Bilduk irabazi ditu udal hauteskundeak, gehiengo osoarekin

Uztarria.eus 2011ko mai. 22a, 23:05

Bilduk 11 zinegotzi lortu ditu, EAJk 5 eta Hamaikabatek 1

Aralarrek, PSE-EEk eta PPk ez dute zinegotzirik lortu

Botoen %100 zenbatuta dagoela, Bilduk irabazi ditu Azpeitian 2011ko udal hauteskundeak. 11 zinegotzi lortu ditu, 4.333 botorekin. EAJ izan da bigarren alderdia: 2.219 botorekin, 5 zinegotzi lortu ditu. Hirugarrena, berriz, Hamaikabat izan da 483 botorekin eta zinegotzi bat eskuratu du.

Aralarrek, PSE-EEk eta PPk ez dute zinegotzirik lortu, baina 325 boto, 213 boto eta 185 boto lortu dituzte hurrenez hurren.

Azpeitian udal hauteskundeetan gaur 7.960 boto jaso dira guztira, eta abstentzioa % 27,89koa izan da. 138 boto zuri eta 64 baliogabe egon dira.

Ekainaren 11n izango da kargu-hartze ekitaldia udaletxeko areto nagusian. Eneko Etxeberria Bildu koalizioko alkategaia izango da datozen lau urtetan Azpeitiko alkatea, gehiengo osoa lortu baitu Bilduk Azpeitian.

Emaitzak

Zinegotziak

(Egin klik handiago ikusteko)

Balorazioak

Udal hauteskunde hauetako emaitzak jakinda, alderdi guztietako zerrendaburuen balorazioak jaso ditu uztarria.com-ek.

Eneko Etxeberria (Bildu): "Apaltasunez hartu ditugu emaitzak. Gure nahia ez da gure proiektua inposatzea. Elkarlana izango da gure lerro nagusia eta denontzako Azpeitia eredu berri bat bultzatuko dugu. Alderdi guztiekin saiatuko gara herritarren arazoak konpontzen. Parte-hartzea sustatuko dugu eta ateak irekita izango ditugu".

Jesus Larrañaga (EAJ): "Ez genituen emaitza hauek espero, baina emaitzak ikusita argi dagoena da garai berri bat datorrela eta gauzak beste era batera antolatu beharko ditugula. Alde horretatik prest gaude Udalean lan egiteko Bildukoekin eta baikortasun honekin aurrera egiteko". Emaitzek herriko etorkizunean nola eragiten duten galdetuta, “ardura hori Bilduren esku” gelditzen dela adierazi du, “hark jartzen duen bidetik saiatuko gara ekarpenak egiten eta gauzak ahalik eta ondoen egiten”. “Emaitzak ez dira onak, ez da gozoa izaten, baina bihar atzera berriz eguna hasiko da eta lanean hasiko gara, ez dago misterio gehiago”.

Aitor Aranguren (Hamaikabat):“Guk ordezkaritza bat nahi genuen, Udalean sartzea, eta lortu dugu. Alde horretatik, eskerrak eman nahi dizkiegu gurekin konfiantza izan duten denei. Gu hor egongo gara Udalean, lanean. Enekori zorionak eman nahi dizkiogu, egundoko emaitzak lortu baitituzte. Eta, PNVk benetan hausnarketa serioa eta sakona egin behar du”. Emaitzek herriko etorkizunean nola eragiten duten galdetuta, “Bilduk gehiengo absolutua edukita elkarlanerako zer aukera izango ditugun ez dakigu. Hori agintean dagoenak hartzen duen jarreraren gain dago. Herria nahi duten bezala eraikitzeko karta guztiak mahai gainean ditu Bilduk. Ikusiko dugu.”

Juan Karlos Arellano (Aralar): "Digeritu egin beharko dugu. Gipuzkoan ere emaitza onak eduki ditu Bilduk. Espektatiba asko sortu duen erabakia izan da, eta jendeak espektatiba horren baitan zerbait ikusi du. Bilduk ardura potoloa du, eta orain hori kudeatu beharko du.Datuak ditugunak dira. Onartu egin beharko ditugu emaitzak. Baina, beno, ondo. Geure lana egiten jarraituko dugu, hemen ez da bukatzen dena. Atzera begiratu, eta aurrera begiratu behar dugu, zer egin dugun eta zer egin behar dugun hausnartzeko".

Gipuzkoako Batzar Nagusietako hauteskundeak

Udal hauteskundeekin batera, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako batzarkideak aukeratzeko eguna ere izan da gaur Azpeitian. Horietan ere Bildu izan da nagusi herrian. Hona emaitzak .