Barruko korapiloak askatzeko

Urola Kostako Hitza 2011ko uzt. 21a, 20:07

Azpeitiko M hirukotea zuzenean ariko da larunbatean. (M MUSIKA TALDEA)

Bigarren eta hirugarren diskoak aurkeztuko ditu Azpeitiko M musika taldeak larunbatean, Sanagustinen

Emanaldia 23:00etan hasiko da, eta hirukotearekin batera, Kasik taldeak ere joko du

Aurkezpen bikoitza egingo du M musika taldeak larunbatean, Sanagustin Kulturgunean eskainiko duen kontzertuan. Azaroan argitaratu zuen Ez geundenekue bigarren diskoa. Gorabeherak izan zituzten, eta urte hasieran beharrean, urte bukaeran ikusi zuen argia. Ordurako, jada, hirugarren diskoa grabatzen hasita zeuden taldekideak. Lan berria bukatuta duten arren, uda ondoren plazaratuko dutela adierazi du Aitor Bereziartua Atxuiya-k, M-ko baxu-jotzaileak. Zalantza dute izenburuarekin, Etzaizkik hankak lurrea iristen eta Ez zait lurra hanketara iristen leloen artean. Hirugarrenak argia ikusi bezain pronto, gainera, laugarrena grabatzen hasteko asmoa dute.

Zuzenean, ordea, dozena bat abesti bakarrik joko dituzte. Bigarren diskoko lau pieza joko dituzte, eta hirugarreneko zortzi. Disko batean zein bestean ildo musikal bera jarraitu dute, eta abestiek ez dute "elkarren artean talkarik egiten". Musika munduan hogei urtetik gora daramatzate, eta hainbeste denboraren ondoren, estiloa goitik behera aldatzea "arraroa" izango litzatekeela uste du Bereziartuak: "Garatuz goaz, baina modu linealean. Abesti zaharrak eta berriak elkarren artean sostengatzen dira, ildo bera jarraitzen dugulako. Disko batetik bestera ez gara amildegitik bota; hau da, ez gara pop-rock musika egitetik world music-era edo heavyra pasa".

Poparen eta rockaren artean ibiltzen dira M taldekoak, aldiro-aldiro blues, funk edo soul doinuak uztartuz. "Rocka lantzen dugu, zentzu zabalean ulertuta", argi utzi nahi izan du baxu-jotzaileak. Eta larunbateko zuzenekoan horixe bera erakutsiko dute: "Hiru lagun gara, eta garena eskaintzen dugu taula gainean. Inolako engainurik gabe". Emanaldia 23:00etan hasiko da, eta hirukotearekin batera, Kasik taldeak ere joko du.

Zuzeneko grabaketa

Sanagustinen aurkeztuko dituzten bi diskoak "modu zuzenean" grabatu zituzten. Hau da, oinarri guztia (gitarra, baxua eta bateria) batera jo zuten, eta gero ahotsak sartu zituzten aparte. "Bigarren diskoa basikoagoa da; oinarrizkoaz gain, gitarra pare bat eta ahotsa sartu genuen. Hirugarrengoan sistema bera erabili dugu, baina ekarpen gehiago egin dugu gainerako musika tresnekin. Betelan gehiago dago». Apainketak apainketa, "entsegu lokaleko izpirituarekin" grabatu dute.

Autoekoizpenaren bitartez argitaratu dituzte orain arteko lan guztiak. Hala egin zuten Erdimin (2008) eta Ez geundenekue (2010) diskoekin, eta irailean kaleratuko dutenak ere modu horretara ikusiko du argia. Lehen bi diskoak, gainera, taldearen webgunetik deskarga daitezke. "Orain arte ez ditugu salgai jarri, eta aurrerantzean ere ez dugu horretarako inolako asmorik", argitu du M taldeko kideak.

"Gure helburua ez da musikari gisa ibilbide profesionala osatzea. Hori ez da gure xedea. Gure lan egiteko modua bestelakoa da. Disko bat grabatzen dugunean 200-300 ale fisiko ateratzen ditugu, komunikabideen aurrean aurkezteko eta lagunei oparitzeko. Gero, interesa dutenek gure webgunean jaits dezakete diskoa".

Profesionaltasun ikuspegitik baino gehiago dute zaletasunetik. Barruak hala eskatuta, ez dute atsedenik hartzen abesti berriak egiteko eta berehala grabatzeko. Ondorioz, argitalpenak eta grabazioak pilatzen joaten zaizkie. "Botaka egitea bezala da. Momentu hori ez du norberak aukeratzen. Irteten denean irteten da eta kitto. Beraz, unean uneko denbora aprobetxatzen saiatzen gara, eta abestiek argia ikusi behar dutenean kaleratzen ditugu. Azken finean, ez dugu jendeari gustatzeko bakarrik egiten, baizik eta gu geu ongi sentitzeko. Sormena baliatzen dugu barruko korapiloak askatzeko", jakitera eman du Bereziartuak.

Hiru gehi bat

Azpeitiko Lobo estudioan grabatu dituzte orain arteko lan guztiak, Iosu Zubizarreta soinu-teknikariaren gidaritzapean. "Bera M musika taldeko kide izan zenez, ongi ezagutzen dugu elkar. Orduan, elkarlan moduko zerbait dago gure artean. Nolabait esateko, laborategiko saguak bezala gara harentzat. Aldaketak edo proba batzuk egin nahi dituenean, konfiantza osoa dugu harengan. Beraz, pixka bat esperimentatu dugu; batzuetan ongi atera da, eta besteetan, ez horren ongi". Gutxi gorabehera, "hiru gehi bat" dira taldean. Izan ere, grabazio prozesuan ez ezik, zuzenekoetan ere Zubizarreta aritzen da teknikari lanetan.