Lan Mobel Iraurgik igoera fasea jokatuko du

Uztarria.eus 2010ko mar. 30a, 13:03

Joan den igandean Ferroli irabazita lortu zuen Adecco Platara igotzeko fasean aritzeko txartela

Iaz ere jokatu zuen igoera fasea, etxean, baina ez zuen irabazterik lortu

Lan Mobel Iraurgi saskibaloi taldeak haizeteagatik atzeratutako partida jokatu zuen igandean Ferrolen (Galizia). 16 punturen aldeagatik irabazi zuen partida (59-75) eta, EBA Liga A-1 Multzoko amaitzeko hiru jardunaldi falta diren arren, Adecco Plata Ligarako igoera fasean izango da.

Joan den urtean ere igoera fasea jokatu zuen Lan Mobel Iraurgik. Etxean jokatu zituen faseko hiru partidak eta, hirurak galdu ostean, ezin izan zuen mailaz igo.

Igoera faseko lehenengo neurketa Santfeliuenc-en aurka (Herrialde Katalanak)jokatu eta 73-75 galdu zuten etxekoek. Bigarrena, Salmeron Guadix-en (Andaluzia) kontrako partida izan zen. Hau ere galdu egin zuten 85-82. Igoera faseko azken partida Vila Joyosaren (Valentzia) aurkakoa izan zen, eta ez zuten irabazterik izan (76-82). Hiru partidak galduta amaitu zuen igoera fasea Lan Mobel Iraurgik. Vila Joiosa taldeak lortu zuen LEB ligara igotzeko txartela.