Sahatsa, 35 urtez loretan

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2011ko api. 1a, 19:04
Urrestillan sortu zen taldea. Argazkia hasierako urte haietakoa da. (SAHATSA)

Urteurrena ospatzeko, batez ere dantza tradizionalez osatutako emanaldi "koloretsu eta indartsua" eskainiko dute igandean, Sanagustin kulturgunean, 19:00etatik aurrera

Sahatsa dantza taldearentzat urte berezia da aurtengoa. 35 urte igaro dira, Frankismoa amaitu berritan, lagun talde batek euskal dantza talde bat osatzea erabaki zuenetik. Urrestilan bizpahiru urtez eta Azpeitiko azoka plazan 15 urtez egoitza izan ondoren, Azkoitiko Baztartxoko entsegu gelan aritzen dira gaur egun. Loretan jarraitzen du sahatsak. Azpeitiko eta Azkoitiko dantzariz osatutako talde oparoa da, konprometitua eta lanerako gogoz jarraitzen duena.

Urteurrena ospatzeko, ikuskizuna prestatu dute iganderako. Sanagustinen izango da, 19:00etatik aurrera, eta zazpi herrialdetako dantza tradizionalez osatutako ikuskizun "indartsua eta koloretsua" prestatu dute. "Dantza tradizionalez gain, taldeko eta bikoterako koreografiak ere eskainiko ditugu", dio taldekide Aitor Sorazuk, "baina, tradiziotik joko dugu gehien bat. Jendeak gozatzeko ikuskizuna izango da".

Data oraindik zehaztu gabe badago ere, igandean Azpeitian eskainiko duten ikuskizuna Azkoitian ere eskaintzeko asmoa dute. Izan ere, taldeak sorreratik izan ditu bi herrietako partaideak eta bailarako ikuspegia. Gainera, urteurrena atzerriko jaialdiren batera joanez ere ospatu nahi luke taldeak.

Betiko helburuei eutsiz

Urte hauetan guztietan izan dira aldaketak Sahatsa taldean, baina funtsean dantza tradizionalak ikastea, erakustea eta jendeari eskaintzea xede zuen taldea izaten jarraitzen du. "Betiko asmo berak ditugu. Urte asko daramagunok aldaketak ikusten ditugu, noski. Azpiegitura aldetik, adibidez, garai batean taldekideek muntzatzen zuten oholtza, argiteria edo soinu ekipoa. Eta orain enpresa bat kontratatzen da lan horietarako", azaldu dute Sorazuk eta Juan Luis Lizabe kideek. Argi dute, ordea, garai bakoitzak bere ezaugarriak izan dituela. "Aurreko urteetako lanari esker da egun Sahatsa den bezalako dantza taldea. Hori oso argi dugu".

Balore aldetik nabari daiteke, beharbada, aldaketa handiena. "Diktadura amaitu zenean, euskal nortasuna erakusteko grina zegoen eta jendeak horrelako taldeetan parte hartzeko gogoa zuen. Konpromisoa handia zen", dio Lizabek. Gaur egun, garaietara moldatzeko "malguago" izan behar dutela diote. "Orain gazteak udan kanpora joaten dira ikastera, abuztuan oporretara joaten da jendea eta, beraz, zailagoa da talde osoa urte osoan eskura edukitzea".

Gaur egun taldera hurbiltzen diren gazteak, dantza bera gustatzen zaielako gerturatzen dira, euskal nortasunarekin bat egin behar horregatik baino gehiago. "Aurretik inoiz dantza egin ez duten batzuk etortzen dira. Beste batzuk hainbat eskolatatik etortzen dira: Azkoitiko musika eskolatik edo Luis Alberdi Beltza-ren eskolatik, esaterako. Beste batzuk taldean dauden lagunen bitartez animatzen dira. Dantza bera egiten zaie deigarria, ikuskizuna bera", diote.

Ikusleen jarrera ere aldatu egin dela ikusten dute: "Lehen gehiago lotzen zen euskalduntasunarekin, irrintzi espontaneoak ere izaten ziren emanaldietan. Gaur egun, gehiago da ikuskizuna".

Dantza aldetik ez dute aldaketa handirik izan. "Tradizionalari eusten diogu. Egon zen bolada bat gauza berriak sortzera ausartu ginena, baina tradizionaletik oraindik asko geneukala ikasteko konturatu ginen, eta horri eustea erabaki genuen". Ikasteko modua aldatu da, ordea, urte hauetan guztietan: "Garai batean beste herrietara joaten ginen, dantza saioak ikusi eta ikastera. Dantza bakoitza bere testuinguruan ikusteak ere laguntzen du ikasten eta dantza hori ulertzen". Gaur egun ikastaroetan ikasten dute gehien, eta noski, Internetek ere ikerketa aldetik eta ikasketarako asko laguntzen duela aitortzen dute.

Atzera begiratzean

Anekdota eta bizipen ugari datozkie burura taldekideei urteetan atzera begiratzen dutenean. Sahatsaren lehen emanaldia Loiolan izan zen, San Jose jaietan. IkurriƱaren makila hautsi egin zitzaien dantzara ateratzera zihoazela. Baserriz baserri galdetuta, azkenean behiak zirikatzeko makilan lotu behar izan zuten zapia.

Barrez gogoratzen dute kaseteak erabiltzen ziren garaia. Dantzan hasi eta justu jauzia zetorrenean kasetea gelditu zenekoa, adibidez. "Hiru aldiz hasi eta hiru aldiz gelditu ondoren, azkenean hurrengo dantzara pasatu behar izan genuen". Londresko turismo jaialdi batean, euren dantzak ikusteko bildu zuten jendetzagatik Regent Street kolapsatu eta polizia etorri zenekoa ere ondo gogoan dute.

Nola ahaztu Greziara, Suitzara edo Portugalera eginiko bidaiak. "Momentuan une onak eta txarrak, denak pasatzen dituzu, baina orain atzera begiratuta izugarrizko esperientziak izan direla konturatzen zara", dio Sorazuk. Horrelakoetan, gainera, beste taldeetatik ere asko ikasi dutela onartzen dute: "Nola mugitzen diren, janzkerak, oholtza nola betetzen duten eta abar".

Etorkizun argitsua

Beste talde batzuk ez bezala, gorantz egin ostean, maila jakin bat lortu eta bertan mantendu da Sahatsa. "Lidergoa eta ilusioak transmititzeko gai garen bitartean, hor jarraitzea da gure helburua".

Gaur egun Azkoitiko eta Azpeitiko 40 lagun inguruko taldea da Sahatsa. Taldearekiko konpromisoa dute, eta batzuek irten ahala sartzeko prest dauden dantzari gazteak ere badaude. Beste 35 betetzeko baldintzak baditu taldeak oraindik.