Baigera I-eko taberna asteazkenean irekiko dute guztiz eraberrituta

Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 22a, 13:02
Baigerako taberna itxita dagoen bitartean, erretiratuek lehen solairuan dute egoteko eta kafea hartzeko tokia

Udalaren Auzolan egitasmoan parte hartzen ari diren lagunek egin dituzte igeltserotzako eta margotzeko lanak

Era berean, lehiaketara atera dute Baigerako ileapaindegiaren kudeaketa

Baigera I eraikinaren sarreran eta tabernan hainbat eraberritze lan egin dituzte. Hori dela eta, azken egunetan taberna itxita egon da. Joan den astean irekitzea zuten aurreikusita, baina atzeratu egin dute inaugurazio eguna. Bihar arratsaldean taberna nola gelditu den ikusteko aukera izango dute herritarrek, 18:00etatik 20:00etara. Hala jakinarazi dute Udaleko ordezkariek. Era berean, asteazkenetik aurrera egongo da irekita eta martxan.

Bihar, gainera, bisitan joaten direnei mokadutxo bana eskainiko dietela jakinarazi dute Udalekoek. Taberna itxita egon den bitartean, erretiratuentzako leku bat prestatu du Udalak, Baigerako lehen solairuko aretoan. Han, kafea hartzeko makina ere izan dute.

Baigera I-eko taberna itxita egon den bitartean, hainbat berrikuntza egin dituzte bertan: besteak beste, sukaldeko argindarra eta ur azpiegiturak hobetu dituzte; sukaldearentzat leku gehiago egin dute; jangela sukaldetik manpara bidez bereizi dute; sarrerak hobetu dituzte; sabaiak eta hormak margotu dituzte; eta lehenengo pisuan gela bat atondu dute, besteren artean. Era berean, Aitonena zioen kartel zaharra ordezkatu egin dute; Baigera izena jartzen du kartel berrian.

Igeltserotzako lanak eta margolanak Udalaren Auzolan programan ibili diren zortzi lagunek egin dituzte.

Gainera, asteazkenetik aurrera Baigera I-eko taberna beste lagun batzuk gobernatuko dute. Udalak azaldu duenez, "hiru dira, hirurak emakumeak, ostalaritzan esperientzia handia dutenak, eta egitasmo berriari gogo handiz heldu diotenak".

Bestalde, Osamen zentroa (buruko gaixotasunak dituztenei laguntza psikosoziala eskaini eta bideratzen duen zentroa) dagoeneko Baigera I-eko bigarren solairuan dago.

Ileapaindegia lehiaketara

Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik adierazi dutenez, Baigerako ileapaindegiaren kudeaketa lehiaketara atera dute. Interesa dutenek, oinarriak udaletxeko iragarki taulan edota Azpeitiko Udalaren webgunean (www.azpeitia.net) dituzte eskuragai.