Ainhoa Goenaga: "Berriro joango nintzateke Espainiako Txapelketara"

Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 25a, 09:02
Ainhoa Goenaga igerilekuan. (Nerea Uranga)

Aurten Espainiako Txapelketan hartuko du parte beste bi taldekiderekin batera

Kutxa Txapelketako finalean bost domina lortu zituzten Izarraitzekoek

Izarraitz Igeri Elkartea 92 igerilarik osatzen dute egun. Horietako hiruk dagoeneko Euskadiko Txapelketan parte hartzeko txartela lortu dute. Ainhoa Goenagak orain bi aste Azpeitian 400 metroan egindako denborari esker Euskadikoa jokatzeko aukera eskuratu zuen. Joan den asteburuan, Ainitze Odriozolak eta Jon Odriozolak ere aukera hori lortu zuten; bi horiek ere 400 metro librean egindako denborari esker. Euskadikoan lan ona egin eta Espainiako Txapelketa jokatzeko aukera izan nahiko luke Goenagak (Azpeitia, 1997).

Noiz hasi zinen igeriketan?

Lehenengo mailan-edo hasi nintzen, baina utzita ere egon nintzen, eta gero berriro heldu nion.

Zergatik igeriketa?

Lehen futbolean ere ibili nintzen, eta orain igeriketaz gain saskibaloia ere egiten dut; Iraurgin nabil infantiletan. Igeriketa egiten dut uretan ibiltzea gustuko dudalako. Saskibaloian taldean aritzen gara eta denon artean adostu beharra dago. Igerian, ordea, askotan norberak bere lana egin behar du, eta badakit seguru zer egitera joan behar dudan.

Baina igeriketa kirol gogorra da, ezta? Asko entrenatu behar izaten al duzue?

Egunero pare bat ordu entrenatzen dugu. Gero, etxera neka-neka eginda iristen gara. Ordutegia ikasteko-eta ere ez da oso ona. Azterketa garaietan-eta lehenago joan ohi naiz entrenatzera, ordutegia moldatuz.

Igeriketan zein estilo duzu gustukoen?

Bizkarrean aritzen naiz gustura.

Eta gutxiena?

Tximeleta, akaso. Egia esan tximeleta ere gustatzen zait, baina gehien nekatzen duen estiloa da.

Azpeitiko azkenengo proban 400 metroan egindako denboragatik Euskadiko Txapelketa jokatzeko aukera izango duzu.

Ez da ezustekoa izan, espero nuen Euskadikorako sailkatzeko denbora egitea. Entrenatzaileak esaten zidan erraz egingo nuela, eta erraz egin nuen. Baina, hasieran azkarregi hasi nintzen...400 metroan egindakoari esker lortu dut Euskadikorako sailkatzea, baina gero han beste proba batzutan, motzagoetan, parte hartzeko aukera dut.

Luzean edo motzean zer duzu gustukoen?

Ezin esan. Aurreko denboraldian ehun metroan-eta ibili nintzen. Gero, Espainiko Txapelketan 200 metroan lehiatu eta oso gustura gelditu nintzen. Orain, 400 metro egin ditut, baina luzera horretan ez naiz ia inoiz lehiatu.

Espainiako Txapelketan ere ibili zara, orduan.

Bai, aurreko denboraldian. Ondo ibili ginen, baina maila altuagoa zegoen. Aurten ere gustura joango nintzateke Espainiako txapelketara.

Bost domina

Izarraitz Igeri Elkartekoek bost domina lortu dituzte Kutxako Igeriketako Txapelketako finaleanurrezko bat eta brontzezko lau. Zarauztarrek, berriz, bat ekarri zuten etxera. Igandean Legazpin jokatu zuten.Urrezko domina, alebin mailako Jon Aizpuruk lortu zuen 50 metro bularrean. Oihana eta Ainnoa Goenagak 50 metro bizkarrean, Luke Kortak 50 metro bularrean, eta, Jon Odriozolak 50 metro librean lortu zituzten brontzeak. Taldeka seigarren egin zuten infantil mailakoek.

Larunbatean, berriz, Gipuzkoako Neguko II. Saria jokatu zen. Orduan ere lan ona egin zuten Azpeitiko igerilariek: Ainitze Odriozolak bi lehen postu lortu zituen, 400 metro librean eta 100 metro librean. Naiara Perezek 200 metro bularrean lehen postua eskuratu zuen eta 100 metro tximeletan hirugarrena. Maider Etxezabalek, berriz, bi bigarren postu egin zituen.