'Gure inguruari begirada bat' argazki lehiaketaren X. edizioa abian da

Uztarria.eus 2011ko ira. 12a, 20:09

Urteurren borobila ospatzeko, antolatzaileek hamabi gai jarri dituzte aukeran

Lanak aurkezteko epea urriaren 28an bukatuko da

Azpeitiko eta Azkoitiko udalek aurten ere abian jarri dute Gure inguruari begirada bat, Tokiko Agenda 21 ekimenaren barruan urtero antolatzen duten argazki lehiaketa.

Aurten hamar urte beteko ditu lehiaketa horrek eta, urteurren borobila ospatzeko, antolatzaileek hamabi gai jarri dituzte aukeran; aurreko edizioetan landu dituzten gaiak berreskuratu, eta berri batzuekin nahastu dituzte. Ura, baserriak, eremu hiritartuak, basoa, hondakinak, animaliak, metereologia fenomenoak, paisaia eta lau urtaroak (udaberria, uda, udazkena eta negua) izango dira jorratu ahal diren gaiak. Irudiak hartzeko eremua ez da aldatuko eta, horrela, lehiaketara aurkezteko, argazki guztiek Azpeitiko edota Azkoitiko udalerrien mugen barruan hartutakoak behar dute izan.

Egile bakoitzak gai bakoitzeko gehienez bi argazki aurkeztu ahal izango ditu, JPEG formatoan eta apaisatuak. Lehiaketaren oinarriak eta lanak nola aurkeztu behar diren ezagutzeko bi udaletara deitu daiteke, Azpeitikora (943 157070, Izaskun Zeziaga) edo Azkoitikora (943 857165, Amaia Argarate). Lanak aurkezteko epea urriaren 28an bukatuko da. Aurten sari banaketa ekitaldia Azpeitian egingo dute, Santo Tomas egunaren bueltan.