Jose Ignacio Acosta: "Epe luzeko proiektua da hau, belaunaldi berriei ere begira dagoena"

Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 24a, 09:02

Azpeitiko Iraurgi Saskibaloi Taldeak senior mailako emakumezkoen taldea atera du hainbat urte geroago

Maila ona erakusten ari dira beren lehen denboraldian

1992az geroztik senior emakumezkoen talderik ez du izan Iraurgi Saskibaloi Taldeak. Aurten, ordea, hutsunea betetzeko abagunea sortu zaie: behar adina jokalari bildu eta Zurt Taberna ISB taldea osatu du elkarteak, Jose Ignacio Acostaren (Donostia, 1978) gidaritzapean. Acosta 2006an iritsi zen Iraurgira, eta kadete mailako neskak entrenatzeari ekin zion garai hartan. Orduan hartu zituen neska haiek senior mailako jokalariak dira gaur egun. Elkarrekin egin dute ibilbidea, madarikazioa apurtuz. «Oso talde gaztea dugu. Jokalari zaharrenak 25 urte ditu eta gainerakoak, berriz, 19 urtetik beherakoak dira. Gazteak izanagatik, maila aparta erakusten ari dira kantxa barruan», nabarmendu du entrenatzaileak. Arrazoirik ez zaio falta. Izan ere, denboraldi txukuna osatzen ari dira eta mailaz igotzearekin egiten dute amets.

Emakumezkoen senior taldea ateratzeko une aproposena izan al da aurtengoa?

Baietz esango nuke. Nahiz eta taldea sortzeko adina jokalari izan, senior mailara iristerakoan askok utzi egiten dute, ikasketak direla medio. Alde horretatik, jakin bagenekien taldea osatzeko zailtasunak izan genitzakela, baina azkenean posible izan da. Hasierako taldeko kideetatik %80k saskibaloian jokatzen jarraitu dute, Azpeititik gertu osatzen ari direlako ikasketak, eta ondorioz, senior mailako taldea osatu ahal izan dugu aspaldiko partez. Joan diren urteetan aipatutako arazoa izan dugu eta horrek taldea sortzea eragotzi du.

1992tik emakume seniorren talderik ez da izan herrian...

1992az geroztik? Bada, ez nekien ezer. Elkartera iritsi nintzenean, jakin banekien goiko mailetan emakumezkoen talderik ez zegoela Azpeitian, baita egoera horretan bazeramala hainbat urte ere. Egia esan, bi belaunaldi lehenagokoekin hasi ziren berriro ere sustatzen emakumezkoen saskibaloia. Hala eta guztiz ere, ez nekien horrenbeste urteko gabezia egon zenik.

Zu iritsi zinenean gaztetxo horiek gorengo mailara eramatea izan al zen xedea? Epe luzeko proiektua izan al da?

Ez genuen halakorik planteatu hasiera hartan. Helburua ez zen etorkizunean senior mailako talde bat osatzea, inolaz ere. Kadete mailan hartu nituenean, talde polita osatzen zuten eta gure hasierako asmoa etorkizunera begira jokalariak trebatzea izan zen, seniorretan taldea osatuko ote genuen pentsatu gabe. Epe luzeko proiektua da, bai, baina egungo belaunaldiari begira baino gehiago, etorkizuneko belaunaldiei begira. Elkarteak senior taldea ateratzeko beharra ikusi du, baina ez gaur egungo jokalarientzako bakarrik, baita ondoren etorriko direnentzako ere. Hain zuzen ere, beheko mailetatik hasi gara lanean eta urtero bizpahiru jokalari igotzen badira, seniorren taldearen jarraipena bermatuta egongo litzateke.

Oinarrietatik lan egitea al da elkartearen erronka?

