Udal Liburutegiko liburu irakurriena, iaz, 'Bilbao-New York-Bilbao'

Uztarria.eus 2011ko ots. 11a, 12:02

Gaztelerazko liburuen artean, Dan Brownen El simbolo perdido izan da mailegatuena

Euskarazko bigarren liburu arrakastatsuena, Karmele Jaioren Musika airean izan zen

Azpeitiko Udal Liburutegiak 29.387 erabiltzaile izan zituen iaz. Erabiltzaile horietatik 722k Wifia erabili zuten eta 31.838 liburu mailegatu ziren guztira. Egun, 3.595 bazkide ditu Udal Liburutegiak, eta 2010. urtean 540 pertsona egin ziren bazkide.

Iaz, helduentzako euskarazko liburuen artean, Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao izan zen irakurriena. Bigarren irakurriena, aldiz, Karmele Jaioren Musika Airean. Gaztelerazkoen artean, Dan Brownen El simbolo perdido liburua izan zen mailegatuena, eta Angeles Casoren Contra el viento bigarren mailegatuena.

Haur eta gaztetxoen literatura

Umeen literaturan, 0-4 urte bitartekoen artean, Joe Lodgeren Zenbat, Kroko? eta Zer diozu, Kroko? liburuak izan dira euskarazko irakurrienak.

.5 eta 7 urte bitarteko gaztetxoen artean irakurrienak, Toti Martinez de Lezearen Nur eta herensugearen tenplua eta Knister-en Kika supersorgina mendebalde basatian liburuak izan dira.

Hamabi urtetik gorako gaztetxoek, euskarazko liburuen artean, gehien mailegatu dituzten liburuak honakoak dira: Mariasun Landaren Krokodiloa ohe azpian eta Gloria Llobet-en Zugan pentsatuko dut. Gaztelerazkoetan, berriz, L. Gallego Garciaren Alas de fuego eta Alas negras izan dira mailegatuenak.