Oier Etxeberriaren 'LaLana' proiektua iraila bitartean ikusgai izango da Gasteizen

Urola Kostako Hitza 2011ko eka. 9a, 19:06
Etxeberriak Gasteizen erakutsiko duen lanetako bat.

Montehermoso Kulturuneak bihar, ostirala, Artea eta Ikerketa izeneko ekimenaren barruan zabalduko duen erakusketan hartuko du parte

Musika eta arte plastikoak uztartzen ditu artista azpeitiarrak, hainbat euskarriren bidez collage erako artelana osatuz

Gasteizko Montehermoso Kulturuneak Artea eta Ikerketa izeneko ekimenaren barruan erakusketa zabalduko du bihar, ostirala, ekainak 10. Bertan ikusi ahal izango da Oier Etxeberria Ministro azpeitiarraren LaLana izeneko proiektua.

Gasteizko kulturguneko Artea eta Ikerketa ekimeneko 2010eko deialdian hartu zuen parte Etxeberriak eta baita beketako bat irabazi ere. Montehermosok arte garaikideko proiektuak bultzatu, erakutsi eta zabaldu nahian sortu ditu bekak. Beste zazpi artistekin batera hartuko du parte erakusketan. Izan ere, Erick Beltran, June Crespo, Agnieszka Kurant, Marina Naprushkina, Filipa Raposo eta Ainitze Sarasola, Praneet Soi artisten proposamenak ezagutzeko parada emango du erakusketak.

Bihar hasi eta datorren irailaren 18ra arte ikusi ahal izango da bilduma Fray Zacarias Martinez kalean dagoen Montehermoso kulturgunean. Asteartetik igandera 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik erakusketa. Astelehenetan, berriz, itxita egoten da kulturgunea.

Artelan hibridoa

Bihar 20:00etatik Montehermoson ikusgai eta entzungai egongo den Oier Etxeberriaren lana artelan hibridoa da. Musika eta arte plastikoak uztartzen ditu artista azpeitiarrak, hainbat euskarriren bidez collage erako artelana osatuz. "Jendetzak sortzen duen builaren eta aklamaziozko adierazpenen inguruan taxutu dut proiektua, urtebeteko ikerketa egin ondoren", adierazi du Etxeberriak.