Benantxio Irureta: "Txundituta etorri naiz zenbat mendi dagoen ikusita"

Urola Kostako Hitza 2011ko ira. 14a, 18:09
Benantxio Irureta Pakistango mendietan, Kilometroak 2011ren kartela eskuetan duela. (BENANTXIO IRURETA)

Uztailean Pakistanen Baltoroko trekkinga egin du mendizale aizarnarrak

Orain dela 25 urte K2 igo zuten mendizale nafarrekin ibili da; "luxua izan da", dio.

Kilometroen harira, goi mendizaletasunarekin lotutako bi emanaldi antolatu ditu Lagun Onak Mendi Bazkunak, Azpeitiko Ikastola Ikasberrirekin elkarlanean. Biak Sanagustin kulturgunean izango dira, 21:00etan hasita, gaur eta bihar. Gaur, Benantxio Irureta (Aizarna, Zestoa, 1953) Azpeitian bizi den aizarnarraren txanda da. Uztailean Pakistanen egindako Baltoroko zeharkaldiari buruz ariko da.

Ordubete inguruko emanaldia da gaurkoa, eta irudiak ikusi bitartean Iruretak azalpenak emango ditu. "Niri emanaldian zehar ikusten ari garena kontatzea gustatzen zait", dio. Uztailaren 8tik 30era bitartean izan ziren Pakistanen.

Aurretik zenuten asmoa beteta etorri al zarete Pakistandik?

Bai. Leku batetik hasi, 5.600 metroko paso bat zeharkatu (elurrarekin-eta egoten dena), eta bestaldeko bailarara pasatzea zen gure asmoa, eta dena egin genuen. Han Zaragozako (Espainia) talde batekin egin genuen topo, eta ezin izan zuen zeharkaldia egin, zamalariek edo porteadoreek oztopoak jarri ziotelako, elur asko zegoela-eta. Eguraldia nahiko aldakorra da, eta elur asko dago.

Inguru hori aurretik ezagutzen al zenuen?

Ez, ez nuen ezagutzen, eta batik bat horregatik joan nintzen. Bestetik, 25 urte bete ziren nafarrek K2 igo zutela, eta horren aitzakian nafarrak gurekin izatea luxua izan da. Orain 25 urte kontuak nola joan zitzaizkien kontatu ziguten han. K2ko tontorra egin zuen Josema Casimirok eta taldeburu izan zen Gregorio Arizek.

Mendizale horiek aurretik ezagutzen al zenituen?

Bai, lehendik ezagutzen nituen; haiekin ibilita nago mendian. Naturalak eta jatorrak direla banekien aurretik. Orain bi urte Axkiola [ Unai Lazarobaster ] eta biok haiekin izan ginen Nepalen, zazpi mila metroko mendi baterako espedizioan. Orduan animatu ninduten Baltoroko zeharkaldian parte hartzera, eta egin dugu.

Zer nolako esperientzia izan da?

Esperientzia ona izan da. Ezusteko izugarririk ez dut izan. Baina uste nuen hango mendiak ezagutzen nituela, liburuetatik eta kontatutakoagatik, baina konturatu naiz ezagutzen ez ditudan mendi asko dagoela: gogorrak, zailak... Txundituta etorri naiz zenbat mendi dagoen ikusita; zein politak eta zein zailak diren ikusita.

Berriz hara itzultzeko gogoz etorri al zara?

Datozen bi urteetarako planak eginda dauzkat dagoeneko, baina hemendik hiruzpalau urtera hara itzultzeko gogoarekin etorri naiz. Eguraldia medio, mendi batzuk laino artean ikusi ditugu: Trangoko Dorreak eta Muztagh Dorrea, besteak beste. Esan beharra dago, Baltoroko trekkinga gogorra da. Ni mendian gustura eta erraz ibili naiz, ondo prestatuta joan naizelako. Baina bertako bizimodua nahiko gogorra da: egunero lurrean egiten da lo; garbitasun aldetik oso aukera gutxi daude; eta jatekoa eta beste gauza guztiak geuk eta zamalariek eraman ditugu. Hara joaterako gauzak garbi izan behar dira: nora zoazen, zenbaterainoko erosotasunak aurkituko dituzun... Ez da aurreneko aldia era horretara joaten naizena, baina Nepal eta Hego Amerika hobeto prestatuta daude, eta era honetako zeharkaldi bat errazagoa egiten da toki haietan. Honi munduko trekkingik gogorrena deitzen diote. Neuri gehitxo iruditzen zait horrela deitzea, baina izen hori dauka. Ia dena glaziarrean ibili behar da. Oso leku harritsua da, eta harria ez dagoen tokietan izotza dago, edo bestela elurra, gogor-gogorra. Bidean ia ez dago herrixkarik, artzainik ere ez da ikusten, animaliarik ere ez... Mendia eta mendia; baina mendia zoragarria da, hori bai. Egunez bero egiten du, baina gauez ez du horrelako hotzik egiten.

Eta mendizale askorekin egiten al da topo bidean?

Gutxirekin. Gaur egungo Pakistango egoera ere kontutan hartu behar da; egunkariek eta telebistek eman dioten famagatik jendea asko jaitsi da. Bertakoak kezkatuta daude, haien diru-iturria eta txanpon batzuk ateratzeko aukera gu bezalako jendeari trasteak eramaten laguntzea baita. Guk mendian oso jende gutxi aurkitu dugu. Zorionez, bi euskaldunekin egin genuen topo: Alex Txikonen lagunak ziren. G1eko tontorra egin, eta goitik beherakoan, gurekin elkartu eta bazkaltzera gonbidatu genituen.

Egunkarietan azaltzen dena bezalako egoerarekin egin al duzue topo zuek Pakistanen?

Antzeman dugu, baina ez da egunkarietan jartzen duten horrenbesterainokoa. Pakistan musulmana izanik, kalean emakume oso gutxi ikusten da, eta beldurtuta bezala ikusten dira. Denak begi zeharretara begiratzen dute, eta tapatuta ibiltzen dira. Herri txikietan, batik bat, ezkutatu egiten dira. Hoteleko atea zaintzen bi gizon metraileta banarekin egoten ziren. Kalekoz jantzita jendea metrailetarekin ikusten zen. Islamabadetik mendira bidean, autobusez hiru egun egin behar izan genituen, eta kontrol piloa pasatu genuen, asko. Baina zentzu onean hartzen gintuzten. Kontrol batean poliziak melokotoiak oparitu zizkigun.