Azpeitian jokatuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren final-laurdenetako bat

Uztarria.eus 2011ko ira. 15a, 18:09

Azaroaren 6an izango da, Izarraitz pilotalekuan

Final-zortzirenak datorren astebukaeran hasiko dira eta Jokin Urangak, Beñat Lizasok eta Urko Egañak hartuko dute parte kanporaketetan

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak hitzordua izango du Azpeitian. Hain zuzen ere, final-laurdenetako bosgarren eta azken saioa da Azpeitian jokatuko dutena. Azaroaren 6an izango da, Izarraitz pilotalekuan.

Datozen asteetan erabakiko dira Azpeitiko saioan parte hartuko duten bertsolarien izenak. Joan den maiatzean aurreneko fasea bukatu ondoren, Gpuntua-2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak datorren astebukaeran berrekingo dio bideari. Irailaren 17an Andoainen eta irailaren 18an Azkoitian jokatuko dituzte final-zortzirenetako aurreneko bi saioak.

Final-zortzirenak datorren astebukaeran hasiko dira eta Jokin Urangak, Beñat Lizasok eta Urko Egañak hartuko dute parte kanporaketetan. Erniarraitz Bertsozale Elkarteko laugarren batek ere, Eneritz Arzallus errezildarrak, lortu zuen udaberrian Gpuntuaren bigarren faserako txartela, baina kanpora joan behar izan du eta ez du final-zortzirenetan parte hartuko.

Uztarria herri aldizkariaren uztaileko zenbakian etorri zen Erniarraitzeko lau bertsolariekin eginiko solasaldia

Abenduaren 18an izango da Gpuntuaren finala, Donostiako Illunbe zezen-plazan.