Joxe Mari Iriondo: "Euskara erabili izan dut beti arma bezala"

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 22a, 10:03
Joxe Mari Iriondo elkarrizketako une batean. (Onintza Lete Arrieta)

Kazetari lanarekin uztartu izan du beti euskararekiko konpromisoa Iriondok, eta hori hala, ohorezko euskaltzain izendatuko dute hilaren 26an

"Prentsan, herri aldizkariena da borroka interesgarrienetariko bat, dirurik izaten badu"

Urtarrilaren erdialdera joan zen Txilera Joxe Mari Iriondo (Azpeitia, 1938) senideak bisitatzera, urtero egin ohi duen bezala. Eta han zegoela esan zion Andres Urrutia euskaltzainburuak bera ohorezko euskaltzain izendatzea proposatu zutela, beste lagun talde batekin batera. Iriondo euskaltzain urgazle zen 1976. urtetik, eta pozik onartu zuen proposamena kazetari, gai-jartzaile, irrati esatari eta telebista aurkezle eta zuzendari izandako azpeitiarrak. Hala, datorren ostiralean jasoko du diploma Donostian. Gaur egun, ofizialki erretiratuta dagoen arren, euskararen eta euskalgintzaren alde lanean jarraitzen du bere apurra jarriz, 1961 urtean Loiola Irratian hasi zenez geroztik etengabe egin duen moduan. Euskararen alorrean aurrera begiratzeko, aurrena atzera luze begiratu du elkarrizketan.

Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu nahi zaitu. Ederrak izango da horrelako berria jasotzea, ezta?

Bai. Gainerakoei otsailaren 26an banatu zizkieten diplomak baina ni Txilen nintzen eta ezin izan nuen ekitaldian parte hartu. Ohorezko euskaltzain izendatzeak ilusio nabarmena egin dit. Alde batetik, Euskaltzaindia delako Euskal Herri osoa hartzen duen erakunde bakarrenetakoa eta, bestetik, euskara erabili izan dudalako beti arma bezala. Askotan esaten didate ea zergatik ez dudan castellano-z idazten, baina hizkuntza horretan nik baino hobeto egiten duen jende asko dago. Gainera, euskarak behar gehiago du eta nire benetako ama hizkuntza ere euskara da. Ohorezko euskaltzain izendatuta, ohorea neuretzat izan da. Martxoaren 26an jasoko dut diploma; Xabier Letek ere ez zuen jaso, eta espero dut nirekin batera izango dela egun horretan.

Euskara da zure arma, diozu. 1961ean Loiola Irratian hasi zinenetik erretiratu bitartean, kazetaritza, eta euskaraz, egin duzu.

Betitik izan naiz euskaltzalea eta, euskara hizkuntza bezala ez ezik, euskara politika zer zen eskolan, ikasketen bidez, jakin nuen. Gure etxean inoiz ez zen politikaz hitz egin, izan ere. Horrela kontzientziatu ginen, eskolan, euskara irakasgai gisara ematen ziguten eskolekin, izan genituen irakasle bikainei esker eta ostegunetan jolastorduan pasiotarrek (ikastetxe erlijiosoan ikasi bainuen) jartzen zizkiguten euskal kantekin.

22 urtez egin zenuen lan Loiola Irratian. Hura izan zen hasiera, eta euskara nabarmen bultzatu zenuen handik.

1961eko abuztuaren 28an joan nintzen irratira, eta handik segituan hasi nintzen lanean, kontabilitate lanak egiten. Laster, ordea, gidoiak eta kazetari lanak egitera pasatu nintzen. Frankismo garaia izan arren, han hiriburuetako irratietan baino askatasun gehiago genuela konturatu nintzen, eta orduko zuzendari Juan Lekuonak hala esan zidan: "Egin ezazu nahi duzuna, baina ni zailtasunetan sartu gabe". Horrela hasi nintzen, eta oso gustuko lana izan nuen. Euskara hedabideetarako hizkuntza ez zela esan izan zuten beti, baina han ohartu nintzen hori ez zela hala; euskararen ezgaitasuna gure ezgaitasuna da, ez da hizkuntzarena. Hizkuntzak ematen du zuk ematen diozun guztia.

Besteak beste, irratian gaztelaniaz egiten zituzten programak euskaraz egiten hasi zinen zu.

Gogoan dut larunbatetan Beti Jai izeneko saio bat egiten zutela, gaztelaniaz. Lekuonari esan nion euskarazko izena zeraman saio hura zergatik egiten zen gazteleraz, eta ez euskaraz, eta hark hala esan zidan: "Ah! gai baldin bazara, hasi". Eta, hala hasi nintzen, hura euskaraz egiten. Nik astero antzezlan bat idazten nuen, eta bost lagunen artean antzezten genuen gero, efektu eta guzti. Horretaz gain, astero bertsolariren batek zazpi -zortzi bertso prestatzen eta abesten zituen saiorako.

