Bihar jokatuko dute Erniarraitz Sariketako bigarren kanporaketa

Uztarria.eus 2010ko ots. 25a, 12:02

Azkoitiko Kultur Etxean izango da, 22:00etan hasita

Sei bertsolarik hartuko dute parte kanporaketan eta Josu Oiartzabal Xenpelar azpetiarra izango da tartean

Erniarraitz Sariketako lehen kanporaketa pasa den ostiralean jokatu zen Azpeitian. Alaia Martin oiartzuarrak irabazi zuen, eta beraz, martxoaren 12an Gaztetxean jokatuko den finalerako txartela lortu zuen. Beste bost bertsolarien izenak jakiteko daude oraindik.

Ostiral honetan (bihar) bigarren kanporaketa jokatuko dute Azkoitiko Kultur Etxean, 22:00etan hasita. Sei bertsolari ariko dira oholtza gainean; Hodei Iruretagoiena, Mikel Olaizola, Mikel Artola, Maialen Valverde, Eneritz Artetxe eta Josu Oiarzabal Xenpelar azpeitiarra. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Leire Ostolazak jardungo du.

Datorren ostiralean, martxoaren 6an, hirugarren eta azken kanporaketa jokatuko dute Errezilen. Kanporaketa guztietan sei bertsolari ariko dira.

Erniarraitz Bertsozale Elkarteak hamar urte bete ditu aurten, eta horren baitan Bertso Asteaz gainera V.Erniarraitz Sariketa antolatu ditu.