"Neure bizitzan ziklo bat itxi dela sumatzen dut"

Urola Kostako Hitza 2011ko ira. 16a, 18:09
Pako Aristi gaztetan, Olatzen jotzen, Joxe Mari Altuna

Pako Aristik agur esan dio Urrestillako organoari

Azken hiru hamarkadetan aritu da igandeko mezan organoa jotzen, eta joan den igandean egin zuen azken saioa

Pako Aristi (Urrestilla, 1963) literaturagatik da ezagun, oro har. Hala ere, Urrestillan beste zeregin bat izan du azken urteetan, eta "herriaren ordezkari" bihurtu da; igandeko mezan organoa jotzen aritu izan da, astez aste. Ateoa bada ere, organoa jotzeak "Jesusen figura" ezagutzen lagundu diola dio Aristik. Jesusek bezala, 33 urte eta gero utziko du elizako jarduna berak ere.

Nolatan hasi zinen organoa jotzen?

Tiple bezala hasi nintzen, zazpi edo zortzi urterekin. Orduan ezagutu nuen organoaren soinua, eta barruraino iritsi zitzaidan. Ni sentimentala nintzen, eta une askotan nire lagunekin jolasean aurkitzen ez nituen sentsazioak sentitzen nituen organoa entzutean. Euskaldunek ez dakite sentimenduak agertzen, lehor hutsak dira, eta horrek amorrua eman izan dit beti. Ikastea okurritu zitzaidan. Etxean ezer esan gabe, Donato Aristi organista zaharrari galdetu nion ea erakutsiko al zidan, eta berak baietz. Hasi eta gero esan nion amari. Lehen gurasoek ez zuten gaur adina kontrolatzen umea. Organoak erlaxatu egiten ninduen, bakarrik egotearen plazera erakutsi zidan, eta tarteka neskatxaren bat etortzen zenean nire entsegua entzutera, amodio kantak jotzen nizkion. Musikarako dohain handiak nituela konturatu nintzen, eta hainbat gauza adierazteko tresna ona zela, hitzak iristen ez direnean musikak balio dezakeela, begirada batek bezala.

Zenbat urte zenituen orduan?

Bederatzi urterekin hasi nintzen organoa jotzen. Gu, garai hartan guztiak bezala, pobreak ginen, ez genuen pianorik etxean, eta Urrestillako organoan ikasi nuen zuzenean. Donatok pezeta bat ere kobratu gabe erakutsi zidan, bost urtez. Orduan esan zidan: "Nik nekiena erakutsi diat". Handik aurrera neure erara moldatu nintzen, esperimentatuz, inprobisatuz. Notak irakurtzen badakit, sol eta fa klabeak, baina inprobisatzen oso ongi moldatzen naiz. Apur bat gehiago ikasi banu, jazzeko pianista izango nintzen. Baina garai hartan Donostia urruti zegoen ikastera joateko. Ezin nuen gehiago egin izan. Hala ere, nahikoa lortu nuen baldintza txar haietan.

Zer dela eta utziko diozu organoa jotzeari orain?

Nire bizitzan ziklo bat itxi dela sumatzen dut; alor askotan, gainera. Norberak sumatu behar du noiz duen zentzua egiten duenak, eta noiz ez. Gure aurrekoetatik gauza asko jasotzen ditugu, zaletasunak, izateko modua, arau moralak, eta horien artean jakin behar da zer hartu, eta zer baztertu. Dena ez da balekoa izaten. Meza oso gauza antigoalekoa da. Ni saiatu naiz kantu modernoak jotzen; pasakalleak, Benito Lertxundiren baladak, boleroak, habanerak, baina azken urteotan eliza asko urrundu da gizartetik, eta herriak bizkarra eman dio. Eta ni, zer esanik ez, gertuago sentitzen naiz herritik, elizatik baino. Nik jarraipen luzea eman diot Urrestillako organistaren figurari; horretan euskaldun portatu naiz: euskaldunok badugu gure gauzei jarraipen luzea emateko kemena.

