Nagore Aranburu: "Ederra izan da Telmo Esnalen filman lanean jardutea"

Urola Kostako Hitza 2011ko ira. 16a, 12:09

Hiru aktore azpeitiarrek jardun dute lanean zarauztarrarekin, Urte berri on, amona! filmean

Pedro Otaegik, Kontxu Odriozolak eta Nagore Aranburuk batera egin dute lana filman

Telmo Esnal zine zuzendari zarauztarrak bakarrik zuzendutako lehen film luzea estreinatuko du Donostiako Zinemaldian, Zabaltegin, Zuzendari Berrien sailean. Hilaren 20an da lehen emanaldia. Esnalek filmeko aktore nagusien artean hiru azpeitiar bildu ditu: Nagore Aranburu, Kontxu Odriozola eta Pedro Otaegi. Esnalek herrikide duen Egoitz Lasak ere badu paper bat filmean.

Azpeitiko hiru aktoreak eskarmentu handikoak dira, baina gutxitan aritu dira elkarrekin, eta batzuen kasuan, inoiz ez. Nagore Aranburu eta Kontxu Odriozola Urte berri on, amona! filmak elkartu ditu lanerako. Hala dio Nagore Aranburuk: "Elkar ezagutzen dugu, baina Kontxu Odriozolarekin aurreneko aldiz jardun dut lanean. Pedro Otaegirekin, berriz, antzerkian ibili nintzen, Antxieta Antzerki Taldean, 12 urte nituenean".

Zarauztarraren filmean oso gustura aritu da lanean Aranburu. "Gozada bat izan da; oso gustura jardun dut. Esperientzia ona izan da".

Filmaren zuzendaria aurretik ezagutzen zuen Aranburuk. "Amona putz film laburra egin nuen Esnalekin, eta Brinkola sailerako gidoigintzan jardun nuen harekin eta Asier Altunarekin". Aktore bezala Esnalekin jardutea ederra dela dio: "Telmok oso garbi izaten ditu gauzak, eta konfiantza handia jartzen du aktoreengan. Denbora hartu genuen, asko entseatu genuen, eta horrek lasaitasuna ematen du".

Pelikulan pertsonaia nagusietako bat izateak "lanean disfrutatzeko" aukera eman diola dio aktore azpeitiarrak. "Ibilbide dezenteko pertsonaia egiten dut filmean, eta horrek lanean ari zarela gauzak probatzeko aukera ematen du. Egun gehiagotan egoten zara grabazioan, eta lanean disfrutatzeko aukera izaten da".

Zinemalditik antzerkira

Lan giro bikaina izan zutela dio Aranburuk. "Geure artean giro ederra izan genuen, familia giroa".Aktore guztiekin "zoragarri" jardun duela dio. "Aktore nagusia, amonarena egiten duena, Montserrat Carulla, Katalunian antzerki munduan aktore oso ezaguna da, eta horrelako aktore batekin lan egitea oparia da".

Komedia beltza da Urte berri on, amona! Beraz, sekuentzia komiko batzuk ditu, baina "sekuentzia sakonak" ere badituela dio Aranburuk. Bi haurrek ere egiten dute lan bertan. "Haurrekin lan egitea normalean nahiko arriskutsua dela esaten dute, baina gurekin aritu diren biak etxerako modukoak dira".

Baina azpeitiarra ez da bihar soilik agertuko Donostiako Zinemaldian, pantaila handian, beste txoko batzuetan ere ikusiko da. Esaterako, Zinemira saileko sariemate ekitaldia aurkeztuko du, Viktoria Eugenian, hilaren 21ean.

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan estreinatzeko asmoa duten antzezlan bat prestatzen ari da Egoitz Lasa, Mikel Pagadizabal eta Anartz Zuazuarekin.

Urte berri on, amona!

Zuzendaria: Telmo Esnal

Sinopsia: Urte berri on, amona! filmak umore beltz ukituak ditu. Senar-emazte batzuk emaztearen ama zaharraz arduratu beharko dute.

Antzezleak: Josean Bengoetxea, Kontxu Odriozola, Montserrat Carulla, Nagore Aranburu eta Pedro Otaegi.

Zabaltegi-Zuzendari Berriak:

  • Irailak 20, asteartea: 19:15. Kursaal, 2. J.B. gaztelaniazko azpitituluekin, eta elektronikoak ingelesez.
  • Irailak 21, asteazkena: 09:30. Kursaal, 2. J.B. gaztelaniazko azpitituluekin, eta elektronikoak ingelesez.
  • Irailak 21, asteazkena: 22:45. Principe. J.B. gaztelaniazko azpitituluekin.
  • Irailak 23, ostirala: 18:15.Antiguo Berri, 8. Jatorrizko bertsioan gaztelaniazko azpitituluekin. Azken emanaldia izango da.