Herri galdeketak eta ideien aukeraketa arautzeko ordenantza onartuko du Udalak

Uztarria.eus 2011ko uzt. 14a, 21:07
Sanagustinen egindako bileraren une bat. (AZPEITIKO UDALA)

Asteazkenean herriko talde eta eragileekin egindako bileran azaldu zuten asmoa

Auzo-alkatearen figura sortzea ere proposatuko du udal gobernu berriak

Herri galdeketak eta ideien aukeraketa arautzeko ordenantza lantzen hasi direla iragarri zuen Eneko Etxeberria alkateak joan den asteazkenean, hilak 13, herriko talde eta eragileekin egindako bileran. Udal gobernuak bilera horretara deitu zituen arlo eta talde ezberdinetan lanean diharduten herriko eragileak. Ehun lagun inguru elkartu ziren Sanagustinen.

Herri galdeketak eta ideien aukeraketak herriko taldeen eta Udalaren arteko elkarlana bermatzeko abian jarri nahi diren bitartekoetako bi izango dira. Ordenantza berri batek arautuko ditu biak. Herenegungo bileran alkateak aurreratu zuenez, herri galdeketak proiektuen izaera zalantzan jartzen denean deituko lirateke; eta izaera zalantzan jarri gabe, proiektu baterako alternatiba ezberdinen aukera egin ahal izango denean, berriz, ideien aukeraketak. Herri galdeketa bat egin ahal izateko Udalbatzaren gehiengoak edo herriko erroldaren %25ak babestu beharko du eskaera, eta erroldaren %10k eskatuz gero egingo dira, berriz, ideien aukeraketak. Bai herri galdeketen eta bai ideien aukeraketen emaitzak lotesleak izango dira, bozketan gutxieneko parte-hartze kopuru bat ematen denean, beti ere. Parte-hartze kopuruak eta gainerako xehetasun guztiak jasoko ditu Udalak onartuko duen ordenantza berriak.

Aurreko agintaldian ekindako bidean sakonduz, arlokako parte-hartze mahaiak indartu -dauden kasuetan- edota sortu nahi ditu Udalak, talde eta eragileekiko elkarlana bermatzeko estrategiaren baitan. "Proposatzen den demokrazia parte-hartzaile egitasmoaren oinarrizko guneak" izango lirateke mahaiok, "arloetako diagnostiko eta lehentasunen identifikaziotik abiatuta Azpeitiko egungo eta etorkizuneko marrazkia egiten lagundu eta proiektu ezberdinen gauzatzea eta arrakasta ziurtatzen dutenak".

Auzo-alkateak, Alde Zaharra eta aurrekontu parte-hartzaileak

Sanjuandegin eta Urrestillan eratutako taldeen bidetik, auzoetan batzordeen sorrera bultzatu eta auzo-alkatearen figura sortzea ere proposatuko du udal gobernu berriak. Auzo bakoitzeko batzordeetan landutako gaiak eta ezarritako lehentasunak Udalari helarazteaz arduratuko litzateke auzo-alkatea, proposamen horren arabera.

Alde Zaharrai dagokionez, "egitasmo oso bat" eskaini nahi dio Udalak, eta hor parte hartzea proposatuko die merkatari elkarteari, bertako bizilagunei, Kultur Mahaiari, tabernariei zein gaztetxeari.

Herriko eragileen eta Udalaren arteko harremanak indartzeko bidean, azkenik, aurrekontu parte-hartzailea gauzatu nahi du Udalak. Horretarako, Mondragon Unibertsitatearekin eta Innobasque-rekin harremanetan daudela jakinarazi zuen alkateak, ahalik eta sistema garden eta eraginkorrena diseinatzeko helburuarekin.

Esker ona eta elkarlanerako deia

Eragileen parte-hartzerako eta Udalarekiko elkarlanerako ireki nahi dituzten bideak azaldu aurretik, Udalaren barne antolaketaren eta batzorde desberdinen eraketaren berri eman zien Etxeberriak eragileei, batzordeburuak ere aurkeztuz.

Talde eta eragileek orain arte egindako lana eskertzeko hitzak izan zituen alkateak bileraren hasieran: "Talde bakoitza, Azpeitiko herriak zuen hutsune bat betetzeko sortu edota mantendu duzue bizirik. Eta guztiok, Azpeitia hobeago baten alde diharduzue lanean. Ezin dezakegu behar den tamainan eskertu, zuetako bakoitzak Azpeitiko herriaren alde egiten duzuen boluntario lana". Esker onarekin batera, lanean jarraitzera animatu zituen, eta lan hori Udalarekin elkarlanean egitera, "ekarpenak egiteko ateak zabalik" izango dituztela esanez.