Bestetik, iluntzero errosarioa errezatzen zen irratitik, euskaraz, baina letaniak latinez izaten ziren. Haiek ere euskaraz egiten hasi ginen halako batean.

Zu eta zure garaikoak izan zineten euskarazko kazetaritzaren bidea egiten aurrenetarikoak. Jabetzen al zineten horretaz?

Bagenekien hasiera bat zela, eta gainera kontzienteki egin nahi genuen hori. Nire anaiarekin Azpeitiko lantegi batean lan egiten zuen nuarbetar batek abixua eman zion behin niretzat: "Euskerie ta txorakeyek utzi, eta fabrika juteko lanea, handik enitzela biziko ta". Hori nire aukera zela erantzuteko esan nion anaiari. Nik segitu egin nuen, nahi nuelako. Ez genekien bazterra joko genuen ala ez, baina beti ikara horrekin genbiltzan. Eta, 1965 urtean, Manuel Fraga Iribarnek (Francoren Informazio eta Turismo ministroa) irratia itxi egin zigun, urtebetez. Gero berriz zabaldu genuen. 5.000 bazkide bildu genituen; irratiaren alde agertu eta, gainera, hilero bost duro ordaintzeko prest zeuden. Horri esker, jesuitek ikusi zuten eskaera bazegoela eta aurrera atera genuen irratia. Beti geunden berriz noiz itxiko ote ziguten; beti zer gertatuko zen ikara horrekin. Gero, ikararen erotika horrekin bizitzen ohitu egin ginen.

Euskarazko telebistaren hastapenetan ere, hor izan zinen zu.

Oraindik Franco bizi zela, 1975eko urriaren 20an eman genuen Television Españolak Euskadirako zuen Telenorte izeneko edizioko euskarazko lehenengo saioa: Euskalerria. Gai atenporalak eman behar genituela esaten ziguten eta, tira, horri ere eutsi genion, telebistan ere euskara ager zedin. Gero, EITBko sorreraren unean iritsi zenean, duda asko izan nuen, han parte hartu ala ez, hasierak nahasiak izan zirelako. Dena dela, 1983ko udaberrian informatiboen sailean hasi nintzen lanean.

Euskara baturik ez zegoen; irizpide argirik ez zen egongo kazetariontzat. Horren falta nabaritzen al zenuten?

Jakina. Euskara batuaren kezka Resurreccion Maria Azkueren garaitik zetorren, baina inork ez zekien hori nola egin. Dena dela, mugimendu hori urte haietan hasi zen indarra hartzen. Garai hartan h hizkiaren borrokan sartu ginen gu ere; h hizkia idatzi behar genuen ala ez, hori zen eztabaida. Gu kontra geunden; guk irratian ez genuen h-aren arazorik. Guk hitz egiten genuen, ez idatzi.

Euskarazko komunikabide asko egon ez arren, hizkuntza aldetik koordinazio beharrik sentitzen al zenuten?

Orduan ez zegoen oraingo erreferentziarik, baina bazeuden eztabaidak, h-aren inguruan eta beste hainbat konturen inguruan. Egin behar ez genuen borroka izan zen.

Zergatik zen egin behar ez zen borroka?

Garrantzia beste gauza batzuei eman behar genielako; euskararen premiei, hain zuzen ere. Euskara batua literaturarako da, komunikabideetarako da, edota eskolarako. Ez da etxean erabiltzeko; etxean nork berea egiten du, eta horri eutsi beharra diogu. Hori galtzen dugunean, akabo.

Euskal kulturari dagokionez ere, 1960tik hasi eta 1970erako hamarkada hori goraipatzen duzu zuk, ezta?

1960-1970 hamarkada Euskal Herrian egon den garairik aberatsena izan zen, euskal kulturari dagokionez: ikastolen mugimendua hor bizkortu zen; euskal artearen mugimendua hor bizkortu zen; euskal antzerkiaren mugimendua hor sortu zen; dantzarien mugimendua ere hor sortu zen; euskal kantagintzaren memento interesgarriena ere ordukoa da; mugimendu sindikalak (ELA, esaterako) ere hor sortu ziren; irratigintza hamarkada horretan hasi zen... Orduan hasi ginen irratitik bertsolari txapelketak eta pilota partidak zuzenean eskaintzen, esaterako. Alde horretatik, ikaragarri garai aberatsa izan zen.

Hamarkada batzuk aurrera eginez, gaur egun prentsa idatzia, irratia, telebista nahiz Internet ditugu euskaraz; nola ikusten dituzu euskarazko komunikabideak?

