Erraila kobazuloa aurkitu zuteneko 40. urteurrena

Uztarria.eus 2011ko uzt. 11a, 18:07

Antxieta Jakintza Taldekoek topatu zuten, Aizarnan, Andoni Albizuri Katxo buru zutela

Bi urte lehenago, 1969an, aurkitu zuten Ekaingoa Antxietako Albizurik eta Rafael Rezabalek

Ekaingo kobazuloaren aurkikuntza da, zalantzarik gabe, Azpeitiko Antxieta Jakintza Taldekoen ibilbidearen gertaera gogoangarriena, baina ez aipagarri bakarra.

Gaur berrogei urte, 1971ko uztailaren 11n, aurkitu zuten Erraila izeneko kobazuloa. Antxieta Jakintza Taldekoek topatu zuten, Aizarnan, Andoni Albizuri Katxo buru zutela. Bi urte lehenago, 1969an, aurkitu zuten Ekaingoa Antxietako Albizurik eta Rafael Rezabalek.

Udaberri eta udako bizileku

Errailan egin dituzten indusketetatik adituek ondorioztatu dutenez, duela 16.000 urte joan zen lehenengoz gizona Errailara eta orain dela 11.000 urte arte egon zen han. Halere, ikeketen arabera, Errailakoa ez zen historiaurreko biztanle haientzako bizileku egonkorra. Antza denez, udaberri eta uda partean egoten ziren Errailan; Errailako gizakien bizileku finkoa non egon zitekeen ez dute gaur arte topatu.

Errailako biztanleak kostan ere ibiltzen zirela diote adituek, Aizarnako leize-zuloan maskor ugari topatu baitzituzten.