Ilazki Goenaga: "Izurdeak hor badaude, itsasoa oraindik osasuntsu dagoelako da"

Urola Kostako Hitza 2011ko ots. 11a, 18:02
Ilazki Goenaga (OLATZ PRAT)

Urteak daramatza azpeitiarrak Ambar elkartearekin euskal kostaldeko izurde, bale eta gainerako animaliak aztertzen

"Zaindu beharreko altxorrak" direla nabarmentzen du

Ilazki Goenagak (Azpeitia, 1982) albaitari izan nahi zuen, baina "txakur eta katuetara ez mugatzeko", Biologia ikasi zuen. Ambar Itsas Faunaren Ikerketa eta Babeserako Elkarteko kide bat ezagutu eta haren bitartez hasi zen bertan laguntzen. "Denborapasa bezala" hasi zena, "pasioa eta gurutzea" bihurtu zaio. Egun, elkarteko Lehorreratzeen Gipuzkoako koordinatzailea da, eta ohi baino lan gehiago du egunotan, euskal kostan agertu diren izurde gorpuak direla-eta.

Zergatik agertu dira hainbeste izurde kostaldetik hain gertu?

Agertu badira, bertan bizi direlako da. Bizkaiko Golkoa hainbat zetazeo espezieren bizitoki naturala da, ez dira orain agertu. Urteko 365 egunetan kostara prismatikoekin joanez gero, harritu egingo ginateke izurdeak eta baleak zenbatetan azaleratzen diren ikusita. Espezie batzuk bertan bizi dira. Beste batzuk, berriz, migratzaileak dira; espezie handienak, bale urdinetik hasita zere txikiraino. Ustez dira migratzaileak, azken hilabeteetan gure teoriak pixkat hankaz gora gelditzen ari dira, izan ere. Baina izurde taldeetatik asko bertakoak direla uste dugu.

Ohi baino gorpu gehiago agertu dira hondartzatan. Zer dela eta gertatu da hori?

Garai hau lehorreratze garaia da, itsasoaren egoera ez baita oso ona. Olatu handiak, itsaso zakarra, uraren tenperatura hotza eta atmosferako tenperatura hotza elkartzen dira. Eta ipar haizeak jotzen duen egunetan... itsas barrenean hiltzen diren animalien gorpuak, ez zetazeoenak bakarrik, baita txorienak ere, gure kostara bultzatzen ditu haizeak. Azken egunetan, ordea, ohi baino gorpu gehiago heldu da hondartzatara, eta horrek sortu du arreta handiena. Orain arte astean bi agertu dira, eta tartean batere agertu ez diren asteak izan dira. Orain, bi astetan, dozena inguru agertu dira hondartzatan hilik. Azken lehorreratzea asteazken gauean izan zen. Zarauzko hondartzan foka bat agertu zen bizirik. Gure ustez, elikadura bila heltzen dira, eta ugaltze garaiaren arabera ere mugitzen dira. Eta badirudi elikagai asko dagoela, batez ere, kostatik gertu.

Hala ere,jendea beti harritzen da eskualdeko kostan izurdeak daudela ohartzean, ezta?

Guk urteetan egin ditugu bistaratzeak lurretik. Hainbat lurmuturretan jarri, eta hilero bi igandetan itsasora begiratzen genion. Askotan ikusten genituen animalia horiek. Askotan esaten dugu Euskal Herria itsasora begira bizi dela, baina, antza denez, ez dugu horrenbeste begiratzen. Azken aldian kopuru handitan agertzen ari dira, eta aurtengo negua leuna denez, jendea kostara asko hurbiltzen da. Hori hala, izurdeak ikusten ari da jendea. Orioko arraunlariei entrenamenduan hori gertatu zaie, adibidez. Konturatu behar dugu izurdeak gure altxorra direla eta zaindu egin behar ditugula. Animalia horiek hor egotea itsasoaren osasunaren erakusgarri da. Bioindikatzaileak dira guretzat. Ez daukagu proba kimikorik egin beharrik itsasoaren egoera ezagutzeko: animalia horiek hor badaude itsasoa oraindik osasuntsu dagoelako da.

Hil diren animaliak, orduan, zergatik zendu dira?