Niretzat irratiak oraindik leku ona du, baita telebistak ere, baina telebista oso medio makala da, eta baita garestia ere. Internetek beste erraztasun batzuk ditu, eta makina harrigarria iruditzen zait. Prentsan, herri aldizkariena da borroka interesgarrienetariko bat, dirurik izaten badu. Horri ere, eutsi egin behar zaiolako. Eta erakunde publikoek hori beren esku hartu behar dute. Publizitate hutsarekin eta harpidedunekin ezin duzue Hitza-ren proiektua aurrera atera, esaterako. Sekula baino aukera gehiago dagoela iruditzen zait, inoiz baino medio gehiago dagoelako. Hala ere, baliabide ekonomikoak falta direla uste dut. Eta, politikoei dagokienez, gure garaian, Eusko Jaurlaritzaren hastapenetan, politikoek euskararekiko zuten jarrera orain baino mila aldiz militanteagoa zela iruditzen zait. Eta, medioetako profesionalena ere, hala zen.

Euskarazko komunikabideetan hizkuntzari dagokionez kalitate falta dagoela aipatu izan duzu. Zein da jarraitu beharreko bidea?

Nik uste dut komunikabideetako profesionalek onartu egin behar dituztela goitik emandako irizpideak; Euskaltzaindiak, estilo liburuak... ematen dituzten irizpideak. Izan ere, profesional askok ez dituzte estilo liburuak irakurri ere egiten, eta kazetari ezagunen batek esana ere ba omen du, hori baino lehenagoko lanik baduela. Ematen diren arauak onartzen jakin behar dela uste dut, bete ezin den araurik ez delako ematen. Arauak bete edo arau horiek hobetzen lagundu egin behar da. Askotan ez dut Euskadi Irratia entzuten gauza sinple horiengatik; erraz konpondu litezken hizkuntza akatsak ez entzuteagatik. Eta, hori ez da euskarazko medioen arazoa soilik; gazteleraz ere hizkuntza kalitate txarra du zenbait mediok.

Di-da batean

Irrati esatari bat: "Ez da euskalduna, baina niri Iñaki Gabilondo gustatzen zait. Esatari garbia da eta posizionatzen dena, gainera".

Telebistako aurkezle bat: "Xabier Usabiaga gustatzen zait asko; ona da oso, eta lainezik gabeko pertsona iruditzen zait. Garai batean, Odile Kruzeta ere oso gustukoa nuen (umilegia zen agian); dotorea zen".

Irratsaio bat: "Askotan Protagonistas (Punto Radio) jartzen dut. Radio Euskadin, esaterako, Boulevard oso ondo zegoen; orain txapuza bat da".

Telebista saio bat: "Informatibo bat aukeratuko nuke dudarik gabe. Kate batetik bestera ibiltzen naiz egunero. Zuzenekoak ere gustatzen zaizkit; ETB, esaterako maisua izan da pilota ematen".

Gehien liluratu zaituen elkarrizketa: "Ziurrenez, Joxe Miel Barandiarani egindakoa lehenengoa. Egun haietan prentsan atera zen gizakiak tximinotik gentozela, eta halaxe galdetu nion: pertsonok zer gatoz, tximinotik ala Adan eta Evagandik?. Grabazioa mozteko eskatu eta hala aitortu zidan: 'Zuek diozuen bezala, off the record esango dizut: bai, arbola gainean saltoka ibiltzetik gatoz, baina publikoan ez daukat esaterik, apaiza naiz eta'".

Gustura egingo zenukeen elkarrizketaren bat, eta egin ez izanaren pena duzunik bai? "Horrelakoak asko gelditzen dira beti. Joxe Austin Orbegozo, esaterako, pasiotarren generala izan zen. Bidaniarra zen eta orain Erroman dagoela uste dut. Niretzat euskaraz ikaragarri dakiena da, eta saiatu nintzen behin berarekin elkarrizketa egiten, baina zeresan handirik ez zuela esan zidan. Baina, esateko asko du. Jende xehearen kasuan, asko ditut gustura elkarrizketatuko nituzkeenak. Bestetik, AEBetan, Nevadara joan eta hango artzaiak gustura elkarrizketatuko nituzke; eta, oraindik ere, ziurrenez egingo dut. Txilekoekin egina dut".

Gustuko film bat. "Nelson Mandelaren bizitza kontatzen duen Invictus, horixe ikusi dut azkena Txilen nintzela".

Liburu bat: "Oso gustura irakurri ditut *El símbolo perdido (Dan Brown) eta El hombre que no amaba a las mujeres (Stieg Larsson). Euskaraz, Azpeitiko Loiola Hoteleko Pedro Azpiazu, Beltza-ren Beltzaren egiak zurikeriarik gabe* irakurri dut. Patxadaz, luzeagoa idaztera animatu nahi nuke".