Azpeitian eskualdeko lehen esne makina jarriko dute martxan

Urola Kostako Hitza 2010ko ira. 8a, 12:09

Eroski saltokian egongo da makina

Errezilgo Añoi baserriko Joxi Azpillagak jarriko du

Bihar, Azpeitiko Sanjuandegi auzoko Euskal Herria kaleko Eroskin, Urola Kosta eskualdeko lehen esne makina jarriko dute martxan, 11:00etatik aurrera. Esne makina Errezilgo Añoi baserriko Joxi Azpillagak jarriko du.

Abian jartzekoak diren egitasmoaren helburuak honakoak dira: nekazaritza eredu jasangarriagoa lortzea, ekoizle eta kontsumitzailearen arteko harreman bitartekaririk gabea eta kalitatezko produktuak merkaturatzea.

Euskal Herriko makina

Euskal Herriko beste hainbat herritan badira esne makinak. Azpeitiko hau Urola Kostan aurrena izango da eta badu berezitasun bat: makina bera Euskal Herrian egin den lehen esne makina da; lehen prototipoa, beraz (gainontzeko esne makinak Italiatik ekarri dituzte). Azkoien enpresa nafarrak egin du.

Esnea poltsatan eta litroka

Bihar goizeko 11:00etatik aurrera jarriko dute martxan Azpeitiko esne makina. Eroski barruan egongo da, sarreran. Beraz, Eroski irekita dagoen bitartean makinaren bidez esnea erosteko aukera izango da. Ontzirik ez da beharko kasu honetan, makinak esnea poltsatan jartzen baitu. Esne makinaren bidez, Errezilgo Añoi baserriko esne litroa 1,10 eurotan erosteko aukera izango da. Esnea pasteurizatuta egongo da makinan.

Errezilgo Añoi baserrikoak esne makinak beste toki batzutan jartzeko baimena ere eskatuta dauka. "Hilabete batzuk badira Azpeitiko eta Azkoitiko plazetan makina jartzeko baimena eskatu nuela".