Azpeitiaren mugak hobeto ezagutzeko ibilbideak

Uztarria.eus 2010ko urr. 28a, 21:10
Amenabar, Izagirre eta Mendizabal,

Lagun Onak Mendi Bazkunak lau irteera antolatu ditu, Udalarekin elkarlanean, 700. urteurrenaren baitan

Azpeitia-Matxinbenta (azaroak 6), Matxinbenta-Ibarbia (azaroak 13), Ibarbia-Lasao (azaroak 27) eta Lasao-Azpeitia (abenduak 4) izango dira etapak

Azpeitiari itzulia mugarik muga izeneko ekimena aurkeztu dute udaletxean gaur arratsaldean, urriak 28, Azpeitiko Udalak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak. 700. urteurrenaren inguruan antolatzen ari diren ekitaldien barruan kokatuta, lau mendi ibilaldi prestatu dituzte mendizale elkartekoek, berezitasun batekin: ibilaldiok Azpeitiko udalerriaren mugetan zehar egingo dituzte, muga horiek lotuz. Azpeitia-Matxinbenta (azaroak 6), Matxinbenta-Ibarbia (azaroak 13), Ibarbia-Lasao (azaroak 27) eta Lasao-Azpeitia (abenduak 4) izango dira etapak

Ana Mendizabal Udaleko Kultura eta Euskara batzordeburuak eta Lagun Onak MBko kide Josu Izagirrek eta Mikel Amenabar Otola-k aurkeztu dute ekimena. Mendizabalek nabarmendu du "helburua mugak ezagutzea" dela. "XV. mendean hasi ziren herriaren mugak ezartzen. Guztiz bukatu, berriz, XX. mende hasieran, gaur egun ezagutzen ditugunak", azaldu du batzordeburuak. "Kirola eta mendia maite ditugunontzat oso interesgarria" izango dela gaineratu du, eta ibilaldietan parte hartzeko gonbita luzatu die herritarrei.

Lau ibilbide, lau etapa

Lagun Onak MBko Josu Izagirrek azaldu ditu lau ibilbideen ezaugarriak eta antolaketari dagozkion xehetasunak. Ibilbide bakoitza prestatzerakoan "ahal den gehiena mugetara urreratuz egitea" izan da Lagun Onakekoen asmoa. "Zenbait tokitan barnekalderantz egingo da eta beste batzuetan inguruko herriko bideetatik ibiliko gara ibilbidea osatzerakoan, baina beti ere mugetatik gertu", esan du Izagirrek.

Irteera guztiak goizeko 8etan hasiko dira eta plaza Nagusia izango da elkargunea. Lehen egunekoan, azaroaren 6an, plazatik bertatik abiatuko dira oinez. Hurrengo hiruetan, ordea, autobusa hartuko dute plazan mendizaleek, egun horretako etaparen hasieraraino joateko. Itzulerei dagokienez, aurreneko hiru egunetan Azpeitira bueltatzeko autobusa izango dute; laugarren eta azken etapa, Lasao eta Azpeitia artekoa, plaza Nagusian bukatuko dute.

Ibilaldi bakoitzaren ibilbidea, ordutegia eta gainerakoekin, iraupenaren aurrikuspena ere gehitu dute antolatzaileek. Hala ere, Izagirrek zehaztu du iraupena ez dagoela "aurrez ziurtatzerik. Zenbat eta zein jende biltzen denaren arabera aldatu daiteke (iraupena) honelako ibilbideetan zehar". Mendizale elkarteko kideak argi utzi nahi izan du, era berean, "ez dela karrera bat" izango: "Beraz, irteten dugun guztiok batera heldu beharra daukagu; gainera autobusa izango da bueltatzeko. Tartean geldialditxoak-eta izango dira, jendea biltzeko bakarrik, edo zerbait jan-edateko".

Hauek dira Azpeitiari itzulia mugarik muga ekimenaren barruan osatuko dituzten lau ibilbideak:

  • 1. etapa: Azpeitia-Matxinbenta. Azaroak 6. Ibilbidea: Azpeitia-Loiola-Txalintxo-Larrume-Samiño-Izazpi-Matxinbenta. 6-7 orduko iraupena.
  • 2. etapa: Matxinbenta-Ibarbia auzoa (Errezil). Azaroak 13. Ibilbidea: Matxinbenta-Nuarbeko urtegia-Eizmendi-Altzarte-Ibarbia auzoa. 4-5 orduko iraupena.
  • 3. etapa: Ibarbia auzoa-Lasao. Azaroak 27. Ibilbidea: Ibarbia auzoa-GR9 ("zezenen bidea")-Barrenola-Odriozolak-Sañoa-Lasao. 4-5 orduko iraupena.
  • 4. etapa: Lasao-Azpeitia. Abenduak 4. Ibilbidea: Lasao-Xoxote-Loiola-Azpeitia. 5-6 orduko iraupena.

Izagirrek aurreratu du Lagun Onak MBren asmoa dela ibilbide guzti hauek GPS-arekin grabatzea, aplikazio horrek aurrera begira "erabilera asko" eskainiko dizkielako.

Ekimenaren xehetasunak eta lau ibilbideak jasotzen dituen mapa PDF honetan ikus daitezke.