Azpeitiarren %86k kalean euskaraz hitz egiten du

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 29a, 12:03

Haurrak eta 25 urte arteko gazteak dira kalean euskaraz gehien jarduten dutenak; %91ek erabiltzen dute hizkuntza

Azpeitian, mintzakideen artean haurren bat dagoenean %94ek egiten dute euskaraz

Soziolinguistika Klusterrak iaz euskararen kale erabilera neurtu zuen Azpeitian. Atzo aurkeztu zituzten emaitzak, Ana Mendizabal Euskara batzordeburuak eta Pablo Suberbiola Soziolinguistika Klusterreko kideak. Azterketaren arabera, azpeitiarretatik %86ek kalean euskaraz egiten zuten iaz; eta, %14ek gazteleraz. Datu horrek, "Azpeitiko euskaldun komunitateak trinkotze maila handia duela" erakusten du. "Herriko arau soziala euskaraz egitearen aldekoa da, modu oso nabarmenean", Suberbiolaren arabera. "Orokorrean pozteko datua da", Mendizabalek esan duenez.

Azpeitiarren euskara ezagutza eta erabilera paretsu dabiltzala azaldu dute. Neurketak, jendeak kalean euskara zenbat erabiltzen duen jaso du, "ez euskaraz nola egiten den".

Aurretik beste neurketa batzuk egin dituztela adierazi dute, eta iazko neurketako emaitzak, aurrekoekin alderatuta, euskararen kale erabilera maila nahiko jarraitua izan dela esan dute, "neurrian, goranzko joerarekin".

Gehien, haur eta gazteek

Adin taldeka neurtuta, kalean euskara gehien erabiltzen dutenak haurrak eta gazteak dira, 25 urtera artekoak. Haurren kasuan, %95k egiten du kalean euskaraz; 15 urtetik 25 urtera bitarteko gazteen artean, %91ek egiten dute euskaraz; helduen kasuan, %80ek; eta, adinekoen artean %75ek. Haur eta gazteek aurreko urteetako joerarekin segitzen dute. Helduen mailan, berriz, euskararen kale erabilerak goranzko joera du.

Haurrak tartean direnean

Herritarren euskararen kale erabilera neurtzeko orduan, mintzakideen artean haurrik zegoen edo ez ere kontutan izan dute. Azpeitian ere, horrek eragina baduela esan dute, "Euskal Herriko beste herri askotan bezalaxe". Azpeitian, mintzakideen artean haurren bat dagoenetan %94ek egiten dute euskaraz. "Baina, ez dago esaterik, beste herri batzuen kasuan bezala, Azpeitian bereziki haurrei euskaraz egiteko joera soziala dagoenik", adierazi du Suberbiolak.