Mikel Aranburu: "Derbi asko jokatu arren, inoiz ez da gehiegi izaten"

Berria 2011ko ira. 30a, 19:09

Athleticen kontrako partidaren bezperetan elkarrizketa egin diote Berria-n Realeko kapitainari

"Kanpoan sortzen den giro jatorra aipagarria da, mantendu beharrekoa", dio Aranburuk

Nekez imajina liteke euskal derbirik Mikel Aranburu gabe (Azpeitia, Gipuzkoa, 1979). Ligako hamabost partida jokatu dituelako zuri-gorrien aurka azken hamar urtean. Inork baino gehiago. Ez da horrekin nahikotu ordea. Ez da ase. Urteko neurketa polit, garrantzitsu eta berezienetakoa baita. Bizio osasungarria.

Antzeman al duzu entrenamenduetan edo kaleko giroan neurketa berezi baten atarian zaudetela?

Zalantzarik gabe. Ez da neurketa arrunta, beste guztien moduan hiru puntu egonagatik jokoan. Era berean, kontuan izan behar da hurrengo asteburuan ez dagoela liga jardunaldirik, eta beti izan ohi da garrantzitsua emaitza on batekin iristea geldialdira. Neurketa garrantzitsu eta berezia da.

Politena ere bai?

Politenetakoa bai, eta ez soilik zelaian bizitzen denagatik. Kanpoan sortzen den giro jatorra aipagarria da, mantendu beharrekoa. Guk, noski, gure esku dagoen guztia egingo dugu garaipena etxean geldi dadin.

Athletic ez omen dago sasoiko.

Goizegi da sailkapenari jaramon egiteko. Hasi besterik ez gara egin. Seigarren amaitu zuten aurreko sasoia, eta aurreneko puntu horiek ez dute zehazten multzoaren benetako balioa. Jardunaldien arabera gorantz egingo dute, ziur.

Oraintxe bertan ez dago zuk baino eskarmentu handiagorik duenik derbietan.

Zaharrenetakoa ere ni izango naizelako, Igor Gabilondo eta Joseba Llorenterekin batera [ barrez ]. Adin berekoak gara. Hainbat eta hainbat derbi jokatzeko aukera izan dut, baina inoiz ez da gehiegi. Hurrengoan lehiatu eta irabazi nahi izaten da beti. Aurrekoetan gertatutakoak, gainera, ez du eraginik izaten hurrengo norgehiagokan.

Zein derbi da sekula ahaztuko ez duzuna?

Emaitza baikorrak lortutakoak ditut gogoan, edo norberak golen bat sartu duen hori. Urrutira joan gabe, joan den denboraldiko Anoetako hartatik oso oroitzapen ona daukat.

Bi neurketa baino ez zaizkizu geratzen 400.a jokatzeko. Zenbakiei erreparatzen al diezu?

Pixkanaka etortzen den kontua da. Badakit 300.a pasa nuela eta orain 400. partidatik gertu nagoela. Baina datu horiek zaintzeari baino askoz ere garrantzi handiagoa ematen diot eguneroko lanari edo asteburura behar bezala prestatuta iristeari. Zenbakiak zeharka iristen zaizkit. Gehienetan kazetariren batek gogorarazita. Ni igandeko lehian baino ez naiz ari pentsatzen.

Hainbeste urteren ondoren, motibazioa piztu beharrik bai?

Bigarren Mailara jaitsi aurreko denboraldia eta hurrengo biak benetan txarrak izan ziren. Klubarentzat eta jokalariontzat oso gogorrak. Azkeneko biak, berriz, nahiko politak izan dira; bai igoera urtea, baita lehen mailarako itzulera ere. Orain, gozatzen ari naiz. Gauzak zuzenago egin nahi izaten dira beti, baina eguneroko martxarekin ongi pasatzen dut. Bigarren Mailan lehiatzea zer izan den ezagututa, ez da motibazio berezirik topatu behar Lehen Mailan jokatzeko.

Jaitsierak oraindik min ematen al dizu?

Ez daukat ahaztuta. Gauza on eta txar guztiak gogoratzen diren moduan. Hiru urte pasa genituen zuloan, eta esperientzia horrek ez lasaitzeko, ez lo hartzeko eta aurkari guztiei errespetua izateko balio behar digu. Lehen Mailako talde gehienen artean parekotasuna handia baita.

Aldagela barruan inoiz negar egin al duzu?

Bai, noski. Jaitsiera gauzatu zenean, Mestallan. Gerora, Celtaren kontra peronea hautsi nuenean ere gorriak ikusi nituen [ Lilloren garaian izan zen hori, 2009ko maiatzean ]. Beste ebakuntza baten arriskua ikusi nuen, denboraldia amaitu zitzaidala, igotzeko aukerak ia-ia ezerezean gelditu zirenÂ… Hori dena pilatu eta gainera etorri zitzaidan. Momentu latza izan zen niretzat.

