Herritarrez bete da 'Soka ez da eten' dokumentalaren aurkezpen ekitaldia

Urola Kostako Hitza 2011ko ots. 26a, 20:02

Sanagustin kulturgunea goraino bete da, eta kanpoan gelditu da jendea Azpeitiko sokamuturrari buruzko lanaren estreinaldian

Dokumentalaren egile Enekoitz Esnaolak eta Zezen Beltz elkarteko eta sokamutila den Jagoba Labakak hitz egin dute aurkezpenean. Estreinaldiko argazkiak

Azpeitiko sokamuturra. Soka ez da eten dokumentalaren aurkezpen jendetsua egin dute gaur arratsaldean. 18:30erako Sanagustin kulturgunea beteta gelditu da, eta herritar batek baino gehiagok ezin izan du dokumentala eta aurretik egin duten aurkezpena ikusi. Dokumentalaren egile Enekoitz Esnaolak eta Zezen Beltz elkarteko eta sokamutila den Jagoba Labakak hartu dute hitza, minutu gutxi batzutan dokumentalaren aurkezpena egiteko. Ondoren, 10 euroan salgai ere badagoen DVDaz gozatu ahal izan dute bertaratu direnek.

Labakak hitz onak izan ditu dokumentalari buruz, eta baita gaiaren inguruan ikusentzunezko bat egitearen ideiari buruz ere: "Zuek baloratuko duzue emaitza; gu behintzat gustura gelditu gara". Lanak belaunaldi berrientzat "transmisio funtzioa" beteko duela esan du, eta Esnaolari eskerrak eman dizkio, "lan hau doan egiteagatik".

Esnaolak hartu du hitza ondoren, eta dokumentala Lara Medinabeitia kameralari eta 'Berria.info'-ko lankidearekin batera egin duela zehaztu du, "lan orduetatik kanpo, denbora librean egin dugu", esan du. Hainbat lagun izan du gogoan Esnaola kazetari azpeitiarrak: lehenengo eta behin, sokamutilak, "gu sokamuturrean aritu gaitezen lan bat egiten dute, musutruk", herriari eta herritarrei "ekarpena egiten diote". Ganaduzaleen lana ere aipatu du, eta eskerrak eman dizkio hainbat laguni, baita Zezen Beltz elkarteari ere, dokumentalerako emandako laguntzagatik: "Nik forma periodistikoa eman diot Azpeitian 500 urte behintzat badituen tradizio honen kontakizunari".

Hainbat tokitan dago salgai

Zezen Beltz elkarteak gaur jarri du salgai sokamuturrari buruzko dokumentala, 10 eurotan. Toki hauetan, hain zuzen:

  • Azpeitian: Juantxo Txiki, Pastorkua, Ametsa, Patxo, Iraurgi, Eguzkitza, Lagun Onak M.B., Azpeitia, Orkatz, Etxe Zuri eta Jim Clark tabernetan, kiroldegikoan ere bai, Loiola hotelean eta Kili Kolor dendan.
  • Azkoitian: Zurt, Ttakun eta Elurra tabernetan.

Sokamuturraren dokumentalak komunikabideetan izandako jarraipen zabala