Jon Ibargurenek Segurako Euskal Herriko Dantza Txapelketan hartuko du parte

Uztarria.eus 2010ko urr. 7a, 12:10

Datorren igandean, hilak 10, izango da txapelketa Segurako Baratze pilotalekuan

Ibargurenek eta Besadak Pasaia ordezkatuko dute aurten, eta hurrengo urtean Azpeitia

Datorren igandean, hilak 10, Euskal Herriko Dantza Txapelketa jokatuko da Seguran. 18:00etan hasiko da txapelketa Segurako Baratze pilotalekuan. Hamar bikote izango dira lehian; zortzi gipuzkoar eta bi bizkaitar.

Jon Ibarguren azpeitiar dantzaria txapelketan izango da eta Pasaiako Idoia Besada izango du bikotea. Hori dela-eta, Pasaia ordezkatuko duen bikotea izango da Ibarguren eta Besadak osatutakoa. Ibargurenek jakinarazi duenez, "zozketa egin genuen Azpeitia edo Pasaia ordezkatuko genuen erabakitzeko, aurten Pasaia ordezkatuko dugu eta hurrengo urtean Azpeitia, txandatuz egingo dugu".

Ez da txapelketa honetara aurkezten den lehenengo aldia Ibargurenentzat. 2007an lehenengo aldiz aurkeztu eta Guillermo Areizaga Saria jaso zuen Ibargurenek, Estibaliz Aranguren azpeitiarrarekin batera. "Txapelketa honetan parte hartzen dudan hirugarren aldia da, baina bikote honekin lehenengo aldiz aurkeztuko naiz igandean", adierazi du Ibargurenek. Bikote berriarekin zer moduz moldatzen den galdetuta "oso gustura" dagoela jakinarazi du azpeitiarrak: "Lehen beste bikote bat nuen, eta Idoia Besadak ere bai, baina bikoteek dantza utzi egin zuten eta biok elkartu ginen duela urtebete inguru".

Saioa Euskal Telebistak grabatuko du eta Segurara joan ezin dutenek, ETB-1en ikusteko aukera izango dute igandean 23:00ak inguruan.

Txapelketaren nondik norakoak

Egungo dantzarako teknika kontuan hartuta, lau arlo baloratuko ditu epaimahaiak: erritmoa, berdintasuna, zailtasuna eta osotasuna. Lau puntu horien arabera balorazio bat edo bestea egingo dute epaimahaikideek.

Irabazleak Segurako Udalaren Sari Nagusia eskuratuko du: Nestor Basterretxearen eskultura. Sari hori bikoteak ordezkatzen duen herriko udaletxean gordeko da datorren urtera arte.

Beste sari bat ere bada, ordea. Lehen aldiz aurkezten diren bikoteen artean puntu gehien lortzen duen bikoteari Guillermo Areizaga Saria emango diote, txapelketaren sortzailearen omenez.