Fernando Morillo: "Barruko umeak idazten du, eta akademiko serioak zuzendu"

Urola Kostako Hitza 2011ko eka. 16a, 19:06
Fernando Morillo, bere azken liburuetako bat esku artean duela. (LEIRE VENTAS)

Idazteko denbora gutxi duela kexu da Fernando Morillo, baina idazle ezin emankorragoa da

Baditu 25 liburu argitaratuta, eta maiatzean gaztetxoentzako beste bi kaleratu ditu, denboran zeharreko bidaiei buruzkoak

Paris buruan duela amaitu du elkarrizketa Fernando Morillok (Azpeitia, 1974). Ikusi beharreko film bat darama apuntatuta: Woody Allenen azkena, Midnight in Paris (Gauerdia Parisen). Galderak egiteagatik gertatzen zaio hori. Amets ehiztaria da, izan ere.

"Idazle ofizioa definitzerakoan ehiztari hitza erabiltzea arriskutsua da. Sareak botatzea da gehiago, airean dabiltzan ideiak harrapatzeko. Amets ehiztaria izatea. Baten batekin elkartzen naizenean ze amets dituen ateratzen saiatzen naiz, ze beldur. Horiek harrapatzen saiatzen naiz, eta ez da plagioa. Oso polita da, zure liburu bat irakurri duen norbait gerturatzea esanez: Izugarri identifikatu naiz pertsonaia harekin, edo egoera honekin. Hori da helburua. Irakurtzen ari dena irakurtzen ari dela ahaztea".

Momentuz, ordea, ez da erabat amets ehiztari. Nomada kontalaria da. Eta dena bere hitzetan. Eskolaz eskola ibiltzen da, bere irakurleen (edo irakurle potentzialen) saioak eskaintzen.

Badu "proiektu potolo bat" eskuartean, edizio munduan berrikuntzak ekarriko omen dituena, eta idazle gisa "libreago" egingo duena. Martxan jartzerako, ordea, kalean izango da akaso Multibidaiariak bildumako beste eleberriren bat. Bi aurkeztu ditu, Elkar argitaletxearen eskutik: Heriotzaren soinekoa. Japonia: Ezpata, ispilua eta harribitxia, eta Lehoien dantza. Grezia: Jolasa eta odola.

Denbora eta espazioaren hesiak gaindituz, historiaren hainbat alditara egiten dute bidaia protagonistek, ordenagailu bat eta kristalezko kubo baten laguntzaz. Gaztetxoentzako eleberriak dira. Horretaz guztiaz aritu da Morillo Urola Kostako Hitza-rekin.

Multibertsoa, logika fuzzia... Kontzeptu fisikoak nahiz filosofikoak dira. Zure bi zaletasun uztartu dituzu Multibidaiariak sailean?

Bai, erabat. Horiek ezin ditut gainetik kendu.

Multibertsoaren teorian sinesten al duzu?

Sinestu edo ez sinestu, zientziak dio aukera handiak daudela unibertso bat baino gehiago egoteko. Nik jolastu egin dut, baina akaso egia izango da. Zientziak ekartzen didana eta nik jolas koherentea egiteko behar dudana nahasten ditut. Idazterako orduan sineskeriak alde batera utzi behar dira. Ahalik eta itxura sinesgarriena eman behar zaio testuari, literaturtasunaren barruan, beti ere.

Funtsean bidaia bati buruzko istorioak dira Mutibidaiariak bildumako lanak. Abenturazalea al zara literaturatik kanpo?

Aspaldi ikasi nuen erakartzen nauenaz eta ezagutzen dudanaz idatzi behar dudala. Liburuan azaltzen dudan mundua ez dut ezagutzen, baina bai pertsonaien arteko ika-mika sentimental abenturikoak, eta ikaragarri gustatzen zaizkit. Egiten dudanaz idatzi behar dut. Saltsa asko egin ditut, eta horiek mozorrotzen saiatzen naiz, zientzia giroa emanez. Bai, banaiz, erabat. Horrelakoak irakurtzen ditut, horrelakoak bizitzen saiatzen naiz, eta, orduan, horrelakoxeak ateratzen zaizkit.

Irakurzalea zara, gazte-gaztetatik. Zure webgunean diozu orojalea zarela zentzu horretan, baina erreferentzietan zientzia fikziora jotzen duzu. Baita zineman ere. Zein dira zure iturriak?

