Loiolako sanjosetako biathloia larunbatean jokatuko da

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 9a, 15:03

Biathloia 16:30ean hasiko da Loiolan

Izena lasterketa hasi aurretik eman behar da

Loiolatxo Elkarteko Festa Batzordeak antolatuta, IX. San Jose Sari Nagusia Mendi Biatloia jokatuko dute larunbat honetan. 16:30ean hasiko da lasterketa, Loiolako Gogartetxearen aurretik, eta parte-hartzaileek hamar kilometro bizikletan eta lau kilometro lasterka egin beharko dituzte.

Loiolako biatloian parte hartzeko izena lasterketaren egunean bertan eman behar da Loiolan, irteerako gunean, Gogartetxearen aurrean; antolatzaileak, 16:00etan hasiko dira izenak hartzen. Parte hartzeko hamar euro ordaindu behar dira. Parte-hartzaileek dortsalarekin batera, lasterketako elastiko bat ere jasoko dute oroigarri moduan.

Mendi biatloia bizikletako probarekin hasiko dute. Hamar kilometro egin beharko dituzte bizikletarekin. Loiolako inguruetako bost kilometroko ibilbide bati bi itzuli eman beharko dizkiote. "Ibilbide polita" dela diote antolatzaileek: "Errepidez egin beharreko zatia ibilbidearen %30 da, eta autoengandik ondo babestuta egoten da, Udaltzaingoak emandako laguntzari esker".

Mendi bizikletako saioa bukatu ondoren korrikako lau kilometrotako jarduna izango dute probako parte-hartzaileek. Kasu honetan, kilometro bateko ibilbide bati lau itzuli eman beharko dizkiote.

Proba bukatutakoan, bizikletak garbitzeko gune bat aukeran izango dute parte-hartzaileek. "Azpeitiko udal igerilekuan dutxa hartzeko aukera ere izango dute", diote Loiolako biatloiaren antola- tzaileek.

Sari banaketa, berriz, Loiolatxo Elkartean egingo dute. Han, parte hartuko duten guztientzako mokadua izango dute prest: "Indarrak berritzeko salda, eta haragi eta txorizo egosia jarriko ditugu. Horri guztiari laguntzeko, txotxetik sagardoa edateko aukera ere bai", diote Loiolatxo Elkarteko Festa Batzordekoek.

LarraƱagak lau txapel

Iaz, 32 parte-hartzaile izan zituen Loiolako biatloiak. Orduko probako irabazlea Martin Berrizbeitia gaztea izan zen; 16 urte zituen aretxabaletarrak biatloia irabazi zuenean. 46:56 denbora eginda nagusitu zen. Haren atzetik, bigarren postuan, Xabat Manzisidor azpeitiarrak egin zuen 47:40 denborarekin.

Iaz Mikel LarraƱaga azkoitiarrak ez zuen parte hartu Loiolako sanjosetako biatloian, baina bera da proba urte gehienetan irabazi duen parte-hartzailea. 2005, 2006, 2007, eta 2008 urteetakoak berak irabazi zituen eta, 2008an, 44:46 denborarekin bukatu zuen proba.

Webgunea martxan

Loiolako Loiolatxo Elkarteko Festa Batzordeak webgune berria egin eta martxan jarri du. Interneteko atariaren helbidea www.loiolakojaiak.com da. Bertan, Loiolako San Jose jaiei buruzko informazioa gehitu dute. Horrez gainera, sanjoseen aurretik antolatu ohi duten Mendi Biatloiko argazki bildumak ere eskegi dituzte.

Loiolako Festa Batzordekoen esanetan, mendi biatloiko parte-hartzaile batzuen eskariz animatu dira webgunea egitera. "Mendi biatloira kanpoko jende asko etortzen da parte hartzera, eta haiek askotan galdetzen ziguten proban ateratako argazkiak gero non ikus zitzaketen. Hala, inguruan bagenuen webguneetan aditua den lagun bat, eta berak egin du", diote Loiolako Festa Batzordekoek.

Loiolako festetako aspaldiko argazki bilduma jarri dute www.loiolakojaiak.com webgunean; oilar-jokoak, herri kirolak... ikusi daitezke irudietan. Horrez gainera, azken bi urteetako mendi biatloietako irudi bildumak ere jarri dituzte webgunean, eta baita festen inguruan proposamenak egiteko inkesta bat ere. Jakinarazi dutenez, webgunea batik bat Loiolako festen ingurukoa izango da.