Gure eskubideen alde
Iker Iparragirre (Euskal preso politikoa)
|
Politika |
Artikulua
2010-03-11 10:03
Bois D'Arcyko espetxetik ari natzaizue idazten. Paris aldeko paraje honetatik. Jakingo duzuenez, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak 2005. urtean hasitako borrokaldia indartzea erabaki du urte honen hasieran hasita. Asko dira borrokaldia indartzeko arrazoiak, asko baitira etengabe jasan behar izaten ditugun erasoak, eskubide urraketak, umilazioak eta abarrak. Gu giltzapetuta edukitzea nahikoa ez eta, gure senitarteko eta lagunekin modu berean jarraitzen dute, muturreko egoeretara iritsiz.
Zapalkuntza mota ororen aurrean bi aukera egon ohi dira. Makurtzea da bata, geure burua gutxietsiz zapaltzailea ardi larruz jaztea. Beldurrari men egin eta zapaltzailearen zerbitzuko bihurtzea. Zapaltzailearen esanetara jarri eta gure herrikideak baztertzea, gure nortasuna ukatzea.
Baina bada beste aukera bat ere; zapalkuntza orori aurre egitea. Guk hau aukeratu dugu, zapalkuntzari eta errepresioari aurre egiteko. Gogorra da, ezin uka, baina gure nortasuna mantentzen jarraitzeko modu bakarra da. Aurre egiteko moduak asko dira, baina erantzun orok du prezioa. Zapaltzailearen zigorra, errepresioa, alegia.
Mila aldiz errepikatutako gezurrak egi bihurtzen dituzte: Zapaltzen gaituzten mandatariek erantzunei eraso deituz, bahiketei atxiloketa, torturei informazioa, zigorrari justizia eta errepresioan oinarriturik bizi dugun salbuespen egoerari bakea deitzen diote.
Haiek ezarritako bidetik irten daitekeen edonor begiko hartzen dute, hormigoi hotzeko blokeetara joateko mehatxatzen dute uneoro. Garai batean "sorgin" omen ziren haiekin egin zuten bezala.
Ez gara makurtzen ordea. Badakigu gure borrokak duintasuna duela oinarri. Zapalkuntzari men ez egitea aukera posible bat dela erakusten dugu uneoro.
Euskal Herriaren eta euskal herritarron eskubideak onartuko dituen eskenatokia lortzea gure esku dago. Azken urteotako borroka ez baita alferrikakoa izan. Amnistia eta autodeterminazioaren bidean ireki dugun prozesu demokratikoari bultzada bat ematen ari garela badakigu.
Ezin ahaztu, hemen espetxean, oinarri oinarrizko eskubideak urratuta ditugula. Eta horren aurrean hau aldarrikatzen dugu:
- Larritasunez gaixo diren presoak, aska ditzatela. 6 kide daude egoera larri horretan, baina ezin ahaztu beste 9 kide espetxetik atera dituzten arren, zaintzapeko "askatasunean" daudela.
- Kondena beteta duten presoak aska ditzatela. Herriko lagun bat aurkitzen da 64 kideren artean; Paterra. (20 urte luze pasa egin ditu)
- 3/4 (E.E.) edo 2/3 (E.F.) beteak dituzten presoak aska ditzatela. Egoera honetan 170 kide daude.
- Isolamendu eta bakartze egoeran dauden presoak beste kideekin elkar ditzatela.
- Euskal Presoak Euskal Herrian bildu gaitzatela.
Urte hasieran ekindako bidetik, borrokaldiari lotuz eta goiko aldarrikapenekin bat eginez, martxoan Espainia eta Frantziako zenbait espetxetan ekimen batzuk burutuko ditugu.
Gehiago luzatu gabe, espetxean gauden herriko kide guztion partez zorionak emateko aprobetxatu nahiko nuke. Zorionak, kolektiboaren aldarrikapenekin bat eginez, ekimen desberdinetan parte hartzen ari zareten herritar guztioi eta batez ere, asteburuetako baraualdietan parte hartzen ari zareten gazte kuadriloi, ekimen eta baraualdien berri zuen bitartez jasotzen baitugu.
Amnistia eta autodeterminazioa!
Erantzunak
| 2010-03-11
Zorionak Iker, benetan textu aproposa iruditzen zait herritarren ezjakintasuna asetzeko.
Cubako Zapatarekin notizia guztiak betetzen dituzten bitartean hango "eskubide eza" azalaratzeko, etxeko oinarrizko eskubideen urraketa ezkutatzen saiatzen dira beraien aurpegia garbitzeko.