Gustuko dut mundu hori, baina deskonektatu ere egiten dut. Zinema karteldegiari begira ari nintzaion, eta pelikula bat ere ez zait ezaguna egin. Konan ematen dutela ikusi dut, adibidez, eta Konanen egilea izugarri gustatzen zait; oso bizitza abentureroa izan zuen, eta oso ondo idazten zuen. Abentura filmak asko gustatzen zaizkit, baina aspaldi kendu nuen gainetik presioa, egunean egon beharraren presioa. Iazko liburuak lasai asko irakurtzen ditut orain. Asko irakurtzen dut, baina erabat libre. Begiak ixten ditut, eta patuari uzten diot, ea zer ekartzen didan.

Teknologia berri zalea ere bazara.

Pare bat tramankulu asko erabiltzen dut, eta horrek nolabaiteko teknologo ospea eman dit. Baina beste tresna asko dago ezagutu ere egiten ez ditudanak. Baina erabiltzen ditudanak bai, asko errazten didate lana, idazterako orduan. Izan ere, nik ezin diot hari bati heldu eta amaierara arte jarraitu, ez literaturan ezta bizitzan ere. Teknologiak ideiak biltzen laguntzen dit. Lehen erdiak galdu egiten nituen, kotxean bururatzen zitzaizkidanak, motxilaren batean utzitakoak...

Gailu kuriosoen zerrenda duzu webgunean (www.fernandomorillo.eu), gomendio eta guzti. Eyezone delakoa erabiltzen al duzu, benetan?

Bai, baina Chi masaje makina gehiago, bizkarrerakoa. Iparraldeko herri batean, haur batek oso ideia polita eman zidan. Idazleok horrelakoak gara, besteen ideiak ehizatzen ditugu. Trastoa zertarako zen galdetu zidanean, esan nion "idazleok ideiak airetik hartu behar ditugu, eta nik, gabe nagoenean, jantzi eta botoiari ematen diot, ideiak harrapatzeko". "Proba al dezaket?", galdetu zidan, eta nik jantzi egin nizkion. Botoiari eman nion. Eta bibratzen ari zenaren itxura egiten hasi zen: "Egia da, ideiak!".

Teknologia horiek guztiek zure irakurleengana hurbiltzen laguntzen al dizute? Izan ere, zu baino gazteagoak direnentzat idazten duzu.

Beno, batzutan ni baino dexente zaharragoak ere gerturatzen zaizkit, nire liburua asko gustatu zaiela esatera, lotsez. Nik gustuko dudana idazten dut.

Oraingo gazteentzat liburu hutsa historiaurrea da, paper hutsa, interakziorik gabea. Nire istorioa kontatu nahi dut, baina irakurleen hizkuntzan. Orain asko egoten naiz gazteekin, eta galderak egiten dizkiet etengabe: "Zer iruditzen zaizue? Zer gustatu zaizue? Zer ulertu duzue hemen?". Nire istorioa ahalik eta ondoen komunikatu nahi dut. Hori da nire obsesioa: nire istorioa kontatu, baina norentzat den ahaztu gabe. Eragin truke etengabea da. Ideia asko hartzen ari naiz, etengabe.

Nolakoa da zure sortze prozesua?

Hiru ordu egon banaiz itsasoari begira, ezer egin gabe, gero bost ordu igarotzen dut zulo batean, etengabe idazten. Burua libre uzten ari naiz, gero eta gehiago. Meditatzen ikasi dut, arte martzialak ere horretara bideratu izan ditut, burua kontrolatu eta libre uztera, dantza baten moduan. Urteak daramatzat jolas horretan, eta trikimailuak ditut: meditatu, mendi batera igo, ariketa fisiko oso gogorra egin eta burua pixka bat deskolokatu, edo erdi lo nagoela... Eta hor sortzen diren ideiak hartzen ditut. Barruko ume txikia da hori. Ideiak horiek lotu egin behar dira gero, eta zuzenketak egin...

Zer moduzko tratua duzu gaztetxoekin? Asko egoten zara haiekin, eskolaz eskola ibiltzen zara...

Animaliekin eta gazteekin oso ondo moldatzen naiz. Helduekin eta helduen gauzak egiten aspertu egiten naiz. Mundua ez da hain serioa, seriotu egiten dugu. Eskolaz eskola ibiltzen naiz, eta haiekin konektatzen saiatzen naiz, gazteek aitortzen ez dituztenak aitor ditzaten. Era berean, irakasleengandik ere informazio asko jasotzen dut. Irakasle askok lan handia egiten dute gazteak gal ez ditzagun. Eta niri hori asko interesatzen zait, irakasle batzuk erabiltzen dituzten trikimailuak, gazteak erakartzeko.

