"Figura gutxiago" izango dira aurten saninazioetako zezenketetan

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2011ko eka. 10a, 12:06
Ezkerretik eskubira, Uranga, Beobide, Iriarte, Gallo, Eizmendi, Iriarte, Macias, Sanchez eta Olaizola.

"Kalitatezko zezenak toreatzaile gazte eta adoretsuak" izango dira uztailaren 30ean eta 31n eta abuztuaren 1ean

Miren Artetxe Eizagirre izan da Zezenzale Batzordeak antolatutako kartel lehiaketako irabazlea

Atzo aurkeztu zuten Sanagustin kulturgunean aurtengo Saninazio jaietako zezenketa kartela. Bertan izan ziren Azpeitiko Zezenzale Batzordeko lehendakari Joxin Iriarte, Azpeitiko jarduneko alkate Julian Eizmendi, Pedraza de Yeltes ganadutegiko nagusi Luis Uranga eta arduradun Jose Ignacio Sanchez, Arturo Macias eta Eduardo Gallo toreatzaileak, eta Zezenzale Batzordeko kide Jabier Beobide, Iñaki Olaizola eta Txetxu Iriarte.

Hilaren 25ean egingo dute desenkajonamentua , eta orduan aurkeztuko dituzte zezenketetan izango diren ganadutegiak; Adolfo Martin Andres, Palha eta Pedraza de Yeltes dira aurtengo ganadutegiak.

Uztailaren 30ean, 31n eta abuztuaren 1ean izango dira hiru zezenketak. Lehen zezenketan Ivan Fandiño, David Mora eta Eduardo Gallo toreatzaileak izango dira. Uztailaren 31n, Jose Pedro Prados El Fundi , Luis Bolivar eta Paco Ureña; eta abuztuaren 1ean Leandro Marcos, Arturo Macias eta Alberto Aguilar. Zezenketak 18:00etan izango dira, eta aukeraketak 12:00etan egingo dituzte.

Ilusioak plazan

Krisiaren ondorioz, aurrekontua murriztu egin dute. "Lastima da aurten Jose Maria Manzanares, Alejandro Talavante edo Manuel Jesus El Cid bezalako toreatzaileak ez izatea", adierazi du horren harira Joxin Iriartek. "Figura gutxiagorekin" osatutako kartela da aurtengoa. Horregatik, lehendakariaren ustez "zezenak izango dira aurten feriako protagonistak".

Arturo Macias toreatzailea Azpeitian jardutearekin pozik agertu zen. Iaz zezenketetan parte hartzekoa zen, baina herrirantz abiatu baino egun batzuk lehenago adarkada jaso zuen, eta ezin izan zuen Azpeitian izan. Aurten beraz, "gogotsu" dator: "Ea jendea dibertitzen den, eta pozik ateratzen den plazatik". Eduardo Gallo toreatzailea ere "ilusioz beterik" dator Azpeitira. "Nire familiaren zati bat Donostikoa da. Gainera, han bizi izan nintzen txikitan, eta, beraz, Azpeitian toreatzea etxean toreatzea bezala da niretzat", zioen aurkezpenean. "Nire jendea gertu dela, ahalegin hirukoitza egingo dut plazan".

Pedraza de Yeltes ganadutegiak Azpeitian egingo du zezenekin debuta. Jose Ignacio Sanchez arduradunak zera adierazi du: "Ilusio handia egiten digu, eta zezenketa ongi prestatua dakargu, pisudun eta aurpegi ederdun zezenekin. Xehetasun guztiak kontuan hartzen ari gara, dena ondo joan dadin". Ganadutegiaren jabe Luis Urangak "debut perferktu" gisa definitu zuen estraineko zezenketa. "Azpeitia ez da Las Ventas, ez da plaza garrantzitsuena, baina bada guk gehien sentitzen duguna". Ekartzekoak diren zezenak Madrilgo Las Ventasko lehen nobilladako zezenkoen "anaiak" direla adierazi zuen Urangak. "2+2=4 eragiketak nonbaiten funtzionatzen ez badu, hori zezenketetan da. Baina haiek bezain onak direla uste dugu. Ea arratsalde historikoa izaten den".

Azpeitia ezagutaraztea

Julian Eizmendik legealdian Zezenzale Batzordearekin izandako lankidetza nabarmendu zuen. "Zezenketen bitartez Azpeitia kanpoan ezagutaraztea izan da helburua".

Iaz bezala, aurten ere Miren Artetxe Eizagirre izan da Zezenzale Batzordeak antolatutako kartel lehiaketako irabazlea. 1.000 euro irabazi du.