Falta ziren bi liburuak aurkeztuta, osatu dute 700. urtemugako bilduma

Urola Kostako Hitza 2011ko eka. 9a, 12:06
Lazkano, Valverde, Mendizabal eta Aizpuru, aurkezpenean. (Olatz Prat)

Aizpuruk atzoko eta gaurko Azpeitiari buruz idatzi du

Valverdek, berriz, genero harremanen inguruan

Atzo aurkeztu zituen Azpeitiko Udalak 700. urteurreneko liburuen bilduma osatzeko gelditzen ziren bi liburukiak. Modu honetan, herriko ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren historia biltzen duen lana osatu da.

Udaleko kultur zinegotzi Ana Mendizabalek adierazi zuenez, "liburuetan sorpresa asko eta lezio bat baino gehiago" aurkituko ditu irakurleak, herriko historia eta gaur egungo Azpeitiaren jatorriaz gehiago ikasteko aukeraz gain.

Lehen bost liburuak dituztenek 20 euro ordainduta eskuratuko dituzte azken bi liburuak. Bilduma osoak 70 euro balio du, eta liburuak banaka erosita, 15 euro bakoitzak. Azpeitiko Udaleko Kultura Sailean eros daitezke.

Lehengo eta gaurko Azpeitia

Mikel Aizpuruk idatzitako Antzinako Azpeitiatik, Azpeitia berrira da atzo aurkeztutako liburuetako bat. Egileak adierazi zuenez, liburua funtsean galdera bati erantzuteko arrazoietan eta datuetan oinarritzen da: Zergatik ez zen hazi Azpeitia, XIX. mende amaieran eta XX.aren hasieran gainerako herriak bezala? "Oinarrian Azpeitia ez bazen besteak bezala hazi, komunikabiderik ez zegoelako izan zen". Urolako trena egitean desblokeatu eta aireratu zen, nolabait, Azpeitia.

Bi zati nagusitan banatu du egileak liburua. Lehen zatia 1836tik 1923ra doan epean kokatu du, lehenengo industrializazioaren garaian. Garai hartan herriak izan zuen bilakaera, kultura eta Elizak zuen eragina bildu du liburuan. Baserritarrek herrian zuten garrantzia nabarmendu zuen Aizpuruk aurkezpenean. "1920 inguruko hauteskundeetan herriko bilakaera politikoan garrantzia izango zuen baserritarren zerrenda aurkeztu zuten", esan zuen.

Bigarren garaian, 1923an, Primo de Riveraren aginte garaian, hazi zen herria, ia 10.000 biztanle izateraino. Karlistek boterea nola galdu eta jeltzaleek nola irabazi zuten kontatzen du liburuan Aizpuruk, baita industriaren sorrerarekin lehen gatazkak eta lehen sindikatuak sortzen joan zirela ere. Anekdota moduan kontatu zuen egileak honakoa: "1925ean UGTk egoitza zuen Azpeitian, eta maiatzaren 1a, langileen eguna, meza batekin ospatu zuten. Ez dut uste askotan errepikatuko zenik hori".

Gizon eta emakumeak

Lola Valverdek idatzi eta Edurne Lazkanok euskarara itzulitako liburuak, Familia, ezkontzak eta genero arteko harremanak Azpeitian, Azpeitiko gizon eta emakumeen arteko elkarbizitza ohiturak jasotzen ditu.

Ezkontza eskubideak, oinordetzarenak edo emakumeen lanari buruzko kontuak bildu ditu Valverdek. Aurkezpenean aipu berezia egin zien, "gehien hunkitu" dituen bi emakumeri: "Marina de Ulacia, batetik. Alargundu ondoren bi burdinola gidatu zituen emakumeak, eta argi uzten zuen nork agintzen zuen han. Testamentuan jartzen du Ez du sinatzen, ez dakielako. Idazten jakin gabe zutik eusten zien lantegiari eta familiari". Goraipatu zuen beste emakumea, Juana Josefa Bereziartua izan zen: "Tolosatik etorri zen maistra. 1883an erretdekretu batek maisuen eta maistren soldatak berdinak behar zutela ezarri zuen; soldata igoera eskatu zuenean, Udalak ezetz esan zion, ez emakumea zelako, dirurik ez emateko baizik. Azkenean, lortu zuten agintariei sinistaraztea maistraren titulua ez zela legezkoa eta ez zioten soldatarik igo".

Gizon eta emakumeen arteko sexu harreman eta ohiturei ere liburuaren kapitulirik zabalena eskaini die Valverdek. Ezkontzatik kanpo jaiotako haur gutxiago jaio zen Elizaren eraginez, baina, aldi berean, abandonatutako haurren fenomenoa sortu zela kontatzen du. Baita bortxaketek, heriotz zigorra izanik, ofizialki existitzeari utzi ziotela, horien gaineko prozesurik ez zegoela, alegia. Baina indarrezko estupro izenpean, bortxaketa lazgarriak gertatzen eta jasotzen ziren.