Benito Lertxundi: "Oso garbi ikusten dut Euskal Herriak ez duela ikastolaren antzeko lorpenik izan"

Urola Kostako Hitza 2011ko eka. 24a, 14:06

Musikari oriotarrak kantaldia eskainiko du uztailaren 1ean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan

Kilometroak 2011 ikastolen aldeko jaiari babesa emateko antolatu dute emanaldia

Benito Lertxundi (Orio, 1942) Azpeitian izango da datorren uztailaren 1ean, Kilometroak 2011ren alde Azpeitiko Ikasberri Ikastolak antolatu duen emanaldian. Lertxundik sutsuki babesten ditu ikastolak; "Euskal Herriak izan duen lorpen handiena" iruditzen zaizkio. Baina, haren ustez, "kolorea galtzen" hasi den kontzientzia berreskuratu behar da.

Nola gogoratzen duzu ikastolen sorrerako mugimendua?

Ez Dok Hamairuren garaietan, kantaldi mota asko egin izan behar genuen han eta hemen, ikastolaren aldeko joera handia baitzen orduan. Masiboki orduantxe ari ziren sortzen, nahiz eta esaten zen Ikastola zerbait bakartia zela, etxe eta pisuetan kokatzen zirela. Egia esan, gaurtik begiratuta, ikaragarrizko lorpena iruditzen zait. Urte hauei begiratuta eta gertatu denari begiratuta, oso garbi ikusten dut Euskal Herriak ez duela ikastolaren antzeko lorpenik izan; lorpenik handiena da zalantzarik gabe. Gaur konturatzen naiz, inoiz baino hobeto gainera, hain zuzen gure gune nazional bakarra horixe dela, ikastola. Garai hartan mugimendu hura denena zen, euskalzale, abertzale guztiena, denek jarri zuten bertan indarra. Frankismoari atzaparretatik hezkuntzaren ardura kentzea sistema propio batekin, ikaragarria iruditzen zait.

Gaur egun nola ikusten duzu ikastolen egoera eta hoien alde egiten den lana?

Badira gauzak ziklikoki gertatzen direnak. Ikastolen sorreraren garaian, mundu guztia horren alde zen, eta kontziente zen egiten ari zen urrats handi horretaz. Gaur egun, epeltzen eta txepeltzen ari ote den susmoa dut. Kolorea galdu balu bezala ikusten dut, iruditzen zait ez garela erabat kontziente ikastola den lorpenaz; eta eredua da, non begiratu edukitzeko ispilua da. Gizartea aldatzen ari da bai, baina gizartea gizartekoek egiten dute, azken finean. Kontzientzia galtzearekin bat, gauzak bere horretan gelditzen dira, utzi egiten dira gauzak, arinki. Baina, berriz ere kontzientzia hori hartu behar dela iruditzen zait.Ikastola sortzeko herri honek ikaragarrizko fundamentua erakutsi zuen nire ustez, beste zenbait gauzatan ikusten ez dudan fundamentua.

Zer-nolako kontzertua eskainiko duzu Azpeitian?

Itsas ulu zolia azken diskoko kantuak baino gehiago, prestatzen ari naizen diskoko kantuak eskainiko ditut. Kantu mordoxka bat dut, eta beti gustatzen zait grabatu aurretik zuzenean eskaintzea. Hautsak jaso ditzaten gustatzen zait, ibilian-ibilian kantuak beti aldatzen joaten direlako, baina, noski, ezinbestekoa da lehengo diskoetako kantuak ere abestea, ikusleek entzun nahi dituztelako. Egia esan oso gustura ari naiz kantu berriekin eta badute beti izaten ez duten gauza bat: lehen emanaldian, lehen entzunaldian, funtzionatzen duten abestiak direla. Gustatzen zaizkit kantuak, oso erresolutiboak iruditzen zaizkit. Gainera, oso gustura sentiarazten naute oholtzan. Publikoa ere oso ondo hartzen ari da kantu berri hauek.

Azpeitia zer nolako plaza da? Gustura etortzen al zara bertara?

Oso plaza ona da, eta ez dut arinki esateagatik esaten. Azkenaldian bizpahiru aldiz egon naiz Izarraitzen eta, egia esan, jende asko egon da beti, eta giro ona sortu izan da. Azpeitia beti izan da plaza ona, Urola aldea, oro har, toki ona da.