"Azpeitiko kulturaren eta kultur taldeen alde bai, baina Sanagustinen taberna jartzearen kontra" dagoela berretsi du EAJk

Uztarria.eus 2011ko uzt. 21a, 18:07

"Joxe Mari Bastidak Azpeitiko EAJren mahaiarekin izan beharreko bileraren kontua Kultur Mahaiaren Talde Eragilekoek aipatzea gauzak nahasteko bakarrik dela iruditzen" zaie

Udalak ostalaritza lokalen arteko tartearen "arazoa gainditzeko trikimailua" egin zuela diote

Sanagustin kulturgunearen kudeaketari ekiteko bezperatan Kultur Mahaiko Talde Eragileak aditzera emandakoari erantzunez komunikatua bidali du Azpeitiko EAJk komunikabideetara.

"Lehendik ere" Sanagustinen kudeaketarekiko jarrera "argi eta garbi" agertu izan duela gogoratu du EAJren Uri Buru Batzarraren mahaiak. Horrela, "Azpeitiko kulturaren eta kultur taldeen alde bai, baina Sanagustinen taberna jartzearen kontra" dagoela berretsi du.

Kultur Mahaiko Talde Eragileko bi kiderekin izandako elkarrizketen berri eman du EAJk hamaika puntuko adierazpenean. Kritiko agertu dira Udalarekin. Udalak ostalaritza lokalen arteko tartearen "arazoa gainditzeko trikimailua" egin zuela diote, "lokalaren adjudikaziorako oinarriak ad hoc eginak zeudela" ere bai, eta "salatu" egiten dute "orain Bildu osatzen duten taldeen eta Aralarren jokabidea", Sanagustinen kudeaketa "Udalaz kanpoko talde bati" emateagatik.

"Joxe Mari Bastidak Azpeitiko EAJren mahaiarekin izan beharreko bileraren kontua Kultur Mahaiaren Talde Eragilekoek aipatzea gauzak nahasteko bakarrik dela iruditzen" zaie EAJkoei. "Normala da -diote- Joxe Mari Bastidak proiektu hori "bere ume" moduan ikustea, eta min ematea hor zer egiten ari diren ikusteak".

EAJren adierazpena, osorik

"San Agustin Kultur Gunearen gainean azken egunetan komunikabideetan agertu diren berriak ikusita, Azpeitiko EAJ-PNVren Uri Buru Batzarraren mahaiak zera esan nahi du:

