Unai Frantzesenak Ze Esatek! taldearekin lehen diskoa kaleratu du

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 9a, 10:03
Ze esatek! taldeko bost kide atzo Donostian. Eskubitik bigarrena da Unai Frantzesena azpeitiarra. (Nerea Lizarralde- Irutxuloko Hitza)

Musikan esperientzia handia duten hamar musikarik sortu zuten taldea, duela urtebete inguru

Diskoak taldearen izen berdina dauka disko berriak; Ze esatek!

Ze Esatek! taldea hamar lagunek osatzen dute; musika arloan esperientzia handia duten hamar musikarik. Tartean, Unai Frantzesena azpeitiarra dago; bateria jotzeaz arduratzen da, hain zuzen ere. Urtebete inguru da taldea sortu dutela, eta joan den astean Ze Esatek! izenburudun diskoa kaleratu zuten. Taldearen lehen diskoa.

Musika talde askotan ibilitako jendea biltzen du taldeak: Nuke, Harlax, Skunk, Trikizio, The Txortains, Kepa Junkera... Unai Frantzesena berak ere musikari dagokionean eskarmentu handia du, besteak beste honako taldeetan jardundakoa baita: Signakulum Virginitatis, Mesias Berriak, 12 Tribu, Trikizio eta Kepa Junkera. Egun, Azpeitiko Musika Bandako zuzendaria da. "Estilo askotan ibili naiz: bandarekin musika klasikoagoan, eta besteetan, dantzagarriagoak, mugituagoak, egin izan ditut", dio Frantzesenak www.lapikue.net webgunean.

Festarako festa

Ze Esatek! taldearen lana horrelakoxea da, dantzagarria. Reggae, ska eta rock estiloko hamahiru abesti motz bildu dituzte, izan ere; festa girorako egindakoak denak. Hala esan dute taldekideek diskoaren aurkezpenean: "Ondo pasatzen dugu jotzen, oinarrizko erritmo eta armoniak dituzten abestiekin. Do, fa, sol filosofiakoak gara: kantu errazak, politak eta sarkorrak jotzen ditugu".

Festazaleak izanik, festarako musika egiten dutela nabarmendu dute Ze esatek! taldekoek diskoa aurkezterakoan: "Hasieratik garbi genuen gurea festa zela. Gaur egungo musikaren baitan guk ez dugu ezer asmatu. Festazaleak eta parrandazaleak gara, eta hori abestien konposaketetan eta oholtza gainean dugun jarreran antzematen da". Jotzen ondo pasatzen dutela azaldu dute musika taldeko kideek.

Urtebetean 50 kontzertu

Duela urtebete inguru sortu zuten Ze Esatek! taldea. Baina, dagoeneko 50 kontzertu inguru eman dituzte, Euskal Herrian eta Katalunian, besteak beste.

Kontzertuak jotzen jardun ondoren, euren lanaren zati bat diskoan jaso dute orain. "Diskoa neurri handi batean promoziorako bidea da. Kontzertuak emateko bidea da; geure burua ezagutarazteko bidea, alegia", esan dio Frantzesenak Azpeitiko Kultur Mahaiako webguneari (www.lapikue.net).

Diskoa Baga Biga diskoetxearekin kaleratu dute Ze Esatek! taldekoek. Hazparnen (Lapurdi) grabatu zuten, Paxkal Etxepare teknikari eta Ikus taldeko gitarra-jotzailearen laguntzarekin. Gero, Bordeleko Globe Audio Studioan egin zuten masterizazioa. Baga Biga diskoetxeko Ritxi Aizpuruk diskoaren aurkezpenean azaldu duenez, "diskoaren grabazioan zuzeneko espirituari" eutsi nahi izan diote. Ongi pasatzeko musika egiten dutela dio Aizpuruk: "Oso talde hedonista da. Beti jaia eta jaia".

Diskoa aurkezteko kontzertua otsailaren bukaeran egin zuten Donostiako Dokan. Baina diskoa aurkeztu ondoren ere hainbat kontzertu eman eta beste batzuk hitzartuta dituzte. Joan den asteburuan Zaldibiako antzokian eta Zaldibarko gaztetxean jo zuen Ze Esatek!-ek. Larunbatean, berriz, Ondarruko Kafe Antzokian (Bizkaia) joko du Vendetta taldearekin batera, eta hilaren 19an Deustuko (Bizkaia) jaietan ariko dira.

DISKOA

Taldea. Ze Esatek!

Izenburua. Ze Esatek!

Argitaletxea. Baga Biga.

Abestiak. Hamahiru abesti jaso dituzte: Amets bustiak, Kantuz eskertu, Anabasa, Monotonia, Basque Funk Scream, Maria graziaz betea, Zu gabe, Dirue, Ekar ditzagun gogora, Beti zutik, Gauaren erregina, Jakinagatik eta Ze esatek!

Estiloa. Reggae, ska eta rock estiloko abestiak.

Taldekideak. Vierbu (gitarra), Julen Valderrama (gitarra eta ahotsa), Unai Frantzesena (bateria), Antton Albizu (tronpeta), Alexander Arrieta (saxofoia), Frank Lopepe (tronboia), Unai Arzelus (baxua), Xabier Arakama (trikitixa eta txalaparta), Mikel Albisu (ahotsa eta txalaparta) eta Jabier Rodil (ahotsa).