Hezur hausturak aipatzen hasita, Oriol [ Racingeko atzelaria, sarrera basatia egin zion hura] jarri al zen zurekin harremanetan?

Bai, bai. Ea zer moduz nengoen galdetzera etorri zitzaidan partida amaitu bezain pronto. Gerora ere deitu izan dit. Azpeitira etortzeko bere burua ere eskaini zuen. Nik esan nion ez zegoela horretarako beharrik. Alde horretatik, ez daukat kexarik. Uste dut portaera txukuna izan zuela.

Anoetak ezberdin usaintzen al du Lehen eta Bigarren Mailan?

Giroa ezberdina da. Jarraitzaile kopuru garrantzitsua bildu izan da behean igaro ditugun urteetan. Esan beharrik ez aurkariek erakargarritasun gutxiago zutela. Hori bai, ikusi dugu ilusioa piztean sekulako erantzuna ematen duela realzaleak. Joan den denboraldian ere oso sarrera onak izan ziren, eta sasoi honetan, oraingoz, Anoetara gogotsu doazen irudipena daukat. Gazteak ikusteko pizgarriarekin doaz; itxaropena sortu du horrek, eta haien erantzunarekin benetan pozik gaude.

Jarraitzaileentzat ez ezik, zuretzat ere akuilu izango dira gazteak...

Bai, bai. Jokalari gazteek freskotasuna ekartzen dute, gogo berezia futbolean euren txokoa egiteko, lehen taldean gelditzeko. Eta hori eguneroko martxan nabari da. Aurreko denboraldietan ere harrobiko askok egin duenez gora, giro freskoa dago aldagela barruan.

Horiek ispilutzat zauzkate. Halakoak entzutean zer pentsatzen duzu?

Hamar urtetik gora daramagunokin gertatzen da. Gazte hauek hasi zirenean, gu lehen taldean jokatzen hasiak ginen. Niri ere gauza bera gertatu zitzaidan gora igotzean. Anoetan edo telebista bidez ikusten dituzun horiekin batera egotea berezia da hasieran, baina hortik aurrera ez da beste munduko ezer.

Zuk nor izan zenuen erreferentziatzat, ba?

Bat baino gehiago izan nituen. Esaterako, Aitor Lopez Rekarte. Beheko taldean elkarrekin ibili ginen, eta gu baino lehenago eman zuen pausoa hark. Hori bakarrik ez, jarraipenez jokatzen hasi zen. Gertukoena momentu hartan bera izan nuen. Hura jokatzen ikustea, maila onean gainera... bidea erakutsi zidan.

Xabi Alonso-Mikel Aranburu. Talde azpitxapeldunaren zelai erdia. Hark hegan egin zuen, oso gora egin ere, eta zuk, berriz, hemen gelditzeko nahia erakutsi duzu beti. Horren damu al zara?

Nik ezin dut neure burua Alonsorekin konparatu, inolaz ere. Talde handi bat etorri zen haren bila, eta orain punta-puntako beste batean ari da. Norberak bere bidea egin ohi du, eta nik ere neure erabakiak hartu behar izan ditut zenbait unetan. Esan dezaket oso gustura hartutakoak izan direla, hemen jarraitu nahi izan dudalako beti. Alde horretatik, ez daukat inolako damurik edo inbidiarik beste batzuen ibilbidea ikusita.

Beste ligaren bat ezagutzeko irrikak ez al zaitu sekula zirikatu?

Nola moldatuko ote nintzatekeen galdetzen diot neure buruari. Jakinmina pizten zaizu. Balantza batean jartzean, ordea, nik beti garrantzi handiagoa eman diot Realean geratzeari; gauza on gehiago ikusi dizkiot, eta kontratua berritzea iritsi den bakoitzean ez dut zalantza txikiena izan.

Taldea uztetik gertu izan al zara noizbait?

Ez, ez, gertu sekula ez.

Kontratua berritzea diozu. Fase horretan sartuko zara laster.

Sasoia luzea da oso. Denboraldia amaitzerako 33 urte izango ditut, eta azken sasoietan esan izan dudanari eutsiko diot oraingoan ere: urtez urte ikusi beharreko kontua da. Zentzu horretan, normala iruditzen zait klubak presarik ez izatea, are gehiago behetik erdilari onak datozela jakinda. Ez diot buelta gehiegi ematen. Urteetako esperientziak erakusten du denbora tarte laburrean gauzak erabat alda daitezkeela. Maiatzera arte hilabete asko geratzen dira. Egia esateko, nire burua ez dut estutu gai horrekin. Derbian baino ez naiz ari pentsatzen, eta, astea joan astea etorri, hurrengo neurketan jarriko dut gogoa.