Inazio Uriaren hilketa leporatzen dioten ustezko etakidea atxilotu dute Frantzian

Uztarria.eus 2010ko ots. 28a, 14:02

Beñat Aginagalde Cahan herrian atzeman dute, gaur (igandea)

Altuna y Uriako enpresaburua 2008ko abenduaren 3an hil zuen ETAk, Loiolan, tiroz

Azken albistea (martxoak 1, 13:15): Uria familia, "lasaituta"

Inazio Uria azpeitiar enpresaburua hil izana leporatzen dioten ustezko etakidea atxilotu du gaur (igandea) Frantziako Poliziak: Beñat Aginagalde Ugartemendia (Hernani, 1984). Herrialdearen iparraldean atzeman dute, Cahan herrian, Normandian.

Ibon Gogeaskoetxea eta Gregorio Jimenez ere atxilotu dituzte, Aginagalderekin batera. Poliziak dio izen faltsuarekin alokatuta zeukaten etxean atzeman dituela, Guardia Zibilarekin elkarlanean, eta hiru pistola zeuzkatela, lehergaiak egiteko materiala, dokumentazio faltsua, dirua...

2008ko abenduaren 3an hil zuen ETAk Uria, Loiolan, tiroz. Altuna y Uria Azpeitiko enpresako arduradunetakoa zen hura eta 71 urte zeuzkan.

Poliziak Aginagalderi Isaias Carrasco Arrasateko PSE-EEko zinegotzi ohia hil izana ere egozten dio —2008ko martxoan hil zuen ETAk, tiroz, Arrasaten—.

Azken albistea (martxoak 1, 13:15). Uria familiaren adierazpena

Inazio Uriaren familiak adierazpena igorri du zenbait komunikabidetara, eta "lasaituta" daudela dio Beñat Aginagalde ustezko etakidearen atxiloketa dela-eta.

Azken atxiloketekin "pozik" agertu da Uria familia, "bereziki" Aginagalderenarekin, euren "senar eta aitaren ustezko hiltzailea" delako. "Gure minak hor segitu eta zauriak irekita jarraitu arren, atxiloketa hauek eta gure aitaren hiltzailea kartzelan egongo dela jakiteak lasaitu egiten gaitu", diote Uriatarrek. Era berean, atzoko atxiloketetan parte hartu zuten poliziei "babesik zintzoena eta esker ona" adierazi die Inazio Uria zenaren familiak.