Animaliak hondartzatan agertzen direnean, heriotzaren kausak aztertzea izaten da gure lana; kanpotik, noski, eta ahal denean barrutik ere bai. Zerbait susmagarria ikusten badugu, nekropsiak egiten ditugu. Laginak hartzen ditugu, baita azalarenak ere, azterketa genetikoak egin eta taldeen artean izan ditzaketen interakzioak ikertzeko. Heriotzen aurrean hiru hipotesi ditugu. Batetik, heriotzak naturalak izan direnekoa; animaliak zahartu, gaixotu, ahuldu, nekatu edo herituta daudelako hil direnekoa. Bigarrena, arrantza sistemaren edo itsas trafikoaren eraginez hil direnekoa; sarean harrapatuta hiltzen dira batzutan, esaterako; eraso zuzena ez baina, zeharkako eraso baten ondorioz hil direnekoa, beraz. Hirugarren eta azken hipotesia, ehiza zuzena egon denekoa da. Guk badakigu Euskal Herrian eta, orokorrean, Kantauriar kosta osoan izurdeak ehizatzeko ohitura dagoela. Orain agertu diren horietako bat, zantzu guztien arabera, ehizatu egin dute. Esku artean dugun hipotesia arpoiaz jo dutenekoa da. Argazkietan ikusten dena gogorra da. Bizkarretik xerrak atera dizkiotela dirudi; buru atzetik behera moztu dute, argi eta garbi, labana edo tresnaren batekin.

Animalia hauek babestuta daude ordea, ezta?

Noski. Ezin dira ehizatu, eta gainera ez da ona zetazeoen haragia jatea. Gaitzak izan ditzakete eta, ugaztunak direnez, gizakiengana oso erraz pasa daitezke gaixotasun horiek. Amorru handia ematen digu animalia horiek ehizatzen direla jakiteak, baina azkenean norbaiti zerbait gertatuko zaio, gaixotu egingo da. Errua izurdeei botako zaie, eta izurdeek ez dute inongo errurik. Horrek kezkatzen gaitu. Haragi hori ez jateko esan behar zaie herritarrei. Baita izurdeak eta halakoak hondartzatan hilda agertzen direnean ez ukitzeko ere. SOS Deiak-era deitzea da egokiena, haiek gurekin, Ambar-ekin, harremanetan jar daitezen.

Zein lan ildo dituzue Ambar-en?

Orain dibulgazioan zentratuta gaude, zenbat eta gehiago ezagutu, babesteko grina orduan eta handiagoa dela konturatu baikara. Kontzientzia sortzen da. Bizkaiko Torremadariaga Interpretazio Zentroarekin dihardugu elkarlanean, baita Bermeoko Hegaluze enpresarekin ere. Baleak eta izurdeak ikusteko bidaiak egiten ditu azken horrek. Orain hidrofono bat erosi dugu, ur azpiko soinuak entzuteko gailu sofistikatu samarra. Hori erabiliz, ONCErekin elkarlanean, itsuak itsasora ateratzeko aukera izango dugu beharbada, eta ez dituzte animaliak ikusi beharko, entzun egingo baitituzte.

Nolako jarrera izaten dute izurdeek jende artean daudenean?

Pailazotzat edo animalia jostalaritzat ditu jendeak, baina hori ez da hala. Zorionez, gurekin etortzen diren gehienek aldatzen dute iritzi hori. Gertatu izan zaigu, kume asko dagoen talde batera gerturatu, emea kumeekin aldendu eta arra gugana gerturatzea buztanarekin kolpeka eta haserre, alde hemendik, ez gaude gustura esanez bezala. Oso kuriosoak dira, egia da. Askotan ez dugu jakiten nork aztertzen duen nor: begira gelditzen zaizkigu izurdeak. Gu haien begietan islatuta agertzen garen argazkiak baditugu. Haiek daukate euren inguruaren gaineko kontrol osoa.

Zer da lan honetatik gehien gustatzen zaizuna?

Dena gustatzen zait, baina izurdeak bizirik ikustea izugarria da. Ontzira igo eta izurdeak ikusi aurreko ordu laurdeneko zirrara bezalakorik ez dago. Asko gustatzen zait lehorreratzeak aztertzea ere, autopsiak egin eta laginak hartzea. Eskuak zikintzea ere gustatzen zait, nahiz eta ez den lanik atseginena.