Gaur epaituko dute Xabier Etxeberria 'Txapi' Auzitegi Nazionalean

Uztarria.eus 2011ko ira. 29a, 12:09

Luis Mariñelarena Gartziandia eta Roberto Lebrero Panizorekin batera epaituko dute, 2001ean Lakuntzako Universal diskotekan lehergailua jartzea egotzita

Etxeberriaren senide eta lagun taldea Madrilera joan da azpeitiarrari babesa ematera

Azken ordukoa (15:45): Etxeberriak atentatuan ez zuela parte hartu esan dute Mariñelarenak eta Lebrerok

Gaur goizean, hilak 29, epaituko dute Xabier Etxeberria Txapi preso azpeitiarra, Luis Mariñelarena Gartziandia eta Roberto Lebrero Panizorekin batera, ustez 2001eko irailaren 27an Lakuntzako Universal diskotekan lehergailua jarri zutelako.

Fiskalak 29 eta 38 urte bitarteko kartzela zigorra eskatzen du hirurentzat.

Etxeberriaren senide eta lagunak Madrilera joan dira azpeitiarrari babesa ematera. Gaur goizaldean 20 bat lagun abiatu dira Madrilerantz.

2003ko urtarrilean atxilotu zuten Etxeberria Jabi Agirre azpeitiarrarekin batera, Frantzian. 2009ko maiatzean Espainiaratu zuten Etxeberria eta, egun, Teruelen (Espainia) dago preso, 462 kilometrora.

Azken ordukoa (15:45): Etxeberriak atentatuan ez zuela parte hartu esan dute Mariñelarenak eta Lebrerok

Lehergailuak hirugarren lagun batekin jarri zituztela esan dute, baina hura ez zela Etxeberria, eta azpeitiarrak ez zuela atentatuan parte hartu.

Mariñelarenak eta Lebrerok atxilotu zituztenean Espainiako Poliziaren aurrean egindako deklarazioetan oinarritu du Fiskaltzak Etxeberriaren kontrako akusazioa -38 urteko kartzela eskatzen du berarentzat-. Baina bi horiek auzitegian azaldu dute, inkomunikazio aldian eta torturapean egindako deklarazioak direla. "Beren borondatearen kontra" egin zituztela, eta haietan jasotzen dena ez dela egia. Horrenbestez, Etxeberria libre uzteko eskatu du defentsaren abokatuak.

Saioa amaitu da Madrilgo Auzitegi Nazionalean eta epaiketa epaiaren zain gelditzen da.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra). Cordobako (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 780 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi). Soto del Realean (Espainia) preso, 420 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, eta 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten.
- Jabi Agirre. Sevilla II (Espainia) preso, 957 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduan Espainiaratu egin zuten.
- Joseba Segurola. Nanterren (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.
- Josu Urbieta. (Pow). La Santen (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2010eko ekainean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Iñaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org