Udaberriko Bertsoaldia bihar hasiko da, Erniarraitzen eskutik

Urola Kostako Hitza 2011ko mar. 16a, 18:03

Martxoaren 27ra bitartean hitzaldi, kantaldi, bertso-jolas eta bertso saioez gozatu ahal izango dute zaleek

Erniarraitz Bertsozale Elkarteak Udaberriko Bertsoaldia antolatu du Azpeitia, Azkoitia eta Errezilgo udalen eta Domusaren laguntzarekin. Garai bateko Bertso Astea izena aldatuta aurkeztu dute, baina izena aldatu izanagatik, ez da ekimenaren helburua aldatu; bertsoaz gozaraztea, alegia. Horregatik, adin eta era guztietako bertsozaleentzat egokituriko egitaraua prestatu dute. Leire Ibarguren azpeitiarrak emango dio hasiera Udaberriko Bertsoaldiari, bihar arratsaldean, hitzaldi batekin. Martxoaren 27ra bitartean, gaztetxoentzako bertso jolasak, bertso-afaria eta puntako bertsolariak bilduko dituen bertso-tramaz gozatu ahal izango dute zaleek. Azpeitian, Azkoitian eta Errezilen izango dira hitzorduak.

Bestetik, Erniarraitzek abian jarritako Hiru bertso biribilguneari bertso lehiaketara bertsoak aurkezteko epea igande honetan amaituko da. Irabazleak Letea jatetxean bi lagunentzako afaria irabaziko du; bigarren bertso onenaren egileak, berriz, 2009ko finaleko DVDa eta liburua.

Egitaraua

  • Martxoak 17, osteguna
  • Martxoak 18, ostirala
    • 22:00. Piano bat bertsotan emanaldia eskainiko dute azkeneko aldiz Jagoba Astiazaranek, Ainhoa Ansak eta Beñat Gaztelumendik, Sanagustin kulturgunean. Kafe kantaldia izango da, kafea eta pastak eskainiko baitituzte emanaldian zehar.
  • Martxoak 19, larunbata
    • 17:00. Gaztetxoentzako bertso-jolasak izango dira Azkoitiko Elkargunean.
  • Martxoak 25, ostirala
    • 20:30. Bertso-afari desafioa izango da Errezilen, Letea Jatetxean. Errezil Azpeitiaren kontra. Errezilgo taldean Joan Joxe Eizmendi Loidisaletxe, Nekane Zinkunegi eta Eneritz Arzallus ariko dira; Azpeitiko taldean, berriz, Beñat Lizaso, Aritz Etxeberria Ministro eta Josu Oiartzabal Xenpelar bertsolariak.
  • Martxoak 27, igandea
    • 18:00. Bertso-trama izango da Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Bertsolariak Jon Maia, Unai Iturriaga, Igor Elortza eta Maialen Lujanbio izango dira. Tramagile lanetan, Erniarraitz Bertso Eskolako kideak ariko dira.