Benetan lotsagarria aipaturiko 5 puntu horiek bermatzeko egin beharreko lanak, oraindik eta lotsagarriagoa zuen egoera txalotzen duten "demokrata" hipokritak. Oraindik aterako dira hemendik herriko "faxista" "demokratak" guzti hori merezi duzuela oihukatzen.... hiltzaileak deitzen... preso politikoak zaretela ukatzen.... guzti hauek eskubideen errespetuan oinarrituriko diskurtsoan noski.
Ez dago ikusi nahi ez duena baino itxuagorik. Zuk aargi utzi duzu, nahi duenak ikus dezala.
| 2010-03-11
Edozein zigortuk merezi duen besarkada bat aurrenik, hire herritik eta zuen eskubideen defentsan daramazuen borrokan jarraitzeko animoak. Zoritxarrez espetxeratu orok ez dute horrelako barne antolaketarik ez kanpo antolaketa eta elkartasunik gure herrian.
Argitu beharrekoa ikusten diat ordea, gutako norbanako bakoitzak egunerokoan ditugun zapaltzaileak, gutako bakoitzak ditugun menpekotasunak oso ezberdinak direla eta era desberninean eragiten digula bakoitzari. Horietako bat besterik ez dela egungo kointura politikoa eta estatuen antolaketa, eta beste mila zapaltzaile baditugula kointura politikoa edozein eratakoa izanda ere. Denok borrokatzen gaituk egunero, bakoitza bere gaitusunaren arabera, aske izanik bere borroka moldeak hautatu eta nola jardun erabakitzeko. Promotoreenganako menpekotasuna, bankueki, drogekiko, kapitalismoarekiko edo globalizazioarekiko, batzuk aipatzearren. Kointura politiko aldaketa batek inolaz aldatuko ez dituenak. Ezpain izeneko estatu batetik euskal izeneko batera, nahiz lurralde ezberdina hartu, menpekotasun asko bere horretan izango liratekeela uste dugun asko da gure herrian.
Denok nahi diagu besteren elkartasuna gure borrokan, baina jasotzen duguna eskertuz eta ematen ez digunari baztertzaile deitu gabe ari gaituk. Denok bihur bait gaitezke zapaldu edo zapaltzaile.
Ez dago zapaltzaile ororen aurka ari denik, denok bait gaituk batzutan zapaltzaile eta bestetan zapaldu. Besteren beldurrak onartuz, jasotzen diren elkartasunak eskertuz eta jasotzen ez ditugunean errespetatuz. Gure borrokan soilik itsutu gabe, etsai bakarra, borroka era bakarra, zapaltzaile bakarra ez baizik, bakoitzak bereak ditugula onartuz
Guztiok nahiko bait genuke jasotzen duzuen elkartasuna bakoitzaren eguneroko borokan. Animo!
| 2010-03-11
Bai, Espainiako eta Frantziako estatuek hau egingo balute:
- Larritasunez gaixo diren presoak askatu. (6 preso daude hala)
- Kondena beteta duten presoak askatu. (64 preso)
- Zigorren 3/4 edo 2/3 beteak dituzten presoak askatu. (170 preso)
- Isolamendu eta bakartze egoeran dauden presoak beste kideekin elkartu.
- Euskal presoak Euskal Herriko kartzeletan bildu.
Espainiako estatuak hau egingo balu:
- Egiteke dauden edo epaia emateke dauden epaiketa politikoak eten edo bukatu.
- Epai politikoengatik kartzelan dauden presoak askatu.
- Legez kanpo edo baliogabe dauden erakunde politiko ez-armatuak legeztatu.
ETAk hau egingo balu:
- Geratu erabat.
Ez al geundeke askoz hobeto bake ta konponbiderako bidea hasteko?
| 2010-03-11
Barkatu, <Parot> idatzi nahi nuen.
| 2010-03-11
Hasteko, besarkada handi bat zuri Iker eta euskal presoen kolektiboari.
Latza benetan zuek bizi duzuen egoera, baina miresgarria oztopo guztiei aurre eginez aurrera eramaten ari zareten borroka,
Hemen argi dago legea aplikatzerakoan euskal preso politikoekin krudelkeriaz jokatzen dutela.<Parrot doktrina>, isolamenduak, dispertsioa, gaixorik dauden presoak bizi duten egoera eta abar luze bat.
Beste batzuekin oso desberdin jokatzen dute, adibide gisa, egun hauetan jakin dugu Angel Berrueta okina hil zuten hiltzaileak, Valeriano de la Peña polizia, 20 urteko zigorra ezarri ziotena, eta bere semea 15 urteko kondena aplikatu ziotena, espetxetik kalera ateratzen direla baimenekin. Eta horrela hainbat adibide. Orduan, hemen demokrazia dagoela esatea gehiegikeria iruditzen zait.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!



Oztopoak oztopo zuei babes guztia ematen jarraituko dugu maite zaituztegulako. Hori puskatuko duen harresirik ez dute asmatu oraindik.
Besarkada bat euskal preso guztiei