Amets Arzallus: "Egin den bidea zoragarria izan arren, oraindik koska asko dago gainditzeko"

Urola Kostako Hitza 2011ko uzt. 21a, 20:07
Amets Arzallus (BEÑAT ZAMALLOA, BERRIA)

"Kartela eta kausa" ikusita, gogotsu da hendaiarra, bihar, 22:30etik aurrera, Kilometroak 2011ren aldeko bertso saioan abesteko

"Izango dira gabezia eta ezin txikiak ere, noski. Baina Hendaiatik ikusita, Azpeitiko egoerara iristeak utopikoa ematen du"

Bihar Kilometroak 2011ren aldeko bertso-saioa izango da Soreasu Antzokian, 19:00etako bertso-poteoaren ostean, 22:30etik aurrera. Sebastian Lizaso ariko da gai-jartzaile lanetan, eta Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Josu Oiarzabal Xenpelar eta Jokin Uranga izango dira bertan, baita Amets Arzallus ere. Azken honekin hitz egin du Urola Kostako Hitza-k.

Nola bizi izan duzu zeuk ikastolaren mugimendua?

Egia esan, oso txikitatik eta oso etxetik oroitzapen oso goxoak gordetzen ditut. Nire lehen oroitzapenak Hendaiako Ikastolakoak dira; Hendaian Ikastola egoteak berarekin dakartzan konnotazioekin, orduan Hendaia mailan oso familia giro minoritarioa zelako. Gogoan daukat 3-4 urterekin bost edo sei laguneko klasea ginela, gela txiki batean, eta guretzako bigarren familia zen. Klase orduez kanpo, etengabeko presentzia zeukan Ikastolak, Herri Urrats edo beste edozein festatan. Gurasoen engaiamendu osoa zeukan, eta horri esker eusten zion zutik. Oso oroitzapen politak eta goxoak dauzkat. Ordutik Ikastola handitzen eta zabaltzen joan da, eta, beharbada, horri esker orduko engaiamendu giharre hori pixka bat laxatzea ekarri du. Baina hori izango da normalizazio prozesua, seguraski.

Nolako ibilbidea izan du ordutik, eta nolakoa da, zure ustez, Ikastolen egungo egoera?

Iparraldeko ikuspuntutik begiratuta, familia eta guraso batzuk elkartu eta ia ezerezetik eta alegalitate osoan hezkuntza proiektu oso bat planteatu, sortu, finantzatu eta aurrera ateratzea, uste dut, herri bezala, Euskal Herrian izan den esperientzia sortzaile ederrenetakoa dela. Inongo babes legalik gabe, olatu eta haize guztien kontra, garaile atera den apustua izan da. Nork esango zien hasi zirenean, inguruko askoren inongo sinismen, babes eta batzuetan errespeturik gabe hasi zen hura aurrera aterako zenik Horregatik uste dut izan litekeela gure herriko esperientzia eredugarrietako bat, baita esportatzeko ere, hizkuntza berreskuratzeari dagokionean gauzak nola egin erakusten baitu; nahiz eta inguruko haize eta jendeak kontrako norabidea markatu, zuk sinisten baduzu zure bidean aurrera egin dezakezu, alegia.

Hendaiako Ikastolaren 40. urtemuga da aurten. 40 urteren ostean borrokan jarraitu behar al da, gauzak hobeto egonda ere?

Hendaiako radiografia nahiko garbia daukat, bertako inguru anitzak bizi ditudalako; ikastolako lagunartea alde batetik, baina baita hizkuntza aldetik arrotzagoak diren beste arlo batzuk ere; kirola, esaterako. Hendaian oraindik ere minoritarioa izaten jarraitzen du, nahiz eta ikastolak 40 urte bete eta jada bere bidea eraman eta zabaldu. Gainera, eskola elebidunak gero eta gehiago dira. Euskara pixkanaka sartzen ari da Ikastolaz kanpoko hizkuntza eskoletan, baina eskola elebidun horietatik ateratzen diren haurrek nekez hitz egiten dute euskaraz. Nahiz eta egin den bide guztia zoragarria izan, oraindik ere mendi eta koska handiak gelditzen dira gainditzeko. Iparraldean, behintzat, urak oraindik oso handi ikusten ditut hizkuntza erabat berreskura dadin. Ikastolaz gaineko gizarte, talde, kultur eta kirol talde denek esku hartu beharko dute, Herriko Etxetik hasita, hizkuntzaren berreskuratzea minimoetara eramateko, oraindik larrialdi egoeran gaudela iruditzen baitzait.

Hego Euskal Herriko Ikastolen egoera, Azpeitikoa barne, hobea dela uste al duzu?

Bai, Azpeitiko egoera guztiz desberdina da. Hendaiatik Azpeitira iritsi, eta esan daiteke Euskal Herri guztiz euskaldunean zaudela. Izango dira gabezia eta ezin txikiak ere, noski. Baina Hendaiatik ikusita, Azpeitiko egoerara iristeak utopikoa ematen du. Dena den, eredu eta oxigeno bezala har dezakegu; han arnasten dena gero Hendaiara eraman dezakegu.

Ikastolak eta bertsolaritza, euskal kulturaren transmisiorako bi zutoin elkarturik.

Ikastola dudarik gabe transmisioaren zutabe nagusia da. Horretaz okupatu eta arduratzen delako, batez ere. Bertsolaritzak ere badu bere baitan transmisiorako sena, belaunaldiz belaunaldi egin dena. Bertsolaritza guri belaunaldi zaharragoek erakutsi digute, eta orain, geu gazteagoekin plazetan gaudenean, nabari dugu badagoela familia giroa. Familia barruan existitzen den transmisio katean zenbait balore ere pasatzen dira zaharretatik gazteetara.

Biharko saioak itxura polita dauka, ezta?

Bai, oso itxura polita du. Kartel ona osatu dute, eta Soreasu antzoki berrituan izango da, gainera. Azpeitia berez ez da plaza berria guretzat, baina bai Soreasu, eta plaza berriek beti egiten dute ilusioa. Kartela polita da, eta kausak ere merezi du. Alde horretatik osagai denak elkartuta daude iluntze polit baterako. Dena den, garrantzitsuena falta da, eta hori momentuan gertatzen denaren araberakoa izaten da. Ea ondo ateratzen den dena.