Urrestildarrek nola hartu dute erabakia?

Urrestillak 700 biztanle inguru ditu, eta 30 bat joaten dira igandero mezatara. Beraz, 30 horiek pena sentitu dute, musika ederra baita meza alaitzeko; askok adierazi didate esker ona. Lehengo igandean meza bukaeran txalo jo zidaten denek, eta oso polita izan zen; 33 urte iraun duen kontzertu baten bukaera markatzen duten txaloak izan ziren.

Nik abantaila bat daukat: ez naiz egoten lanaren emaitzen zain. Lana egiten dudan momentuan disfrutatzen dut, eta ondorengo guztia ez zait zipitzik inporta. Hala hasi nintzen organoa jotzen: inork esan gabe, neure erabakiz, eta hala utzi dut, inork esan gabe, neure erabakiz. Inor ez da ezinbestekoa mundu honetan.

Zure ordez beste norbait hasiko al da horretan?

Mailo arreba ari da ikasten. Soinua jotzen du, koruan hasi zen kantari duela hamar bat urte, eta poliki-poliki gehiago inplikatzen joan da; igande arruntetan zuzendari dabil, eta laster hasiko da organoaren teklak zapaltzen, organoari irrintziak ateratzen.

Dena den, elizak maila guztietan dauka arazo latza; ez dago ordezkorik. Jenderik ez da joaten, apaizik ez dago, koruetan gizonezkorik ez; organo-jotzailerik ez dagoela esaten da, baina laster horiek soberan egongo dira.

Duela 33 urte hasi zinen elizan organoa jotzen. Ordutik, ateo bat astez aste elizan sartuta... Ez al da bitxia?

Hori da kristau bat astero mitin marxista batera joango balitz bezala. Nik ez dut arazorik izan, oso garbi neukalako hasieratik ateoa nintzela. Meza antzezpen bat da, ipuin baten moduan funtzionatzen duena, eta nik soinu banda jartzen diot. Niretzat herrigintza modu bat izan da. Urrestilla herri txikia da, eta saiatzen da dauzkan baliabideak eta altxorrak mantentzen; bertsolariak, trikitilariak, kirolariak, tabernak zabalik, abesbatza, eta horren baitan elizako kontuak: Errege eguneko meza dotorea, sanjoanetakoa, abesbatza, organista... Beste gauza askoren artean, herriari ekarpen bat egiten ari nintzela uste nuen. Aspaldian, ordea, eliza pikutara doa; hutsik geratu da, leku guztietan bezala. Elizak ez du ulertzen gaurko mundua, eta gaurko munduak bizkarra eman dio. Herriarekiko lotura hori gabe organoa jotzeak ez zuen zentzu handirik niretzat. Elizaren etorkizuna ez da nire ardura; herriarena, bai.

Hainbeste urtez elizan organoa jotzen jardun ondoren, elizkoiago sentitzen al zara?

Alderantziz. Elizak egiten dituen tranpa guztiak ezagutzen ditut. Ezetz asmatu igandero 70 urtez elizara doan batek zenbat aldiz esaten duen "sinesten dut"? 87.000 aldiz. Baina, hala ere, hiltzeko beldurrez daude denak. Hor badago funtzionatzen ez duen zerbait. Edo sinesten duzu, eta ez duzu hiltzeko beldurrik, edo hiltzeko beldurra duzu, ez duzulako zipitzik ere sinesten.

