Sahararen aldeko aldarria eta Leok'k-en musika izango dira igandean Sanagustinen

Urola Kostako Hitza 2011ko ots. 23a, 16:02
Mendebaldeko Saharako emakumeei eskainiko die kontzertua Zestoako Leok’k taldeak. (IHINTZA AGIRRETXE)

Zestoako taldearen elkartasun kontzertua 19:00etan hasiko da; sarrerekin lortutako dirua Saemel Saharako Emakumeen elkartearentzako izango da

Khamar Sahararen Aldeko Elkarteak eta Udalak elkarlanean antolatutako ekimena izango da

Igande honetan 35 urte beteko dira Mendebaldeko Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zutela. Eta horren harira, Azpeitiko Khamar Sahararen Aldeko Elkarteak sahararrei babesa agertu eta haiekin batera autonomiaren aldeko aldarria egin nahi du. "35 urte dira Espainiako Estatuak Mendebaldeko Sahara akordio sekretuen bidez saldu zuela, eta 35 urte geroago, gauza bera aldarrikatzen segitzen dugu: autodeterminazio eskubidea, eta beren herrian aske bizitzeko eskubidea. Oinarrizko bi giza eskubide, alegia", diote elkarteko kideek.

Marokoko eta Espainiako estatuen "interes ekonomikoen ondorioz, sahararrek ezin dute bere herrian, Mendebaldeko Saharan, zapalketarik gabe, lasai eta libre bizi". Horregatik, "sahararrentzat hain garrantzitsua den egun honetan, ez dugu 2010eko urrian izan zen giza eskubideen urraketa ahaztu nahi". Hain zuzen ere, sahararrek Gdeim Izik-en eraikitako kanpalekuak, Duintasunaren kanpalekua deiturikoak, eraso bortitzak jaso zituen, eta Mendebaldeko Saharako Aaiun hiriaren kanpoaldean haimak jarri zituzten, protesta baketsuan. Marokoko poliziek suntsitu egin zuten kanpalekua, ordea. "Eraso horien aurrean ere, nazioarteak, orain 35 urte bezala, sahararrak bakarrik utzi zituen", salatu dute Khamarreko kideek.

Nahiz eta Nazio Batuen Erakundeak eta hainbat herrialdetako gobernuek aspaldi onartu zuten sahararren autodeterminazio eskubidea, "sahararrak zain daude oraindik, desertuaren erdian duela 35 urte eraikitako errefuxiatu kanpamentuetan (Algerian). Zain, beren herria zatitzen duen 2.720 kilometroko harresi batek herrialdea mila zatitan egiten duenean; zain, bizi baldintza oso gogorretan, gero eta nazioarteko laguntza gutxiagorekin".

"Herritarrok lagundu egin behar diogu saharar herriari askatasuna lortzen, sahararren alde etengabe eginez eta Espainiako Gobernuari gatazka honetan daukan erantzukizun historikoa onar dezala eskatuz", azaldu dute.

Elkartasun kontzertua

Igandean musika bidez erakutsiko diete elkartasuna sahararrei Zestoako Leok’k taldeko kideek. Azpeitiko Sanagustin kulturgunean kontzertua eskainiko dute, izan ere. Khamarrek Azpeitiko Udalarekin elkarlanean antolatutako ekitaldia izango da. 19:00etan hasiko da, eta sarrera 5 euro kostako da. Sarrerak saltzetik lortzen duten dirua Saemel Saharako Emakumeen elkartearentzako izango da. Izan ere, Leok’k taldea urteak daramatza Saharako emakumeen alde lanean. 2002an disko bat grabatu zuten, haren salmentarekin, Tindufeko (Algeria) emakumeei laguntzeko. Baina talde proiektua utzi zuen Leok’k-ek. Berriro itzultzean, ordea, Une... bat diskoa grabatu zuten eta kontzertuetan eta salmentatik bildutako dirua emakume haientzat izaten da.