Pausoz pauso neurtutako bidea

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2010ko mar. 10a, 12:03
Joan den urtean Azkoitian izan zen Haurren Ibilaldi Neurtua. (Urola Kostako Hitza)

Ibilaldi neurtura joateko autobusa jarri du Lagun Onak M.B-k

Bihar izango da izena emateko azken eguna

Urola Kosta mailako Haur Ibilaldi Neurtua izango da datorren igandean, Zumaian. Hori dela eta Azpeitiko Lagun Onak M.B-k autobusa antolatu du Zumaiara joateko. 08:15ean jarri du hitzordua herriko plazan; izena eman nahi dutenek elkartean bertan egin dezakete, bihar bitartean. Autobusek Estazioko industriagunean izango dute aparkalekua.

Eskola Kirolaren baitan, mendizaletasuna gaztetxoen artean sustatzeko ekimena da eta urtero- urtero Gipuzkoa osoan antolatzen dute martxoaren erdialdean, hainbat zonaldetan banatuta. Zonalde horietako bat Urola Kosta eskualdea da, eta herriz herri txandaka antolatzen da. Aurten Zumaiak hartu du lekukoa eta Inda Mendi elkarteari tokatu zaio antolatzea; iaz Azkoitian izan zen eta duela bi urte Zarautzen.

Azken urteetako joera ikusita, 700 haur inguru elkartzen dira gutxi gorabehera ekimenean, eta aurten ere, eguraldiak laguntzen badu, aipatutako kopuruetatik gertu ibiliko direla aurreikusten dute antolatzaileek. Edonola ere, boladak izaten direla azaldu du Inda Mendiko kide IƱaki Aldalurrek: "Inoiz ez da jakiten zehatzmehatz zenbat lagun animatuko den. Eguraldiak asko baldintzatzen du halako ibilaldietan, eta gorabehera handiak izan ditzake".

Irteera Ondartxo plazatik egingo dute parte-hartzaileek, 08:30ak eta 09:00ak bitartean. Bertan, hiru, lau edo bost lagunetako taldeak osatu eta antolatzaileen aurrean fitxa bete ondoren, ibilbideari ekingo diote. "Ibilbidea aldatzen saiatzen gara Ibilaldi Neurtua antolatzea tokatzen zaigun bakoitzean. Ibilbidea berritzen ahalegindu bagara ere, zati batzuk berak izango dira. Zumaian errepidea nagusi dugu gune askotan, eta nahitanahiez zati batzuk errepikatu egin behar izan ditugu. Azken finean, errepidea saihesteko eta, hala, parte-hartzaileen segurtasuna bermatzeko. Oro har, ibilbide oso polita prestau dugu. Eguraldi ona eginez gero, sekulako gozamena da", dio Aldalurrek.

Ibilbide luzea eta laburra

Eskola Kiroleko arauen arabera, ibilaldiak bi ibilbide izango ditu; bata, ibilbide luzea, 11,9 kilometrokoa, haur koskorrei zuzendua, eta bestea, ibilbide laburra, 8,6 kilometrokoa, haur txikientzat. Bata edo bestea aukeratu, eskualdeko gaztetxoek Zumaia eta bere ingurua ezagutzeko aukera ezin hobe izango dute igandean.

Taldetxoak Ondartxo plazatik Algorrira abiatuko dira, eta handik Andika errekara, Pikotera, Ohiztora eta Elorrixara, hurrenez hurren. Elorrixan, taldeak banatu egingo dituzte: ibilbide laburra aukeratu dutenak Galarretako atsedenlekura joango dira; luzea egin behar dutenak, aldiz, Arantza aldera jarraituko dute, Sorasutik pasa, berriro Elorrixatik igaro eta Galarretako atsedenlekura iritsi arte.

Galarretan, parte-hartzaile guztiei hamaiketakoa banatuko diete Inda Mendi elkarteko kideek; hau da, salda beroa, mokadutxoa eta edaria. Sabela ondo bete eta arnasa berritu ondoren, ibilaldiaren azken txanpari ekingo diete Zumaiako norabidean. Horrela, Hirubide, Andika eta Agerre pasako dituzte eta, jarraian, Amesmendi aldera joko dute, Foronda kultur etxetik beheko plazara jaitsi arte. Zumaiako herrigunean, jada, Erribera kalea hartu eta San Juan iturrirantz abiatuko dira, Parrokiko plazatxotik Ondartxo plazara heldu eta ibilaldiari amaiera emateko. Gainera, ibilbidea bukatzen duten gaztetxoak ez dira esku hutsik itzuliko etxera, guztiek oparitxoa eta agiria jasoko baitute oroigarri gisa.