Hori da! Seniorretara iritsi aurretik beheko mailetan hainbat talde izan nahi ditugu. Oraingo jokalariak, esaterako, ez dira seniorretara iritsi diren lehenak. Aurretik, bi belaunaldi lehenagokoak ere iritsi ziren, baina ikasketengatik edo beste arrazoi batzuengatik jarraitu ezinik geratu ziren. Aurten, zorionez, senior mailako bost jokalarirekin eta junior mailako hiru jokalarirekin taldea sortzeko aukera izan dugu.

Iraurgi bezalako elkarte batek behar zuen edo, behintzat, ezinbestekoa zuen emakumezkoen talde bat edukitzea. Ez al duzu uste? Azken finean, gizonezkoak EBA liga bezalako maila garrantzitsu batean lehiatzen dira.

Gizonezkoetan EBA ligan eta Autonomika mailan talde bana du Iraurgik eta, egia esan, emakumezkoetan ere behar zuen ordezkaritza bat. Beheko mailetatik lan egin dugu eta seniorretan jokatzeko adina maila duen jokalari ditugu taldean. Egun senior mailan lehiatzen den taldea Euskadiko ligetan lehiatu da azpiko mailetan zebilenean. Beraz, orain arte elite mailan jokatu duela esan genezake. Orain seniorretan gabiltza, baina ez dugu horretara bakarrik mugatu nahi. Mailaz igotzen ahalegindu nahi dugu. Izan ere, gaur egungo mailan baretuko bagina, erakargarritasuna galdu dezake ondoren datozen jokalarientzat.

Gipuzkoako ligan jokatzen ari zarete eta, une honetan, liderrak zarete. Estreinako denboraldia izateko ezin hobeto ateratzen ari zaizkizu gauzak, ezta?

Nahiz eta estropezu txikiren bat eduki, mementoz gauzak dezente ongi ateratzen ari zaizkigu. Gure multzoko talde askok baina maila hobea dugula erakutsi dugu lehen fasean. Dena dela, kategoria honetan eskarmentu handia duten jokalari asko dabiltza eta norgehiagokak bi partidetara jokatzen direnez, neurketa arriskutsuak izaten dira. Zailtasunak zailtasun, lehen fasea bukatu berri dugu eta gure multzoko txapeldunak izan gara. Orain, berriz, bigarren faseari ekin diogu multzo bakoitzeko lehen lau taldeok; bigarren fase honetan, gainera, lehen fasean nor bere multzoko taldeen aurka jokatutako partidak kontuan hartzen dira automatikoki. Beraz, beste multzokoen aurka bakarrik lehiatzen ari gara une hauetan. Fase honetan lehen lau postuetan sailkatzen direnak final four izeneko kanporaketa jokatuko dute elkarren aurka, maiatzaren hasieran. Bertan txapeldun izanez gero, Euskadiko bigarren mailara igoko ginateke.

Helburua mailaz igotzea da ala kanporaketara iristearekin konformatzen zarete?

Gure nahia mailaz igotzea da, noski, baina ez nuke esango hasieratik finkatu dugun helburua denik. Taldea egonkortzea, lan txukuna egitea, eskarmentua jasotzea eta beheko mailetatik jokalariak igotzen joatea da gure asmoa. Hala ere, senior emakumezkoen mailan esperientzia pixka bat badaukat entrenatzaile bezala, eta nik uste dut igoera gertu izango dugula. Oraindik talde batzuen aurka jokatu behar dugu, baina hor goialdean kokatzeko aukerak ditugu; final four kanporaketa jokatzeko ziur, eta hortik aurrera ikusiko dugu.

Animo faltarik ez duzue izango!

Denboraldi txukuna osatzen ari gara, eta taldea gogotsu dago. Gauzak biribil ateratzen ari dira, eta jokalariak beraiek ere sinesten ari dira. Uste dut hasieratik irten garela konfiantzaz kantxara, eta partida zailetan dotore erreakzionatu dugunez, taldea hazi egin da. Horrek bere arriskua ere badu; talde txikien aurka eroso jartzea, alegia. Hori gehiago landu behar dugu, baina ez dugu arazorik izango.