Gizatiartutako basapiztiak

Urola Kostako Hitza 2011ko uzt. 6a, 19:07
Mikel Uribetxeberriaren

Mikel Uribetxeberria artista urrestildarraren Animalia erakusketa ikus daiteke Donostiako Kur galerian

Paisaia hiritarrak naturako izakiekin uztartzen ditu bere muntaietan

Ez dira abereak, ezta ohiko maskotak ere. Basapiztiak dira, gizabanakoaren lekua hartuta: gorila ohe gainean pentsakor, itsas lehoia New Yorkeko liburutegi publikoan, elefantea skate parkean, otsoa metro ilun batean, ostruka abandonatutako bulegoan... Etxekotu gabeko 19 espezie bildu ditu Mikel Uribetxeberria artista urrestildarrak Donostiako Kur galerian, Animalia izeneko erakusketan.

Gauza berriak probatzen ari zela sortu zitzaion ideia. "Ez zen aurrez pentsatutako proiektu bat izan. Argazki muntaia batzuk egiten hasi nintzen, eta ondoren heldu nion bildumari. Proba batzuk kaxoian geratzen dira, eta beste batzuk aurrera egiten dute. Eta hau horietako bat izan zen", azaldu du Uribetxeberriak. Izan ere, "hasierako muntaiek irudi eta esanahi aldetik indar handia zutela konturatu nintzen. Beraz, hori lantzea eta zabaltzea pentsatu nuen, beste animalia eta kokaleku batzuk erabilita, bilduma bat osatu arte".

Proposamena ausarta bezain deigarria da, paisaia hiritarrak eta naturako izakiak uztartzen baititu. "Argazkiek indarra baldin badute, hein handi batean horrexegatik da. Azken finean, testuingurutik kanpo ateratzeko jarrera dago: espero ez duzun zerbait ikusten duzu, espero ez duzun tokian, alegia. Nahasketa horrekin jokatu nahi izan dut proiektu honetan. Azken finean, giza inguruneari gizatasuna kendu nahi izan diot eta, bide batez, animaliak desnaturalizatu edo gizartiartu", dio sailaren kontzeptuaz.

Paris, Berlin, Madril... Ibilbide oparoa egiten ari da Animalia bilduma. 2008ko bukaera aldean hasi zen Uribetxeberria muntaiak lantzen, eta 2009ko hasieran egin zuen publiko bere webgunean; hainbat argazki sailekin batera, Animalia saileko irudi batzuk jaso zituen. Azken lanen berri emate aldera, artean bereizituriko webgune pare batera bidali zuen bere atari elektronikoaren esteka. "Proposamena asko gustatu zen, eta dezente bisita izan nituen; tartean, arte galeristenak", gogora ekarri du artista urrestildarrak. Hala, Madrilgo Ines Barrenetxea galeriarekin lanean hasi zen, eta argazkiak hainbat tokitan erakusteko aukera sortu zitzaion. Parisen eta Berlinen erakusketa kolektibotan parte hartu zuen, eta, 2009ko neguan, estreinako erakusketa indibiduala egin zuen Madrilen, Ines Barrenetxea galerian bertan, Animalia bilduma oso-osorik erakutsiz.

Batetik bestera ibili ondoren, orain Donostian daude ikusgai basapiztia hiritarrak. "Hona ekartzea bakarrik falta zitzaidan, etxekoek nahiz ingurukoek ikusteko aukera izan zezaten", azaldu du. Lagun baten bitartez jarri zen harremanetan Kur galeriarekin, eta, hala, maiatza bukaeran erakusketa ireki zuen; uztailaren 27a bitartean bisitatu daiteke.

Animalia sailari ez diola jarraipenik emango dio Uribetxeberriak: "Proiektua bukatutzat jotzen dut". Hala eta guztiz ere, erakusten jarraitzeko asmoa du. Donostiako erakusketaren ostean, Iruñeko Mapamundistas Arte eta Bidaia Jardunaldietara eramango du proposamena, abuztuan. Datorren urtean, berriz, Lisboako Tres Bon Art Space aretoan erakutsiko du.