Herriko festetan parte hartzeko deia egin die ezker abertzaleak herritarrei

Urola Kostako Hitza 2010ko uzt. 28a, 12:07
Ezker abertzaleko kideak herenegun egindako agerraldian.

Festetan Ertzaintzak istiluak sortu ditzazkeela-eta, "neurriak hartzeko" eskatu die Udal Gobernuari

Herriko festen atarian, erbestean edota Frantziako eta Espainiako kartzeletan dauden herritarrak gogoan izan dituzte ezker abertzalekoek

"Festa eta aldarrikapena uztartuz" saninazioetan parte hartzeko eta "gozatzeko" deia egin die ezker abertzaleak herritarrei. "Saninazioak ate joka ditugu eta azken asteotan nabari da herrian mugimendua, norbanako eta talde ugari baitabil festak antolatzen, festa herrikoiago, euskaldunago, parekideago eta parte-hartzaileagoak antolatu nahian", nabarmendu dute ezker abertzalekoek. Lan horri guztiari esker, "arrakasta ziurtatua" izango dela gaineratu dute.

Urteetako lanari eta borrokari esker, "beste San Inazio" batzuk antolatzen direla azaldu dute ezker abertzalekoek: "Herritarrek egindako lanari eta botatako izerdiari esker mila laguneko herri bazkaria egiten da, jokuak, kontzertuak, haurrentzako jolasak, bakailao txapelketa, kantu poteoa, eta txosnen gunea jartzen da".

Baina festak hobera egin badute ere, EAJ "herritarren parte-hartzea oztopatzen" saiatu dela salatu dute ezker abertzalekoek. "EAJren jarrera, beste behin ere, jai herrikoien bideari oztopoak eta trabak ipintzea izan da. Zer gertatzen da ezker abertzaleak Udal Gobernuan egon zenean indartu zuen Festa Mahaiarekin? EAJk Udal Gobernutik mahai honi bitartekoak ipini beharrean oztopatzea eta usteltzea izan da bere helburua", kritikatu dute.

Bestetik, ezker abertzalea kezkatuta dago "festa eremua poliziaz betetzeko aukera" dela eta. "[Herrizaingo sailburu] Rodolfo Aresek hainbat aldarrikapenen ehizarako sortutako Ertzaintzaren brigada berezia istiluak sortzen ari da zenbait jai gunetan", azaldu dute eta Azpeitiko festetan ere istiluak gerta daitezkeen beldur dira ezker abertzalekoak. Festa Mahaiak, San Inazio bigarrenez, agintari politikoak Loiolatik berriro herriko plazara ez etortzeko eskatu du, herriko plazan bakailao txapelketa martxan egongo delako eta istiluak saihestearren. Horren harira, zera adierazi du ezker abertzaleak: "EAJren hautua Patxi Lopez herriko plazan hartzea izan da. Ez dute ba pentsatuko herritarrek txaloka hartuko dituztenik? Noski ezetz! Herritarrok aukeratu ez dugun lehendakaria ez da ongietorria Azpeitian. Eta herritarrek eskubide osoa dute hori adierazteko, txistua joz eta protesta baketsua eginez", uste dute ezker abertzalekoek. Hori dela eta, iazkoa ez gertatzeko Udal Gobernuari "arduraz jokatu eta neurriak hartzeko" eskatu diote.

Herriko festen atarian, erbestean edota Frantziako eta Espainiako kartzeletan dauden herritarrak gogoan izan dituzte ezker abertzalekoek.