Bakardadearen Kapera ikusteko bisita gidatuak egingo dituzte ekainaren 18an

Uztarria.eus 2011ko eka. 14a, 20:06

Iraurgi Lantzenek antolatu ditu 40-45 minutu iraungo duten doaneko bi bisitaldiak, 12:00etan eta 13:00etan

Miren de Miguel irakasle eta Bakardeko Kaperan aditua denak gidatuko ditu bisitak

Joan den Aste Santuan egin bezala, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian dagoen Bakardadearen Kapera "herritarrei ezagutzera emateko" helburuarekin bisita gidatuak antolatu dituzte datorren larunbaterako, ekainak 18. Iraurgi Lantzenek antolatu ditu 40-45 minutu iraungo duten doaneko bi bisitaldiak, 12:00etan eta 13:00etan. Parte hartu nahi dutenek ordurako parroki aurrera agertzea besterik ez dute egin beharko. Miren de Miguel irakasle eta Bakardeko Kaperan aditua denak gidatuko ditu bisitak.

Bakardadearen Kapera "Berpizkunde garaiko altxor" bezala aurkeztu izan dute arte eta historia adituek. 2002tik 2006ra karepa birgaitzeko lanak egin ondoren, joan den apirilean Iraurgi Lantzenek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmena sinatu zuten, Bakardadearen Kapera gizarteratzeko. Hor kokatzen dira harrezkero antolatu dituzten bisita gidatuak, datorren larunbatekoak kasu.

Bestalde, www.urolaturismo.net webgunean orrialdean kapera erakusten duen bideomuntai labur bat ere jarri dute ikusgai. Kaperari buruzko xehetasunak eta zaharberritze lanen berri ematen duen DVDa ere salgai dago Loiolako Turismo Bulegoan, 6 euroren truke, eta bisita egunean bertan ere nahi duenak eskuragarri izango du kaperan bertan.