Gipuzkoako Dantza Sueltoko Txapelketa irabazi dute Ion Ibargurenek eta Idoia Besadak

Uztarria.eus 2011ko uzt. 27a, 13:07
Ion Ibarguren eta Idoia Besada txapela eta zapia jasota. (Ion Ibarguren)

Gipuzkoako Txapelketa irabazten duten lehenengo aldia da

Garazi Gurrutxaga eta Asier Ibarguren azpeitiarrek irabazi zuten 16 urtetik beherakoen mailan

Joan den igandean, hilak 25, Dantza Sueltoko Txapelketa jokatu zuten Oreretan. 18:30ean hasita, 16 urtetik beherakoek eman zioten hasiera txapelketari, eta Garazi Gurrutxaga eta Asier Ibarguren azpeitiarrek irabazi zuten txapela eta zapia.

Gazteen mailakoek bukatutakoan helduen txanda izan zen. Gipuzkoako txapela zegoen jokoan, eta sei bikotek hartu zuten parte. Ion Ibarguren azpeitiarra eta Idoia Besada Pasaiarra izan ziren nagusi.

Bi urte daramatzate Ibargurenek eta Besadak elkarrekin dantzan, eta Gipuzkoako Txapelketa irabazi duten lehenengo aldia da. Iaz, berriz, Bizkaiko txapelketa irabazi zuen bikoteak.