairuan

Iraurgi haranetik hasi eta gaur egunera bitarteko prozesu historikoaren erakusgarri izan nahi du erakusketak

Larunbatean bete ziren 700 urte Gaztela eta Leongo errege Fernando IV.-ak Azpeitiari herri- gutuna eman ziola; 1310eko otsailaren 20an jaso zuen dokumentua Iraurgi Garmendiak. Data hori gogoan, larunbatean meza izan zen 11:00etan Soreasuko San Sebastian Parrokian, eta Julian Barrenetxea eta Parrokiako abesbatzek abestu zuten bertan. Gero, udaletxeko beheko solairuan Azpeitia 1310-2010 dokumentuen erakusketa zabaldu zuten. Ekitaldi horretan hartu zuten parte, besteak beste, Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun nagusiak, Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Kultura eta Euskara diputatuak eta Victor Herrero udaletxeko artxiboko arduradunak. Mezan jende gutxi izan zen, baina erakusketa zabaltzeko ekitaldian aretoa gainezka egon zen.

Artxiboz artxibo

Iraurgi haranetik hasi eta gaur egunera bitarteko prozesu historikoaren erakusgarri izan nahi du inauguratu berri duten erakusketak. Dokumentuak eta datuak bildu eta antolatzen Victor Herrero Azpeitiko udaletxeko artxiboaren arduradunak eta Juan Bautista Mendizabal azkoitiarrak jardun dute. Orain dela bi hilabete eta erdi hasi ziren lanean. "Urtemuga zetorrela-eta, ingurune honi buruz zerbait gordeta egon zitekeela uste genuen artxiboak arakatzen hasi ginen. Bilaketa zehatza egin dugu, bai artxibo publikoetan eta baita pribatuetan ere. Hala, Loiola familiako oinordekoak , Villahermosako dukeak, bilatu eta haien artxiboan egon gara, La Pedrolan, Zaragozako probintzian", azaldu du Herrerok. Dukeen artxiboan Azpeitiarekin lotutako hiru dokumentu aurkitu dituzte, argazkiak atera eta erakusketan jarri dituzte erakusgai. Horrez gainera, besteak beste, artxibo militarrean, Tolosan dagoen Gipuzkoako artxiboan eta Oñatiko protokoloen artxiboan ibili dira.

Iraurgiko harana; Garmendiatik Salvatierrara; Iraurgiko Salvatierratik Azpeitira; Soreasuko Monastegia; Iraurgiko jauntxoak; Azpeitia Gipuzkoako probintzian; eta Inazio, Azpeitiko patroia. Horren guztiaren berri eman nahi dute erakusketan jarritako panel eta dokumentuekin. "Herri gutuna eman aurretik, Iraurgiko harana bezala ezagutzen zen, eta garai hartan bai Baionako gotzaitegiak bai Iruñekoak haran horren gaineko interesa azaldu zuten; orduan bi eliza zeuden haranean: batetik Baldakoa eta bestetik Soreasuko monatesgia, eta tartean Haitz izeneko toki bat ere bazen", kontatu du Herrerok.

Iraurgi, Azpeitia eta Gipuzkoa

Iraurgiko Garmendiari (Azpeitia) herri-gutuna eman ziotenean, gunea hiritartzea ekarri zuen horrek. Herreroren esanetan, "gune horretan biztanleria pilatzen joan zen, eta herria garatzen joan zen, denboraren poderioz". Ondoren, Gipuzkoa probintzia sortuko zuten. "Orduan, Azpeitia Gipuzkoako lau hiriburuetako bat izatera igaro zen", azaldu du Herrerok.

Azpeitia eta Gipuzkoaren arteko lotura nabarmendu zuen Markel Olanok, ekitaldian. Hiribilduen sorrerak "harreman berria" eragin zutela esan zuen. "Guk ere egungo sistema politikoak hobetzen ahalegindu behar dugu, pixkanaka jendearen eta herriaren askatasuna bermatzeko". Urtemugak "lezioak berriro barneratzeko eta gure seme-alabei kultura hori transmititzeko, eta gure erakundeak eta sistema hobetzeko balio behar dute", esan du Olanok.

Gaur egunetik zazpi mende atzerako errepasoa martxoaren 6a arte egongo da ikusgai.

Erakusketa

Izenburua: Azpeitia 1310-2010 dokumentuen erakusketa.

Tokia: Udaletxeko beheko solairuko aretoan.

Datak: Martxoaren 6a arte dago zabalik.

Ordutegia: Astegunetan, 18:00etatik 20:00etara. Larunbat eta igandetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.