Txingorrak ez ditu atzeratu Olentzero eta Mari Domingi

Uztarria.eus 2010ko abe. 24a, 19:12
Olentzerok eta Mari Domingik Sanagustinen jaso dituzte umeen gutun eta agurrak

Kalejira, eguraldia tarteko, moztu egin behar izan dute

Dozenaka ume eta gurasok harrera egin diete Sanagustinen, gaueko opari partiketaren zain

Txingor eraso petralaren azpian iritsi dira Azpeitira Olentzero eta Mari Domingi. Idi-pare dotoreak karreatutako gurdian, ttuntturroak eta suzi-eramaileak aurretik zituztela jaitsi da eguneko bikotea Arana kalean behera plazaraino. Kalejira luzeago egitea zen asmoa, baina eguraldiaren tenorea ikusita, plazan bertan gelditu eta zuzenean sartu dira Sanagustinera.

Kanpoan, Sanagustinpean, dozenaka ume eta guraso zituzten zain. Baina harrera, herritarrek Olentzero eta Mari Domingiri eta hauek herritarrei, Sanagustin barruan egin dute. Eguraldi petralaren eta egun lanpetuaren ajeak ez dituzte agerian izan Olentzerok eta Mari Domingik eta, hala, irribarrea ahotan eta esker oneko hitzekin hartu dituzte Itsasiko dantzari gazteek eskainitako aurreskua eta bertaratutako guztiek abestu dizkieten Gabon kantak; tartean, nola ez, Horra Mari Domingi eta Olentzero.

Sanagustinen elkartu diren ume gehienek, ordea, Olentzeroren eta Mari Domingirengana hurbildu eta opari-eskaridun gutunak ematea zuten xede nagusia. Dantza eta kantu ekitalditxoaren ondotik etorri da horretarako aukera. Bakarren batek, Olentzero agurtu eta gero, "eta opariak noiz?" galdetzen zien gurasoei; berehala nahi zituen Olentzeroren magalean eseritzearen balentriaren truke emaitzak. Umeak ez dira, dena den, esku hutsik joan: musuen eta gutunen truke, gaztaina erreak oparitu dizkiete denei.