Esne makina azoka plazaren kanpoaldean

Uztarria.eus 2011ko ira. 20a, 19:09
Ezkerretik eskubira, Joxi Azpillaga, Manuel Labaka, Ainhoa Beristain, Leire Etxeberria, Inaxio Gorosabel eta Eneko Etxeberria, esnearekin topa eginez.

Errezilgo Añoi baserriko esnea salduko dute bertan, Sanjuandegiko Eroskin bezala

Azkoitian eta Zestoan ere jarri dituzte makinak

Azpeitian esnea saltzeko bigarren makina martxan da. Azoka plazaren kanpoaldean jarri dute, prentsa kioskoaren ondoan. Errezilgo Añoi baserriko esnea salduko dute bertan, Sanjuandegiko Eroskin bezala.

Azpeitiko bigarrena eta eskualdeko laugarrena da azoka plazaren ondoko makina, Azkoitian (azoka plazan) eta Zestoan ere (udaletxeko arkupetan) esnea saltzeko makinak jarriak baititu Añoiko Joxi Azpillagak.

Azoka plazaren kanpoaldeko makinaren inaugurazioa egin dute gaur eguerdian eta han elkartu dira Azpillaga bera, Urkomeko Manuel Labaka, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Leire Etxeberria Zestoako alkatea, Azkoitiko Udaleko zinegotzi Inaxio Gorosabel eta Azpeitiko Udaleko zinegotzi Ainhoa Beristain. Herritarrok inguruko baserri eta ekoizleen produktuak kontsumitzearen garrantzia nabarmendu dute Urkomeren (Urola Kostako Landa Garapeneko Elkartea) eta udalen ordezkariek, eta esne makinena bezalako ekimenak ildo horretan kokatu dituzte, bertako produktuen salmenta zuzena bultzatzeko. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak baserritarrak horrelako ideien bidean jarraitzera "animatu" ditu, "Udala hor" izango dutela esanez.