37 gautxori irudi ederrenaren bila

Uztarria.eus 2011ko ots. 22a, 18:02

Azpeitiko Argazki Elkarteko kideak gustura daude joan den larunbateko II. Gau-Txori Argazki Rallyaren esperientziarekin

Lanak lehiaketara aurkezteko epea otsailaren 27an amaituko da

Azpeitiko Argazki Elkarteko (AAE) kideak gustura daude joan den larunbateko II. Gau-Txori Argazki Rallyaren esperientziarekin. 37 lagunek hartu zuten parte; Azpeitikoak eta ingurukoak gehienak, baina baita Donostiatik, Zarauztik edota Elgoibartik etorritakoak ere. Rallya "oso ondo" joan zela esan dio Uztarriari AAEko lehendakari IƱaki Aranburuk.

2010ean egin zuten aurreneko Gau-Txori rallya, eta parte-hartzaileen kopurua ordukoaren antzekoa izan da 2011koan ere. Iaz argazkizale gehiagok eman zuten izena, 50ek; baina ziklogenesi leherkorra pare-parean tokatu zitzaien, eta gutxiago izan ziren azkenean argazki kamerarekin kalera ateratzen ausartu zirenak. Joan den larunbat iluntze-gauean "eguraldi polita" izan zuten, "baina, pena, estaliegi zegoela, ilargiaren argia ikusteko", dio Aranburuk. Izan ere, eta iaz bezala, ilargi beteko egunaren inguruan antolatu dute rallya, hileko gaurik argitsuenetakoa aprobetxatu nahian; baina ez orduan, ez orain, ez dute zorterik izan.

Bi saio, bost gai

Bi saio edo ekinalditan banatuta egin zuten argazki rallya: 18:00-19:00etatik 21:00etara lehendabizikoa, eta 23:00etatik 01:00etara bigarrena. Tartean, afaltzera elkartu ziren parte-hartzaile guztiak, Landetako Lau Bide jatetxean.

Horrelako argazki lehiaketetan ohikoa izaten denez, bost gai jarri zituzten antolatzaileek, eta parte hartu zutenek gai bakoitzeko argazki bat aurkeztu ahal izango dute gero lehiara. Alde Zaharreko txoko bat, mugimendua, islada, Loiolako Santutegia eta gai librea izan ziren aukeran jarritako bost gaiak.

Lanak lehiaketara aurkezteko epea otsailaren 27an amaituko da.