Ilazki Lili: "Orain sei emakume bertsolarik abestuko dutela entzun eta eskuak buru gainera eramaten ditugu"

Uztarria.eus 2011ko ots. 17a, 13:02
Bihar gaueko saioa iragartzen duen pankartak jarri ditu Bilgune Feministak herrian.

Bihar, ostirala, zazpi emakume izango dira Gaztetxeko oholtzan bertsotan; 22:30ean hasiko da

Ilazki Lili Bilgune Feministako kidearekin hitz egin du Uztarria.com-ek

Bihar, ostirala, zazpi emakume igoko dira, Gaztetxea bertsoz girotzeko, oholtzara. Azpeitiko Bilgune Feministak antolatutako bertso saioa 22:30ean hasiko da eta sarrera bost euro ordaindu beharko da.

Giroa jartzeaz arduratuko diren bertsolariak, Eneritz Arzallus, Jone Uria, Onintza Enbeita, Amaia Agirre, Eneritz Artetxe eta Eneritz Eizmendi dira, eta Nekane Zinkunegik egingo ditu gai-jartzaile lanak.

Bertso saioa dela-eta, Uztarria.com-ek Ilazki Lili Bilguneko kidearekin hitz egin du:

Emakumez soilik osatutako bertso saioa ez da oso ohikoa.

Ez da ohikoa, ez. Izan ere, bertsolaritza urte askotan gizonen mundu izan dela esan genezake. Gure aiton-amonen garaian seguru bazirela bertsotan zekiten emakumeak, baina plazetan ez ziren protagonista izaten. Zorionez, gaur egun, gero eta emakume bertsolari gehiago dago.

Zergatik antolatu duzue emakumez soilik osatutako bertso saioa?

Bagenekien bertso saioan emakumezkoek bakarrik kantatzeak zer esana emango zuela. Hasieran, mistoa egitea ere pentsatu genuen, baina geure artean hitz egin eta emakumezkoena soilik egitea erabaki genuen. Izan ere, gizonezkoek soilik kantatutako zenbat eta zenbat bertso saio entzun ditugu? Pila bat! Eta inori ez zaio arraroa egiten hori.

Orain sei emakume bertsolarik abestuko dutela entzun eta eskuak buru gainera eramaten ditugu. Guk uste dugu, emakume bertsolariek, protagonismo momentu hori eta gehiago merezi dutela.

Berdintasunerako bidea, ez al lukete gizon-emakumeek eskutik helduta egin beharko?

Ardura denona da, baina espazio desberdinak sortzea eta errespetatzea ere beharrezkoa da. Lehen aipatu dudan bezala, emakume bertsolariak lehen ere izango ziren, baina ez ziren ezagunak, ez zuten plazetan kantatzen. Emakumeok bertsolaritzan gure lekua eta parte hartzea aldarrikatzeko, espazio hauek edukitzea eta geure artean elkartu eta gai hauetaz jardutea erabat beharrezkoa ikusten dugu. Bidean elkartuko gara, baina bidean elkartzeko, bakoitzak bere tokitik hausnartu eta landu behar dugu egoera. Pozgarria izango litzateke bidea eskutik helduta hastea, baina tamalez oraindik gizona eta emakumea ez daude egoera berdinean. Eskubide berdinak izaten hasten garen momentuan helduko diogu eskutik elkarri.

Emakumea nola ikusten duzu euskal bertsolaritzan?

Orokorrean emakumeak aurrerapauso nabarmenak eman ditu, ezin uka genezake hori, baina oinarrian gauzak ez dira aldatu, eta hori jendarteko arlo guztietan ikus daiteke, baita kulturgintzan edo bertsolaritzan ere. Kultura arloan aspaldi atzeman zen emakume kulturgileak publikoaren aurrean euren lana ezagutarazteko duten zailtasuna. Gauza jakina da emakumeontzat eremu publikoa mugatuta dagoen eremua dela. Eremu kulturalean ere gure ekarpena baloratzeko eta publikora salto egiteko hainbat oztopo izaten dugu. Txikitatik ondo ikasi dugu gure hitzaren balioa gutxiesten, barneratuta dugu guk esateko duguna ez dela garrantzitsua, gure arazoak txikikeriak direla. Guzti honi aurre egiten jarraitu behar dugu, gure pentsamendu, sentimendu eta iritziak oholtzetara eramanez.

Zer mezu eman nahi dezute bihar?

Mezu zehatz baten atzetik ez gara ibili. Sei gizonezkok egiten duten gisan, sei emakumek bertsotan egitea nahi genuen. Aurrez aipatutako arrazoi ezberdinengatik, eta jendeak nahiz bertsolariek ongi pasa dezaten.

Gaiek emakumeekin zer ikusia izango al dute?

Bai izango dute. Denetarik sartzen saiatu gara. Animatu eta entzungo dituzue!

Garai batean Euskal Herriko Txapelduna emakumea izan zitekeela imajinatu ere ez zen egingo ziurrenik eta, orain, geroz eta emakume bertsolari gehiago dago.

Bai, eskualdean begiratu besterik ez dugu. Poztekoa da emakume bertsolariak ikustea. Ari gara pixkanaka hormari pitzardurak sortzen.

Noizko emakumez soilik osatutako bertso saio normalizatu bat.

Jendartea aldatzen doan heinean eta harreman berriak eraikitzen hasten garenean, jendarteak naturalki ikusiko du emakumeek soilik osaturiko bertso saioa. Horregatik, hain zuzen, egin behar ditugu horrelako saioak, oraindik ez delako normal ikusten, eta guk dakigula, behintzat, ez da ezer anormala.