Eliza oso arriskutsua da, gerraren alde dagoelako. Eta gerrak ez dira bakarrik armekin egiten. Gerra handienak gure barruan gertatzen dira. Eta hori bilatzen du elizak gugan: erruduntasun konplexua sartzen dizu, eta ez dizu bizitzen uzten, berak nahi duen bezala ez bada. "Ni naiz bidea, ni naiz egia", diote apaizek. Jarrera hori ez da batere samurra, gizartean jende asko bizi garelako. Horrekin esan dute gu, besteok, oker gaudela. Hori ez da gizakien lagun izatea, ez da umildadea, harropuzkeria baizik. Egia indibiduala da beti; kolektibo egiten denean dogma bihurtzen da. Eta dogmak ez dizu bizitzen laguntzen.

Ni horretatik libre nago, eta lasai asko esaten ditut nire gogoetak. Beldurrez bizitzea oso txarra da. Eta Elizak ez daki, beldurrarekin ez bada, bere mezua transmititzen. Horregatik gizarteak bizkarra eman dio. Beldur berriak daude gizartean, baina Elizaren beldurra zaharra da; jada ez du inor engainatzen.

Anekdota asko izango dituzu, ezta?

Pila bat ditut. Aberri Egun batez emakume edadetu batek eskatu zidan ea meza bukaeran, jendea ateratzen ari zela, Gernikako arbola joko nuen. Bera abertzalea zen, gerra galdu zutenetakoa, gerra ondoren asko sufritu eta agoantutakoa, eta hura zen bere mendekua, musikaren bidez irabazleei adieraztea garai berri bat heldu zela. Gustora jo nuen. Aurretik hogei duro emanak zizkidan. Gabon batzuetan, bestalde, Mesias sarritan jo behar nuen Beizaman, baina Urrestillan ere behar zuten partitura, eta organistak eman zidan partitura zahar-zahar bat. Meza jota, ordea, Vespan Beizamatik behera nijoala, kakalarria etorri zitzaidan. Pinudi batera sartu eta zerekin garbitu? Mesias-en partiturarekin. Organista zaharra ez zen enteratu, baina koruko zuzendariak bronka ederra bota zidan, partitura hark ehun urte baitzeuzkan, inkunable bat zen ia. Beizamako hamaiketakoaren errua!

Urrestillatik kanpo ere aritu al zara organoa jotzen?

Inguruko herritan askotan aritu izan naiz. Beizaman hasi nintzen jotzen, 15 urte nituela. Vespan joaten nintzen, meza jo, hamaiketakoa ordaintzen zidaten, eta etxerakoan Beizamako paisaia ikusgarriei begira geratzen nintzen. Niretzat abentura zen.

Beste musika tresnarik jotzen al duzu?

Musika tresna asko jo izan ditut, ondo bat ere ez, baina beti lagun artean gozatuz: saxoa, flauta, ahoko-soinua, gaita, konzertina, melodika...

Zer du organoak bereizgarri?

Munstro bat da organoa. Bi eskurekin eta bi oinekin jotzen da, soinu anitzez betetako errejistroak dauzka; orkestra bat daukazu eskuetan. Dauzkan nota baxuak oso-oso baxuak dira, eta hezurmuineraino sartzen zaizkizu. Inora eraman ezin duzun tresna bakarra da, zeuk joan behar duzu harengana, eta elizek sekulako akustika ona daukate. Baina bakarrik jotzerakoan, zeuretzat, gozatzen da gehien.

Zer izan da zuretzat Urrestilako elizan organo-jotzaile aritzea?

Nolabait herriaren ordezkari bihurtzen zara postu horretan. Atzo Donostian emakume batek geratu ninduen, ni ezagutzen ninduela esanez, telebistatik-edo... Zalantzan zegoen, eta bat-batean atera zitzaion: "Badakit! Zu Urrestillako organista zara!". Harreman sentimental bat ere egiten duzu mezatara doan jendearekin, eta inguruko herrietakoekin; hala nola Beizama, Matxinbenta, Nuarbe eta Aratzerrekakoekin. Jesusen figura ezagutzen ere lagundu dit, eta Elizak Jesusekin burutu duen manipulazioa oso interesgarria da gure gizarte hau funtsean ulertzeko.