Tuba maite dutenentzako astebukaera

Uztarria.eus 2011ko eka. 8a, 21:06
II. Tuba Jaialdiaren antolatzaileak.

Ekainaren 10ean eta 11n egingo dute herrian II. Tuba Jaialdia

"Inguruko tubistak elkartzea eta jendeari instrumentua ezagutzera ematea" izango dira aurtengoan ere helburu nagusiak

Tuba eta bonbardino soinuz beteko da Azpeitia datorren ostiral eta zapatuan. Metal Boskoteak sustatuta, ekainaren 10ean eta 11n egingo dute herrian II. Tuba Jaialdia, iazko estreineko edizioari jarraipena emanez. 2010ean, izan ere, "ezusteko atsegina" izan zuten antolatzaileek, Agustin Jimenezen esanetan, tubaren munduan maisu eta itzal handiko musikari direnek erantzun ziotelako Azpeititik egindako deiari, eta arrakastatsua izan zen jaialdia. "Inguruko tubistak elkartzea eta jendeari instrumentua ezagutzera ematea" izango dira aurtengoan ere helburu nagusiak.

Aurten ere tuba jotzaile ezagunak izango dira Azpeitian. Oscar Abellak (Euskadi Orkestra Sinfonikoaren tuba bakarlaria), Kenny Rithek (Bilboko Orkestra Sinfonikoaren tuba bakarlaria), Juan Carlos Ribellesek (Donostiako Kontserbatorioko maisua), Gerard Portellanok (Baionako Kontserbatorioko maisua), Luis Gimenok (Musikeneko maisua), Joaquin Diazek (Gasteizko Musika Bandaren bonbardino bakarlaria) eta Izaskun Oconek (goi-mailako musikaria, zenbait musika eskoletako maisua) baieztatu dute Azpeitian izango direla, eta goi-mailako musikari gehiago ere bertaratzea espero dute antolatzaileek.

Maila eta adin guztientzat

Dena den, eta Agustin Jimenezek jaialdiaren aurkezpenean behin eta berriz azpimarratu zuenez, Tuba Jaialdia maila eta adin guztietako tuba eta bonbardino jotzaileentzat irekita egongo da: "Profesionalak etortzea ona da, baina aberasgarriena maila guztietakoak elkartzea da".

Esperientzia eta instrumentuaren sekretuak elkartrukatzea izango da parte hartuko duten musikarien helburuetako bat, baina ez bakarra. Jaialdiaren beste ardatza, tubaren doinuak jendeari helaraztea izango da. Horretarako, bi kontzertu eta jam session bat antolatu dituzte. Aurreneko kontzertua ostiralean, ekainak 10, izango da. Tuba Ensemble izena jarri diote emanaldiari, hamar-dozena bat musikok joko dutelako, formato txikian. Sanagustinen izango da kontzertua, 19:30ean. Eta, ostiralean bertan, iluntze parterako, ISB tabernan jam session bat iragarria dute.

Larunbatean, 09:00etan hasi eta iluntzea arte luzatuko den jardunaldi mamitsua izango dute Tuba Jaialdiko parte-hartzaileek. Bazkaldu eta afaldu -afaria izango da jaialdia agurtzeko zita- elkarrekin egingo dute eta, tartean, instrumentua lantzeko saioak eta entseguak egingo dituzte. Entseguak, 19:30ean Sanagustinen emango duten kontzerturako. Jendaurreko azken saio hori orkestra formatoarekin emango dute. "Instrumentu hau promozionatu nahi dugu, topikoak baztertzen lagundu. Aukera asko ematen ditu tubak", dio Jimenezek.

Euskal Herrian bakarra

Azpeitikoa da tubaren bueltan Euskal Herrian egiten den jaialdi bakarra. Saxofoi eta klarinete jaialdiak -azken hau Zumaian- egiten dira, baina tubaren inguruan Azpeitian hasi dira elkartzen. "Espainian, Valentzia aldean-eta, tradizio gehiago dauka instrumentuak, eta goi-mailako ikastaroak-eta antolatzen dituzte. Guk ere nahiko genuke, laguntzak izanez gero, honetan geratu beharrean zerbait gehiago egitea, talde profesionalak-eta ekarriz", azaldu du Jimenezek.