Zure liburuak irakurleekin kontrastatzeko aukera duzu, beraz.

Erabat. Gazteak gauza batzutarako oso lotsatiak dira, baina beste gauza batzuk batere iragazkirik gabe botatzen dizkizute. Nire istorioak idazten ditut, baina besteek irakurtzen dituzte. Garai batean konturatu nintzen nik idatzitakoak oso bestera jasotzen zituztela irakurleek. Eta gero eta gehiago ari naiz kontatu nahi dudana kontatzen. Izan ere, idazleak bakardadean idazten du. Zuk zure txokoan, "hau horrela da, eta beste hau horrela", esaten diozu zure buruari, eta horretan oinarrituta muntatzen dituzu istorioak; eta errealitatea 15.000 kilometrora dago. Hori ekiditeko da ona etengabeko joan-etorria. Gainera, gaur egungo gazteak ez dira lehengoak bezalakoak. Gauza batzuetarako bai, baina beste askotarako ez. Eta hor erronka: nola kontatu betiko istorioak, istorio ederrak, gazteek irakurri nahi izan ditzaten, irakurri behar dituztela pentsatu gabe. Akademikoki ari naizela dirudi.

Zuk konszienteki idazten al duzu gazteentzat? Istorioa idazten hasi aurretik irakurlea irudikatzen al duzu, harengana zuzentzeko?

Hori ez da ona. Enkarguz baino ez dut idatzi modu horretan. Nik buruari uzten diot. Istorio asko idazten ari naiz batera, eta guztiak ez dira gazteentzat, baina ez denak. Urtea amaitzeko gutxienez hiruzpalau liburu gehiago ateratzea espero dut. Ez dakit ziur zein izango diren. Umeentzako liburu bat egiten ari naiz, ea asmatu dudan, lehenbizikoa da eta. Beste bat 13 edo 14 urtekoentzat pentsatuta dago, baina oso gotikoa da, beltza, eta akaso adinak gora egingo du. Beste bat helduentzako izango da, krimena, odola eta sexua asko egongo da. Eta beste bat, oso potentea, euskal pertsonaia oso ezagun bati buruzkoa. Ez da ona zeure buruari mugak jartzea. Hamasei urteko protagonistak sortzen badituzu, sumatzen duzu ze adinetako irakurleek helduko dioten eleberriari, baina gero horien barruan sartu behar duzu, eta akaso mamuz beteriko nobela ateratzen zaizu. Gustuko dudana idazten dut. Igual nire burua ere nerabezaroan kateatuta egongo da, eta bide hori hartzen dute nire istorioek. Ezin diozu zure buruari "honi buruz idatzi" esan, barruko umeak ezetz esango baitizu. Eta barruko umea da sortzen duena. Barruko akademiko serioa oso lehorra da, horrek zuzendu baino ez du egiten, ez sortu.

Eta nola ordenatzen duzu burua lau liburu batera idazteko?

Lau ez, berrogei ari naiz idazten. Eta ez da broma. Egun guztia hara eta hona igarotzen dut, eta ohar mordo bat hartzen dut. Pilatu egiten ditut, eta hamar-hamabost liburu oso garatuta ditut, bereziki lau. Horregatik esaten dut teknologiak mesede egiten didala. Nik ezin dut bulego batean sartuta igaro egunak. Irten egin behar dut, haizea hartu, saltoka ibili, musika anitzak entzun... Teknologia berriek erraztu egiten didate hori. Dena den, ez dakit zer irtengo den, lau liburu horiek amaituko ditudan edo besteren bat sartuko zaidan tartean. Angustiarik ez sortzea lortu dut, behintzat. Etorriko da. Askoz errazago lortzen du konexioa buruak.

Angustia gainditu duzula diozu. Baina oso idazle emankorra zara, angustia izateko.

Ba oso denbora gutxi dut. "Zenbat idazten duzun" entzuten dudan bakoitzean, pentsatzen dut: "Jakingo bazenu ze denbora gutxi dudan idazteko...". Denbora gehixeago nahiko nuke idazteko. Bederatzi hilabete eskolaz eskola igarotzen dut, proiektuak, hitzaldiak, bilerak... egiten. Eskuartean dudan proiektuarekin denbora pittintxo bat atera nahiko nuke idazteko. Saioak eskaini bai, baina erdiak. Emankorra naizela... Ikusiko duzu aurrerantzean!