  1. Lehendik ere Azpeitiko EAJ-PNVk bere postura argi eta garbi agertu zuela prentsan eta komunikabideetan San Agustin Kultur Gunearen gaian: kultur taldeek beren lana egiteko eta agertzeko leku bat izateari egoki irizten geniola, baina ez genuela ikusten leku horretan taberna jartzea egokia zenik, leku horren izaerarekin ez zetorrelako bat.
  2. Aipatu berri dugun jarrera horren berri Kultur Mahaiaren Talde Eragileko kideek (Enekoitz Esnaolak eta Aitor Bengoetxeak) bazuten orain dela hiru-lau hilabetetik, beraiekin Batzokian izandako bileran hala agertu genielako, argi eta garbi. Esan genien, gainera, EAJ-PNVk Soreasuren aldeko apostua ere egiten zuela, eta han bazegoela taberna eta kafe-antzokia jartzeko lekua.
  3. Orduan ere Enekoitz Esnaolari eta Aitor Bengoetxeari adierazi genien San Agustinek ez zuela betetzen taberna artean egon behar zuen 25 metroko tartea, eta hori ez zitzaigula ondo iruditzen. Eta are gutxiago, 25 metroko tartearen arazoa gainditzeko Udalak (gaur egun Bildu osatzen duten taldeen eta Aralarren botoekin) egin zuen trikimaulua: beste herritar guztiei 25 metroko tartearen baldintza zehatz eta zorrotz betearazi, eta Udalak berak ez bete, "interes orokorreko" arrazoiak baldin bazeuden.
  4. Horrez gain, Enekoitz Esnaolari eta Aitor Bengoetxeari esan zitzaien tabernen ordutegitik kanpo ere lan egiteari buruz (beste guztiek gauean itxitakoan) pentsatzen genuena: ez genuela ontzat ematen. Horrez gain, ez genuela tabernaren jarduera San Agustinen egin zitezkeen hainbat ekitaldirekin bateragarri ikusten zaratarengatik. Era berean, esan zitzaien lurra hondatu egingo zela, eta lokalean bertan ere txikizioak gerta zitezkeela.
  5. Enekoitz Esnaolari eta Aitor Bengoetxeari esan zitzaien lokalaren adjudikaziorako oinarriak ad hoc eginak zeudela, beraiei egiteko esleipena. Kooperatiba egiteko pausuak ere aurrez emanak zituzten, beraiei emango zitzaien uste osoa baitzuten, eta hala izan zen, gaur egun Bildu osatzen duten taldeen eta Aralarren botoekin. Orain arte esandako guztia aurrez aurre esan genien, Enekoitz Esnaolari eta Aitor Bengoetxeari, eta beraiei adierazi genien tabernaren kudeaketa-proiektuarekiko EAJ-PNVk zuen erabateko ezadostasuna.
  6. Joxe Mari Bastidak "Azpeitiko EAJren mahaiarekin izan beharreko" bileraren kontua Kultur Mahaiaren Talde Eragilekoek aipatzea gauzak nahasteko bakarrik dela iruditzen zaigu, esan beharrekoak Talde Eragilekoei hasiera-hasieratik esanda –eta egunkari eta komunikabideetan argitaratuta (ikusi bestela hemerotekak)– baititu EAJ-PNVk eta Talde Eragilekoek ulertuta ere bai: kultur taldeak bultzatzeari bai, herriaren alde lan egiteari bai, baina Udalarekin lankidetzan eta koordinatuta, eta San Agustinen tabernarik ez
  7. Joxe Mari Bastida izan zen, alkate zela, San Agustin eraberritu eta gaur egun dagoen moduan jartzeko lan egin zuena buru-belarri. Bruselasera joan zen, Europatik diruak ekartzeko proiektuarentzat, baita Madrila ere, eta han EAJ-PNVko diputatuen laguntzarekin, milioi eta erdi euroko diru-laguntza ekarri. Eta proiektua gauzatzen hasi ere bai. Beraz, normala da Joxe Mari Bastidak proiektu hori "bere ume" moduan ikustea, eta min ematea hor zer egiten ari diren ikusteak. Eta Joxe Mari Bastidak, beste edozein herritarrek bezalaxe, berari egoki iritzitako errekurtsoak jartzeko aukera du, eta epaitegiek emango diote arrazoia, edo kenduko. Hala onartzen eta aitortzen diote, zuzen gainera, Kultur Mahaiaren Talde Eragilekoek beraiek ere.
  8. Izan ere, tabernak fisikoki San Agustin kultur gunearen alboko nabeetako baten luzeraren erdia hartzen du, eta ziurrenik beste erdia mahaiekin hartuko da, eszenatokiaren oinetaraino iritsiz. Horrek, EAJ-PNVren iritzian, desitxuratu egiten du San Agustin gunea, eta haserakoak ez ziren helburuak sartzen. Lerro hauen bidez salatu nahi dugu, gainera, orain Bildu osatzen duten taldeen eta Aralarren jokabidea, Udalaz kanpoko talde bati eman baitiote San Agustin gestionatzeko eskubidea, gauza guztiak "legearen barruan" egin badituzte ere.
  9. San Agustinen kultur jarduerak burutzeko ez zaigu iruditzen taberna baten beharra dagoenik. Azpeitiko kultur taldeak Udalarekin lankidetzan aritu dira EAJ-PNV agintzen egon den urte guztietan eta haien beharrak asetzeko diru-laguntzak ere jaso izan dituzte. Orain, —Enekoitz Esnaolak eta Aitor Bengoetxeak behintzat hala adierazi digute— ematen du taberna horrek emango duen diruaren beharrean daudela beren ekimenak egiteko. Hala al da?
  10. Aitortu beharra dago Enekoitz Esnaolak eta Aitor Bengoetxeak ondo jakin dutela produktua saltzen, "karameloa botatzen pastelari". Denerako balioko du San Agustin guneak: eremu dinamikoa, parte-hartzailea, herriko talde eta sortzaile berrien plaza, aisiaren eta euskararen gunea, Alde Zaharra biziberritzen lagunduko duela… Baina hori guztia egin zitekeen Udalaren esku soiletan geratu izan balitz ere, Udala izanda San Agustin gunea kudeatuko zuena eta kultur eta gizarte taldeekin lankidetzan arituko zena, delako Kooperatiba horren esku geratu gabe. Kultur Taldeko Talde Eragilekoei esan genien bezala, "Azpeitia ez baita Nueva York, eta taldeek Udalera etorri eta teknikariekin eta arduradun politikoekin aurrez aurre hitz egiteko inolako zailtasunik eta trabarik ez baitute, eta ez zaigu iruditzen tartean Mahai baten eta arduradun batzuen beharrik dagoenik".
  11. Egoerak, bilerak, aipamenak, esandakoak eta imajinatutakoak denak nahastuz, Enekoitz Esnaolak eta Aitor Bengoetxeak herritarrei EAJ-PNVren itxura deseroso eta negatiboa eman nahi izan diete, herriko kultur proiektuen aurka bageunde bezala. Penagarria eta salagarria iruditzen zaigu hori, EAJ-PNV Azpeitiko kultur, kirol eta gizarte talde eta eragileen alde baitago, beti egon izan den bezala. Eta beti lagundu izan du diruz, eta beste era batzuetako laguntzak emanaz, aurrera egin dezaten. Eta hori, gezurretan eta izkutuko trikimailuetan ari ez den edozeinek aitortu beharra du, nahitaez.

Beraz, Azpeitiko kulturaren eta kultur taldeen alde bai, baina San Agustinen taberna jartzearen kontra".